mikel elorza
ARKUPEAN

Suak baretzeko, kea

2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Orfidal, Lorazepam, Trankimazin, Valium, Transilium, Lexatin... gu gazte gineneko musika-taldeen izenak izan daitezke, baina gu ez hain gazte gareneko askoren lagun leial eta minak dira. Ohaide ez ezik, egunez ere makina batek makulu ezinbesteko ditu bizitzako munstroei, ezinbizi batean garamatzan bizitzari, nahigabe ezinago luzeeieta esplikatzen hain zailak diren min horiei aurre egiteko.Kopururik ez dakit, baina irudipena dut asko direla.

Munstroekin beti bizi izan gara —buru barnekoez ari naiz gaur—, baina jendarte gero eta lehiakorrago, azkartuago, bakartiago eta esker gaiztoko honetan zerbaiten premian gara, eta alditxarrak eragiten dizkigun bizimodua aldatzea ezinezko zaigunez —seguruenik egokiena litzatekeena—, piluletara jotzen dugu. Baina ez dezagun gizon edo andre edadeko bakartiaren errepresentazioa ekarri burura, gazte eta adin ertaineko —hatzak teklatuan erdipurdiko idaztera joan zaizkit!— gero eta jende desnortatuago gehiago dago: antsietatea, lo egin ezina, depresioak...

Banakako drogak ditugu hauek.

Baina sozialak ere baditugu. Ospedunak gainera. Umetandik hazten gara, hazten gaituzte eta hazten ditugu alkohola elementu sozial inportantea izanik, soziala denean behintzat, etxeko bakardadeko zurruta ez baitugu hain begi onez jotzen (akaso antsiolitiko eta barbiturikoetan sozializatzea izan liteke kontua, orfidalak kuadrillan hartzea, estigma kentzeko behintzat).

Edatea jarduera sozial eguneroko eta hein batean sustatua ere badugu. Batzuek aurreko taldeko substantziak bezala darabilten arren, iheskide bainoago ihesbide, bere kontsumo arruntean ospakizunerako erabilia da edana. Bistan dena.

Ni drogen aldekoa izan naiz, beti. Mozkortasunaren aldekoa. Baina ez noa aurreko bi droga-motak alderatzera, batzuek bai eta besteak ez,ezta gure bizioen —zein hitz polita, euskarazko janzki horrekin— halako konpendio bat egitera.

Kontua da aspaldian ernegatuta naukatela albiste gero eta sarriagoek, marihuana landaketen atzemate eta suntsiketei buruzkoek. Sutan jartzen nau, ketan jarri ezin horrek; ikusiz zein alferrikako galera... Polizia belarra biltzen! Beste zereginik ez balego bezala. Bakean dagoenari bakean uztea, gauza ederra da hori, baina zoritxarrez izorratzaileak ere asko dira. Eta kontua da bakean baxoerdi batekin bazaude edo pilula hartuta —errezetaduna, jakina—, bakean utziko zaituztela; txirri bat erretzen ari bazara ez. Hagintariek.

Eta hauxe da gogoeta, eta amorruaren arrazoia: antsiolitiko eta antidepresiboz elikatzen dugu jende pila bat; ardo, garagardoeta gintonikak gure kulturaren zati egin ditugu dagoeneko, baina ordenaren zaintzaileak sega hartuta dabiltza kukuluen aurkako gurutzada santuan.

Ez da ulertzekoa.

Legeztatu egin behar da eta estigma kendu, eta oihartzun mediatikoak lortzeabeste ondorio seriorik ez duten operazioak utzi (bueno, baditu noski ondorioak negozioa edo urteko uzta galtzen dutenentzat).Legeztatu, edo arautu gabe utzi nahi bada, baina ez pertsekutatu, ez zigortu.

Ez dakit, beharbada sozializazio erradikala erabili beharko dugu. Mekanismoak badakizkigu, egunero erakusten zaizkigu enprendedoreen harrobi paregabea den herri honetan: sormarkak egin, produktuak kolokatu, fidelizazioak, merkatu-hobiak aurkitu... eta laster ditugu Muskizko Kukuluaren Astea, Legorretako Maria Eguna, Kasedako Kosto Azoka eta Bidarraiko Ke Jardunaldiak...

Horraino ez dakit iritsi behar dugun, baina baratzeak bakean utzi behar ditugu. Inpresioa daukat pilula kontsumitzaile askori ez letorkiokeela gaizki kanuto koxkor bat ohera aurretik. Eta zurrutero anitzi ere ez azken tragoaren ordez. Eta baita substantziarik hartu gabe egun osoa azeleratuta dagoen makina bati.

Goiburu zaharrak berreskuratu, eta gaurkotu behar ditugu: walk on the grass, zapatekin edo oinutsik, berdin du, and smoke it.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.