Inaki Galdos
ARKUPEAN

Xiberta

2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Komunitate politiko orok gordetzen ditu bere barnean hainbat gertaera gogoangarri, hainbat une garrantzitsu, denbora pasa ahala memoria kolektiboa eta talde identitatea ezartzen laguntzen dituztenak. Haatik, euskal abertzalegoak komunitatea osatzen duela esaterik baldin badago, nekez aurki dezakegu horrelakoren bat. Horretan ere bereziak izan behar.

Larrazabal txakolindegiko diskurtsoa edota lehenengo Aberri Eguna aipatuko dute batzuek; baita Agirre lehendakariaren aukeraketaren eguna ere. Lizarra-Garaziko akordioen eguna, Askatasunaren Ibilaldia, Txabi Etxeberrietaren heriotza... ez dira gutxi boteprontoan bururatzen zaizkigunak beste askorentzat mugarri izan daitezkeen artean. Baina, arrazoiak arrazoi, ez da erraza abertzaleen baitako familia guztiek erreparorik gabe onartuko luketen pare bat aukeratzea. Ezta Xibertako bilerena ere.

Irakurketa berriek —eta hauek bultzatutako lekukotza zaharragoen berrikusteek— eraman naute Xibertara, hainbat lekukotza zuzenek lagunduta. Burututako bidaian, ondorio garbi bat: arrakala handitzen doa 1977ko apirila eta maiatzean izandako bileren inguruan egiten diren irakurketen artean. Galdutako aukera historikoa izan zela berrestetik Angeluko hotel hartakoa gutxiestera dagoen zatia oso handia baita orduko protagonisten ahotan entzuteko.

Madrilera eginbehar berrietara joan aurretik Argalaren biografia utzi digu idatzia Mertxe Aizpuruak. Porrot mingotsa izan zela diosku usurbildarrak gaiari eskaini dion kapituluaren izenburutik hasita. Bide batez, ustez pistola batekin gertatu (ez) zen istorio ospetsuaren inguruko argitasunak ere ematen ditu. Normala denez, Argalak bilera haietan jokatutako paperaren berri ematen zaigu batez ere liburuan, baina oso garbi geratzen da Xibertari liburuan zehar ematen zaion garrantzi historikoa.

Batek espero zuena baino toki gutxiago eskaintzen dio Xibertari Pako Sudupek Telesforo Monzoni buruz idatzitako biografia gomendagarrian, baina hemen ere abertzaleen batasuna lortzeko ahaleginean izandako porrota azpimarratzen da. Jakina denez, bilera haietan Yoyesek jasotako aktak Mirentxu Purroy kazetariak zaindu zituen urte luzez eta 2011n Anai Arteak argitaratutako liburu batean gizarteari ezagutarazi. Purroy ere izan zen Xibertan —ez polemikarik gabe— eta aipatutako liburuan ematen duen testigantza oso gogorra da han ikusitako zenbait gauzarekin. Besteak beste, bilera haietako hainbat kideren gorrotoa eta handiustea aipatzen ditu eta zenbait erakundek bidali zituzten ordezkarien aukeraketa desegokia. Iritziak iritzi, bai Iruñeko kazetariak eta bai Anai Arteak Xibertakoari liburuaren bidez ematen dioten garrantzi historikoa izugarria da.

Beste ikuspuntu bateko jende asko ere badago, ordea. Elixabete Garmendiari eskainitako elkarrizketa liburu mamitsuan Xibertakoa «totum revolutum» bat izan zela esaten du Carlos Garaikoetxea lehendakariak, eta ordurako gauzatua zegoen haustura eszenifikatzea besterik ez zela izan. Ahalegin desmifitikatzaile nabarmena sumatzen zaio bere hitzetan eta horretan ez dago urruti Xibertan egon ziren jelkide batzuek esan izan dutenagatik, Juan Jose Pujana eta Joseba Azkarraga kasu.

Gordinagoa izan da Xibertan EIAko ordezkari gisa izan zen Iñaki Martínez, Gaizka Fernández Soldevillari historialari emandako testigantzan. Denbora irabaztea beste helbururik ez zuen mozorro-dantza bat besterik ez zela izan hura eta Monzon eta ETAm izan zirela hura serio hartu zuten bakarrak, gainerakoak itxurakeriak egiten ari ziren bitartean.

Bistan da, beraz, muturreko iritziak daudela Xibertan gertatutakoari buruz. Eta honek guztiak geure buruari galdetzera eramaten gaitu ea hain dokumentatua dagoen gertaera (historiko?) batetik bertan egondako lekukoek eta garaiko protagonistek hain irakurketa ezberdinak egiten badituzte, ea izan dezakegun itxaropenik gure artean azken hamarkadetan gertatutako gainerakoari buruzko gutxieneko adostasunik erdiesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.