Itsasotik dator ufada

Sorgailu eolikoen arloan diharduten euskal enpresek berretsi dute beren sektorea goraka ari dela. Dena den, energia krisiak prozesu horri eragingo diola uste dute.

Energia eolikoaren inguruko 8.000 profesionaletik gora pasatu dira Euro Wind azokatik. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun

Baikortasuna eta zuhurtzia, hori da energia eolikoaren sektoreak egunotan darabilen mantra. Ideia kontrajarriak dirudite, baina biek Ukrainako gerrak areagotu duten energia krisian dute iturburua. Energia egarriak iturri propioen sorrera bultzatuko du, eta litekeena da berriztagarrien aldeko apustua bizkortzea. Sektoreko enpresa askok, baina, lehengaiak eta energia asko behar dituzte, eta orain garai zailak dira haientzat. «Hurrengo bi urteak ez dira hain onak izango. Prezioak doitzen ari gara guztiok, baina nik uste dut gero enpresa handiek berriztagarrien azeleragailua sakatuko dutela. Krisi honetatik irteten denak jokaleku ona aurkituko du». Iragarpena Ibon Gomez Laulagun errodamendu etxeko salmentaburuarena da.

 

Euro Wind azokan erakustokia jarri duen euskal enpresetako bat da Laulagun. Olaberrian (Gipuzkoa) du lantegia, eta aerosorgailuek paletan eta turbinen azpian dituzten errodamenduak ekoizten ditu. 1998an murgildu zen sektorean, Vestasek Nafarroako Erreniega mendian bultzatu zuen egitasmoan, eta egun ekoizpenaren %85 bideratzen du eolikora. Epe oso motzera zuhurtziaz mintzo da Gomez, baina burua altxatuz gero 2030. urtea mugarria izan daitekeela uste du. «Europako eta Indiako merkatua ezagutzen dugu, eta igoera handia espero dugu. Apustua, gainera, argi dago: itsas zabaleko sorgailuak».

BEC erakustazokan izan da Euro Wind, eta Gomezek arrakastatzat jo du. Sektorea nola dagoen neurtzeko abagune aproposa: «Bilera onak egin ditugu. Jende asko eta garrantzitsua egon da, erabakiak hartzen dituztenak». Euro Wind bigarrenez antolatu da BECen, eta Gomezek gustura hartuko luke hirugarrena hurrengo urtean.

Oier Sarasolak ere bere egiten du uste bera: etorkizuna itsas zabalean dago. Eolikoen sektorea hainbat enpresaren kate luze bat da, eta Sarasolak Irizar Forgen ordezkari gisa egon da BECen, Lazkaon (Gipuzkoa) lantegia duena. Kakoak ekoizten dituzte, 1.600 tonari eusteko gai diren garabi kakoak. Era berean, metalezko loturak ere ekoizten dituzte, ezinbestekoak sorgailu flotagarrien ainguratzean. Horien gorakada bat aurreikusi du: «Enpresek gero eta ahalmen handiagoko kakoak eskatzen dizkigute. Sorgailu eolikoen tamaina handituko den seinale».

Baikorra da epe ertainera, BECen trantsizioaren arrastoa sumatu duelako: «Gasaren eta petrolioaren sektorean diharduten jokalari guztiek dute interesa berriztagarrietan. Arduradunak hemen ikusi ditugu». Dena den, ez uste lauzpabost urteko kontua izango denik; haren ustez, epe horiek baikorregiak dira: «Merkatuak dio 2030erako sorgailu eolikoak ezartzeko gai diren 100 itsasontzi erraldoi beharko direla munduan», iragarri du. Eta horiek garabiak dituzte, eta kakoak.

Eta argindarra?

Ormazabal etxeak osagai elektrikoak ekoizten ditu. Ekoizpenaren %30 inguru datorkio berriztagarrietatik. Zamudion du egoitza, eta lantegi bat du Boroan eta beste bat Igorren (Bizkaia). Ekoizle handi guztiekin egiten du lan: Vestas, Gamesa... Arlo elektrikoan diharduen beste euskal katebegi bat da. «Dorreak elkarri lotuta daude, eta gure gailuek babestu egiten dituzte. Baten batean gehiegizko karga pilatuko balitz, etena egiten dute, kalteak zabal daitezen eragotziz», azaldu du Fernando Gonzalez marketin arduradunak.

Urtez urte handitzen ari da Ormazabalek berriztagarrietan duen negozio eremua. 1990eko hamarkada amaieran hasitako joera mantentzen ari da, eta beste adituekin bat egin du: «Antzematen ari da etorkizuna sorgailu flotagarriak direla». Halako azpiegituretan alor elektrikoaren fidagarritasuna da buruhauste nagusietako bat, baina Gonzalezek bere produktua defendatu du: «Prest gaude: badakigu nola babestu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.