David Trimble

Ostiral Santuko Akordiorako ezinbesteko pieza

Ipar Irlandako buruzagi unionista hil da, 77 urte zituela. Bakearen Nobel saria jaso zuen John Humerekin batera, eta bake itunaren osteko lehen gobernuburua izan zen.

CUAHTEMOC MORENO / EFE.
ander perez zala
2022ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Bake negoziazioen eta akordio baten aldeko apustua eginda, David Trimble ezinbesteko pieza bilakatu zen Ipar Irlandan gatazka armatua amaitzeko prozesuan. Ipar Irlanda sortu zutenetik Sinn Feinekin negoziatzea onartu zuen lehenengo buruzagi unionista izan zen, baina solasaldiek iraun zuten zortzi hilabeteetan inoiz ez zuen aurrez aurre hitz egin Gerry Adams errepublikanoarekin; eta, hala ere, harekin ados jartzea lortu zuen. Konpromisora ausartu zen, eta Trimblek berak bere ibilbide politikoko «arrakasta handientzat» jo zuen bakea finkatu zuen ituna.

UUP Ulsterko Alderdi Unionistak ohar baten bidez jakinarazi zuen, atzo, buruzagi unionista zena «gaixotasun labur baten» ondorioz hil zela; 77 urte zituen. Trimble 1995ean izendatu zuten UUP indar politikoko lider, eta Ipar Irlandako bake negoziazioetan parte hartu zuen buruzagi unionista nagusia izan zen. Elkarrizketa horietan lorturikoari esker, Bakearen Nobel saria jaso zuen 1998an, SDLP Alderdi Sozialdemokrata Laboristako John Humerekin batera.

Deigarria izan zen jarrera aldaketa hori, gaztea zela antzeko saiakera baten kontra agertu baitzen: 1973ko Sunningdale Akordioa. Bost urte geroago sartu zen UUP alderdian, baina Belfasteko Queen's Unibertsitatean lanean jarraitu zuen akademiko gisara, 1990ean Erresuma Batuko Komunen Ganberarako diputatu aukeratu zuten arte; une horretan, politikan erabat sartzea erabaki zuen.

Besteak beste, ezagun egin zen Drumcree gatazkarengatik: 1995ean, DUP Alderdi Demokratiko Unionistako buruzagi Ian Paisleyrekin batera gidatu zuen Orangeko Ordenaren desfile bat, Portadownen, nahiz eta herri horretako katolikoak horren kontra agertu ziren, haien auzo batzuetatik pasatu behar zelako.

Finean, Trimble unionismoaren sektore gogorrenean hasi zen, eta, azkenean, unionismoa errepublikanoekin batera bake akordio bat sinatzera eraman zuen; horri esker, botere partekatuko sistema ezarri zuten.

Bake itunaren ondoren, Ipar Irlandako lehen ministro izendatu zuten, eta 2001eko hauteskundeetan gutxigatik eutsi zion gobernuburu karguari. 2002an, dimisioa eman zuen postu horretatik, eta, 2003ko bozetan, Paisleyk aurrea hartu zion; gerora, 2005eko Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozetan jarlekua galdu ondoren, dimisioa eman zuen UUPko buruzagitzatik. 2006tik Lorden Ganberako kide zen, eta 2007an utzi zion Ipar Irlandako Asanbleako diputatu izateari.

Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadoreko kide egin zen, eta, azken urteetan, Israelen aldeko lobby lanean ibili da Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak sortu zuen Israelen Lagunak ekinbideko kide gisa, eta brexit-eko erreferendumean Europako Batasuna uztearen alde egin zuen kanpaina.

Bakeagatik oroitua

Irlandako politikariek bakea lortzeko lanagatik goraipatu zuten, atzo, buruzagi unionista izandakoa.

Doug Beattie UUPren egungo buruzagiaren arabera, Trimble «politikari adoretsu bat» izan zen: «Bakerako aukerari heltzea erabaki zuen [...]. Betiko lotuko dute Belfasteko Akordiora eraman zuten negoziazioetan erakutsitako buruzagitzarekin».

Adamsek, berriz, atzo oroitarazi zuen Trimblek «erronka handiei» egin ziela aurre UUP negoziazio mahaira eraman eta bakea sinatzeko konbentzitu zuenean, eta horregatik eskerrak eman zizkion berriz ere: «Ez da gutxietsi behar Davidek Ostiral Santuko Akordioa eta mende laurdeneko bake erlatiboa lortzeko egindako kontribuzioa».

Michelle O'Neill Sinn Feinen presidenteorde eta alderdiaren Ipar Irlandako buruzagiak ere goraipatu zuen Trimble 1998ko negoziazioengatik, eta esan zuen hark eta haren familiak «harro» egon beharko luketela utzi duen legatuarengatik.

Erresuma Batuaren Ipar Irlandako ministro Shailesh Varak, aldiz, «bakearen defentsagatik» oroitu zuen buruzagi unionista zena, eta, Erresuma Batuko Gobernuaren izenean, esan zuen lidergoa erakutsi zuela bake elkarrizketetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.