Gerra Ukrainan

AEBek barreiatze bonbak emango dizkiote Ukrainari, kontraerasorako

Pentagonoaren esanetan, Kieven munizio falta konpentsatu nahi dute. NATOn sartzeko «keinu argi bat» eskatu dio Zelenskik Stoltenbergi. Errusiaren eraso batean bi zibil hil dira Dnipro hirian

Igor Susaeta - Gorka Berasategi Otamendi
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Ukrainari barreiatze bonbak emango dizkiola baieztatu zuen Etxe Zuriak atzo. Joe Biden AEBetako presidenteak neurria onartu zuela jakinarazi zuen Jake Sullivan nazio segurtasunerako aholkulariak. Azaldu duenez, «aliatuekin eta Kongresuarekin» kontsultatu ostean hartu zuen erabakia. Iragarritakoa berretsi zuen handik minutu gutxira Pentagonoak, eta nabarmendu zuen arma horien erabilera behin-behinekoa izango dela, «zubi bat», ohiko armen ekoizpena datozen hilabeteetan handitu bitartean. Errusiak eta Ukrainak, biek erabili dituzte gerran.

Barreiatze bonbak debekatuta daude ehun herrialde baino gehiagotan, eragiten dituzten albo kalte larriengatik, bonba bakoitzak beste bonba txikiago batzuk barreiatzen baititu inguruan.

Ukrainak gatazkaren ostean lehertu gabeko bonbak erretiratzeko konpromisoa hartu duela ziurtatu du Sullivanek, eta aitortu du jakina dela barreiatze bonben aurkako hitzarmena sinatua duten herrialdeek ezin dutela neurria «formalki» babestu.

Pentagonoak argudiatu du Kievek egun duen munizio gabeziari erantzuten diola neurriak, eta Errusiaren aurkako kontraerasoa azkartzeko helburua duela.

Eta, azken erasoei dagokienez, bigarren egunez jarraian, Errusiako indarrek Ukrainako hiri handi bat bonbardatu zuten atzo. Dniprori eraso zioten —herrialdearen erdialdean—, eta bi pertsona hil ziren horren ondorioz. Ukrainako buruzagitza militarrak kaleratutako ohar baten arabera, Errusiak jaurtitako sei droneak erorarazi zituzten, baina horietako baten puska batek auto bat jo zuen, eta horregatik zendu ziren bi pertsona. Errusiako Belgorod eskualdean ere, Ukrainareko mugan, bonbardaketak izan dira azkeneko 24 orduetan, eta, hango gobernadoreak atzo esan zuenez, horien ondorioz zibil bat hil zen.

Bestalde, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak datorren asteartean egitekoa duen goi bileraren harira, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak «keinu argi bat» eskatu zion aliantzari, herrialdea erakundeko kide bihurtzeko bidean. «Motibazio hori behar dugu», nabarmendu zuen atzo, ohar batean.

Vilniusen egingo duten goi bileraren atarian, aliatuak eztabaidatzen ari dira nola hurbildu Ukraina haiengana, baina haiekin bat egiteko gonbidapen formal bat egin gabe. Jens StoltenbergNATOko idazkari nagusiak esan izan duenez, aliatuek adostua dute Ukraina kide bihurtzea, baina «luzera begira». Mezu hori azpimarratu zuen atzo ere: «Ukraina kide bihurtuko da; horretan ados gaude. Hori mezu garrantzitsu bat da jada». Eta esan zuen aliatuen eta Ukrainaren esku dagoela erabakitzea noiz bat egin.

NATOk «segurtasun bermeak» eskain diezazkioke Ukrainari; idazkari nagusiak hala azaldu izan du. Ez dakite, ordea, horiek nola artikulatu. «Segurtasun akordioak» planteatzen dituzte; hau da, konpromiso politikoa indartzea eta laguntza eta formakuntza militarra areagotzea.

Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da inbasioa hasi baino hilabete batzuk lehenago «segurtasun» eskaera batzuk egin zituela Vladimir Putinek, eta horietako bat zela NATO 1997ko mugetara itzultzea; aliantzak Europa ekialdeko herrialdeetan presentziarik ez edukitzea, alegia. Eta, inbasioa hasi eta hiru astera, Zelenskik azpimarratu zuen onartzen zuela Ukraina inoiz ez zela izango aliantzako kide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.