Kaledonia Berria. Independentzia erreferenduma

Erreferenduma, zilegitasunaren eta legezkotasunaren artean

Kaledonia Berriko independentistek biharko galdeketan ez parte hartzeko eskatu diete herritarrei, eta jarrera horrek zalantzan jarri du bozketaren balioa. Biharamuna ziurgabetasunez betea izango da

NBEk Kaledonia Berriko erreferenduma gainbegiratzeko bidali duen lantaldea —ezkerrean— iragan astean elkartu zen Louis Mapou gobernuburuarekin. BERRIA.
ander perez zala
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Kaledonia Berrian, une historikoa behar zuenak historikoa izaten jarraituko du, baina ez aurrekusitako arrazoiengatik.

Ozeaniako uhartedi horretako deskolonizazio prozesua amaitzear da, eta bihar egitekoak diren hirugarren eta azken independentzia erreferendumak amaiera emango dio aro bati. Galdeketa, ordea, ez da espero bezala gauzatuko, zeren alde batek, independentistenak, horretan ez parte hartzeko eskatu baitu. Kontsigna aho batezkoa izan da, eta hori nahiko ezohikoa da Frantziatik ateratzearen aldekoen artean; alderdiak, sindikatuak eta mugimenduak, denak elkartu baitira estrategia beraren inguruan: boikot «baketsua».

Erabakia arrisku handikoa izan da, independentistak goranzko joeran baitzeuden, eta hirugarren aldian irabazteko aukera baitzuten; hain justu, deskolonizazio prozesuak aurreikusten duen azken galdeketan. Baina, munduko beste hainbat tokitan bezala, pandemiak egoera aldatu du, eta Frantziatik ateratzearen aldekoei ez die utzi kanpaina behar bezala egiten, hainbatetan salatu dutenez —atez ate egiten dute, eta ekitaldi jendetsuetan—.

Gainera, koronabirusaren ondorioz hildako gehienak kanakakizan dira —indigenak—, eta egoera horretan ez dagoela galdeketarik egiterik azaldu dute independentistek, melanesiar kulturan doluari ematen zaion garrantziagatik. Wallis eta Futunako komunitatea ordezkatzen duen Ozeaniako Esnaldia alderdiak, gainera, boto askatasuna eman dio bere oinarriari, independentziaren aurrean «ez, orain ez» jarrera defendatuta.

Horren aurrean, Sebastien Lecornu Frantziaren Itsasoz Haraindiko ministroak entzungor egin die galdeketa 2022ko udazkenera atzeratzeko eskariei, eta alde bakarrez harturiko erabakiari eutsi dio: biharko data mantentzea, osasun egoera egokia delakoan erreferenduma egiteko. Horrek zera eragingo du, deskolonizazio prozesuko eragile nagusia faltako dela: hau da, herri kolonizatua.

Espero bezala, FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka aliantza independentistak aitortu du bere estrategiak ezezkoaren garaipen izugarria eragingo duela; halere, uste du hain alde handiz irabazteak sinesgarritasuna kenduko diola galdeketari. Hor baitago biharko erreferendumaren gakoa eta eztabaida: zerk gailendu behar duen, legezkotasunak ala zilegitasunak. Asteon bertan, kontsultaren bezperan, Lecornuk adierazi du emaitza «juridikoki inposatuko» dela, eta ez dela arazorik izango horren inguruan.

Itsasoz Haraindiko ministroa gaurtik datorren asteazkenera arte izango da Kaledonia Berrian, eta bisita horretan hasi nahi ditu Ozeaniako uhartedi horren geroari buruzko elkarrizketak; izan ere, irla multzoa etzitik aurrera sartuko da trantsizioan —2023ko ekainera arte—, eta loialistekin—independentziaren kontrakoekin— eta independentistekin negoziatu beharko ditu Kaledonia Berriaren egitura politiko, ekonomiko eta sozial berriak.

Hor ere izango ditu arazoak, FLNKSk jakinarazi baitu ez dela eseriko mahai beraren inguruan; ez behintzat datorren maiatzera arte, hilabete lehenago presidentetzarako bozen bi itzuliak egitekoak baitira Frantzian. Eta elkarrizketa horiek ezin baitute oinarri izan biharko erreferenduma, pandemiaren eta boikoterako deiaren ondorioz txikitu egingo baita parte hartzea; horregatik, independentisten iritziz, Lecornuren bisita «hamaikagarren mespretxu ekintza» da.

Gobernu aldaketa

FLNKSren iritzian, nabaritu da aldaketarik, zeren Edouard Philippe Frantziako lehen ministro zenean (2017-2020) errespeturako eta kontsentsurako nahi askoz ere handiagoa ikusi baitzuten Parisen; Jean Castex gobernuburu denetik, ordea, gailendu egin da gauzak aldatu diren sentsazioa, eta horren adibide dute Itsasoz Haraindiko ministroaren jarrera.

Philippek 2019ko urrian esandakoa ere ekarri izan dute hizpidera: hirugarren erreferenduma ez zela egingo «2021eko irail erdialdearen eta 2022ko abuztuaren» artean; tartean, Frantziako presidentetzarako bozen bi itzuliak egingo dituztelako. Lecornuk, ordea, ez du errespetatu Parisek emandako hitza.

Horiek horrela, inguruko estatuetan ere kezka eragin du egoera politiko eta sozialak. Vanuatuko lehen ministro Bob Loughmanek bozketa atzeratzeko eskatu du, eta Melanesiako Ezten Taldeak—Papua Ginea Berriak, Fijik, Vanuatuk, Salomon Uharteek eta FLNKSk osatzen dute— komunikatu bateratu bat helarazi dio NBE Nazio Batuen Erakundeari, azaltzeko egungo egoerak ez duela «modurik ematen erreferendum sinesgarri, garden eta baketsu bat egiteko»; tesi horri indarra emateko, FLNKSren ordezkaritza bat NBEn izan zen atzo.

Lehen galdeketa 2018an egin zuten, eta bigarrena, iaz; bietan ezezkoak irabazi zuen, baina kontsulta batetik bestera handitu egin zen baiezkoaren babesa—%43,3tik %46,74ra—.

Aurtengoaren emaitzaz haratago, Louis Mapou Kaledonia Berriko gobernuburuaren iritziz, erreferendumaren ondorenak egoera bakarra izan behar du: uhartedia «garaile izango duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.