Pastor
DARWIN ETA GU

Sabino Lekeition

2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Frankismoaren bukaeran kokatuta dago Xabier Kintanaren Belar etzana izeneko kondaira. 1975eko irailean, Poliziak Iñaki Mujika Arregi Ezkerra atxilotu zuen Madrilen, ETAko beste kide batzuekin batera. Bilboko idazleak Euskal Alderdi Sozialista (EAS) sortu berriaren informazio harremanak zeramatzan Ezkerrarekin. Hori zela eta, alderdiko buruek astebeterako Iparraldera joatea aholkatu zioten, badaezpada. Horixe egin zuen Kintanak, eta Ramuntxo Kanblongen etxean hartu zuen ostatu.

Lapurdin eman zuen «astebete labur-luze hartan» hainbat lagunekin egon zen idazlea. Egun batean Donibane Lohizunera joan zen, Telesforo Monzon bisitatzera. Hurrengo egun baterako hitzordua lotu eta Ainhoan bazkaltzera gonbidatu zuen Monzonek. Jatetxean izan zuten solasaldian hainbat gairi buruz mintzatu ziren. Kintanaren arabera, etorkinen arazoak biziki kezkatzen zuen buruzagi abertzalea. Monzonen iritziz, EAJk ez zuen ordura arte lortu euskal gizarteko zati inportante hori Euskal Herriaren aldeko borrokan sartzea. ETAk, berriz, bai. Eta Jon Paredes Manot Txiki jarri zuen adibide gisa. Bere solaskideak «Bilboko PNVkoen arrazismoa» aipatu zion. Arrazismo horrek «erro luzeak» zituela esan zion, «Sabinok berak horretaz ikaragarriak idatzi baitzituen». Monzonek arrazoia eman zion Kintanari, baina batekin: «Okerrena da abertzaleok ez dakigula Sabinok esandakoak ulertzen». Eta Arana ezagutzeko aukera izan zuen lagun bati gertatutakoaren berri eman zion.

Monzonen adiskide hura Lekeitiora joan zen egun batzuk igarotzera. Sabino Arana han zegoela esan zioten lagun batzuek. Ea ezagutu nahi zuen. Baietz. Eta bertan elkartu ziren bi gizonak, orduan oso gazteak. Bere doktrinari buruz zer pentsatzen zuen galdetu zion Sabinok Monzonen lagunari. Harekin bat zetorrela esan zion besteak, euskal nazioa askatasunerantz eraman beharra zegoela. Desadostasun bakarra azaldu zion: kanpotik etorritakoak, «maketo horiek», pertsonak zirela; errespetua merezi zutela, «baztertu eta mespretxatu gabe». Orduan Sabinok bide hegaletik belar bat hartu eta mintzaideari erakutsi zion: «Ikusten duzu belar hau? Alde batera makurturik dago, okerturik. Nik zuzenki, gora begira, ipini nahi badut, beste aldera eraman beharra daukat, kontrako indarrez lehen harturiko joera txarra gal eta pixkanaka erdira etor dadin».

Arrazakeriaren aurkako mugimendua gero eta indartsuago dabil munduan zehar. Estatuak eta oroitarriak daude jomugan. Zer gertatuko litzateke joera hori gurera iritsiko balitz? Asteartean bota zuen lehen harria Jaime Ignacio del Burgok, Diario de Navarra egunkarian. Haren ustez, behin horretan hasiz gero, Sabino Aranaren figura ez litzateke salbatu behar: «Gogora etorri zait Sabino Aranaren estatuak gehitu behar liratekeela suntsitu beharrekoen zerrenda horretan, arrazista eta matxista baitzen; haren estatuak nonahi daude Euskal Herrian, eta hari omen egiten dio etengabe EAJren Sabino Arana Fundazioak».

Sabino Arana arrazista eta matxista izan zela bota zuen Del Burgok eta, hala ere, alde guztietatik omentzen dutela. Aranaren kontrako kanpaina bultzatzeko gogoa antzematen zaio Iruñeko espainiarrari —eta estatus berria zehazteko aditu taldean dugu gizona, ene, ene!—. Tira, ni ez nau kezkatzen Del Burgo jaun txit demokrata, aurrerakoi eta feministak hori esateak. Beste kontu batek ematen dit zer pentsatua: nola erreakzionatu beharko genuke euskaldunok norbaitek, Del Burgoren hitzei jarraituz, Sabino Aranaren omenezko estatua baten aurka egingo balu? Prest gaude Sabino Aranaren pentsamendua modu kritikoan defendatzeko, denborak ematen duen ikuspuntutik? Zenbateraino eta zer kontraesanekin?

Belar etzana testua Nazioartekoipuinak deritzon liburuan dago. 1980an kaleratu zuen Hordago argitaletxeak. Koldo Mitxelena liburutegian ale bat dute. Bigarren orrian, Xabier Kintanak berak idatzitako eskaintza dugu, haren eskuz sinatuta: Koldo Mitxelenari adiskidetasunez. Donostian, 1980-V-30.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.