Mendiko suek bazter andana hartu dituzte azken egunetan. Aurten, ohiz kanpoko su kopuruak ikusi dira bereziki Nafarroa Beherean eta Zuberoan, iazko aro txarrak kasik ez baitzuen ahalbidetu surik piztea. Ohidura zaharra izanagatik, azken urteetan praktika horien kontra mintzo den Su Aski kolektiboaren argumentuek oihartzuna ukan dute aurten ere.
Ipar Euskal Herrian mendian sua piztu nahi duenak herriko etxeari baimen eskaera bat egin behar dio; tokiko batzorde batek aztertzen du, eta auzapezari oniritzia ematen dio. Baimena ukan duenak sua pizten duen egunean Polizia, suhiltzaileak eta auzapeza deitu behar ditu, jakin dezaten noiz eta non abiatzen diren suak.
«Aurreko asteko asteartean aro bikaina zen; 500 dei inguru jaso genituen. 290 bat su piztu ziren azkenean», esplikatu du Arnaud Kurutxet mendiko suen ardura duen suhiltzaile komandanteak. Urriaren 15etik eta martxoaren 30era zerbitzua indartzen badute ere, ez dira aurtengo erritmoarekin denera heltzen. Hobe, nonbait, suhiltzailearen ustez: «Horrek berez erregulatzen du su kopurua. Asteartean, 290 surekin, hemezortzi esku hartze egin genituen. Usu suaren arduradunarekin mintzatu, itzaltzen lagundu, eta afera plegatua da. Arras ezohikoa da sute bat abiatzea».
Sarako (Lapurdi) Ibanteli mendian gertatu zen, halere, orain bi aste: 190 hektarea oihan joan ziren ketan. Herriko auzapezak salaketa ezarri zuen «sute kriminalak» izan zirela erranez. Departamenduko suhiltzaileen arduradunaren ustez, baimenik gabeko su horiek kalte egiten diote mendiko suen famari: «Laborari anitzek prozedura segitzen dute, eta domaia da su basa horiek mendiko suen fama txartzen baitute». Haren erranetan, geroz eta gutxiago dira, baimenik gabeko su pizleei isun eta zigor handiak ezartzen zaizkielako.
Etienne Arotzarena Su Aski taldeko kidearen erranetan, baimenak ez dira aski suak kontrolatzeko, eta osasunaren argudioa ere aipatu du: «Kea arnastea ez da ona; hori denek dakigu, eta ke horiek mikro partikulak botatzen dituzte. Jartzen duzu mahai bat baratze batean, eta handik ordubetera eskua pasatzean ohartuko zara birikek zer irensten duten. Irudi zaigu, halere, osasun publikoarekin zerikusia baduela».
Aterabideak eskas
Su Askiko bozeramaileak berak aitortu du suaz aparteko aterabideak garestiegiak direla. Kolektiboak antolatu egun berezi batean aurkeztu zuten, adibidez, gune lanjerosetara ere igor daitekeen robot bat; baina oraingoz sobera garestia da, Arotzarenaren arabera. «Ongi ikertuz, baina, aterabide batzuk atzematen ahal dira. Laborarien esku utzi behar da egingarria zer den edo ez den, baina borondatea behar da».
Kolektiboaren ustez, gainera, toki guztiek ez dute merezi garbituak izatea: «Bioaniztasunari ere tokia utzi behar zaio». ELB sindikatuko bozeramaile Panpi Sainte Mariek ez du baztertzen «hain emankorrak edo baliagarriak ez diren» gune batzuk oihanari uztea. Baina hamar bat urtez Zuberoako herri batzuetan ikusiarekin ziurtatu du oihanak segidan gaina hartzen duela mendia garbitzen ez bada: «Kabalak igorriz ere, ez baldin bada sua edo mekanika baliatzen, oihanak segidan hartzen ditu bazterrak». FDSEA sindikatuko Ipar Euskal Herriko buru Patrick Etxegaraik gehitu du sua logika batekin baliatzen dela: «Sekula ez dute laborariek mendi guztia errearazten. Aldizka egiten dute: lehenik, patar bat; gero, beste bat... Badakite nola egin behar den».
Su Askik, aurtengo su kopuru handia aipatzean, iraganeko jardunbideak oroitarazi ditu: «Urtero egin ordez, lehen bospasei urtetatik egiten ziren, eta zati txikiago batzuk, ongi aukeratuak». Horrekin ez da ados Etxegarai: «Mendiak bospasei urtetarik garbitzen baldin badira, gero alimaleko suteak egiten dira; hori ez da soluzioa». Portugalen edo berriki Korsikan izan direnak «ez baditugu ikusi nahi», mendiko suak beharrezkoak dira, FDSEAko buruaren ustez. Ohartarazi du garbiak diren lurretan sua ez dela aise kurritzen.
Suen kontrako argudioetan, lurraren higadura ere bada. «Ur zaparrada handiak erortzean lurra gehiegi lehortua bada, urak du lurra eramaten uholde eta beste eraginez». Hori hala dela ez du ukatu Sainte Mariek: «Sasoi hauetan ez da euri gaitzik. Erre diren lehen guneetan lehen landareak ateratzen hasiko dira, eta horiek lurra geldiaraziko dute. Higadurarik ez da izanen».
Arotzarena jakitun da suarekin mendiak garbitzea aspaldiko ohidura dela, baina uste du laborantza garatu den ber gisan hori ere ikertzeko garaia dela. Baina mendiko suek estatuaren onarpena badute. Su Askik igorri gutunari erantzunez, prefetak erran zuen suak ezinbestekoak direla «mendiaren zaintza lanetarako eta artzaingorako».
Laborariak ere ez ditu konbentzitu Su Aski-k. Sortu eta bi urtera, kolektiboaren argudioek ez dituzte, itxura guztien arabera, su egileak hunkitu. Eztabaida eta elkarrizketak izan direla azaldu du FDSEAko bozeramaileak. Etxegarairen ustez, orain ez da mintzatzeko momentua: «Sasoia bukatzean eginen dugu bilana, baina gauzak bero direno eta denak inkiet direno, ez da momentua».
Sainte Marie ELBko ordezkariak, berriz, uste du azalpenak bereziki herritarrei eman behar zaizkiela: «Esplikatu behar da urte berezia zela, eta mintzatu behar da herritarrekin, esplikatzeko bazterrak suak eta hazkuntzak moldatuak dituela. Gudu bat bezalakoa da; naturak hartzen du laborariak uzten dion lekua».
Suhiltzaileek mendiko suen sasoia bukatzean —martxo hondarrean, zerbait gorabehera— eginen dute aurtengo bilana. Mendia garbitzen dutenek argi dute aspaldiko datu handienak izanen direla, baina heldu den urtean gutxiago erre beharko dutela.
Ehunka hektarea baso erre ditu suak
Mendiko suak, eztabaidan
Aroa lagun, mendiko su anitz egin dira aurten. Gehienak zorrozki arautuak izanik ere, Su Aski taldearen ustez handiak dira eragiten dituzten kalteak. Laborariak ez dira ados.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu