mikel elorza
ARKUPEAN

Aurretiko pausa

2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Produktu batzuen onurak eta kalteak boladaka aldatzen dira, batik bat elikadurarekin zerikusia dutenenak. Eta garai batean kolesterolerako oso txarra zena, ona da orain, eta gantz mota bat bai, baina bestea ez, eta aurretik jan behar, edo ondoren, eta gauez ez eta goizean bai... Etxe edo familia bakoitzak badu bere teoria, eta egiadunaren ziurtasun osoaz kontatzen badizute ere, komeni da zalantzan jartzea teoria guztiok, osasungarriaren fanatikoetatik (ahoz gora bederen) guztiaz futitzen diren sinesgabe amorratuetara bitartean eremua oso zabala baita.

Elikagaiekin gertatzen da gehien, baina garbiketa produktuekin, jantzitakoekin, lanean darabiltzagunekin... ere jazotzen da. Esango nuke, ordea, hauetan familien ustea baino gehiago egon ohi dela. Gauza bat ona edo txarra dela ez duela norbere etxe eta kuadrillan jasotako teoriak agintzen, alegia. Halakoetan eragin handia du oinarri zientifikoak, eta batez ere beste faktore batzuek.

Zientifikoak ez diren beste faktoreak ekonomikoak dira, produktu, jarduera eta are ohitura batzuen inguruko hipotesi edo oinarriak balekotzat eta egiatzat hartzera eta zabaltzera daramatenak. Dirua. Produktu edo jarduera baten erabilera zabaltzea nahi badugu (badute, horren sustatzaileek), eta haren inguruan kezkarik sortzen bada —kutsakorra izan daitekeen, osasunerako kaltegarria, arriskutsua edo besterik gabe alferrikakoa—, bada orduan faktore ekonomikoek eta produkziokoek pisu handia hartzen dute eta balantzak alde batera egin dezan eragiten dute. Bayerni buruz ari naiz, baina baita Boironi buruz ere. Oinarri zientifikoak aurkeztuko dira, jakina, baina oinarri zientifiko zenbaitek ere askotan dolarrezkoak izaten dituzte zimenduak.Esaera berria aplika dakieke hainbat ikerketari: «Esadazu emaitza zein den eta esango dizut zein lobbyk finantzatu duen zure ikerketa».Eta horri gehitu behar zaio formak edukia gainditu duen garai hauetan, oinarri zientifikoak erraz eraikitzen direla eta egoki saltzen asmatzea dela kontua. Eta boterea eskuetan izatea.

Eta beraz kasu batzuetan ziria sartuko dute eta 10 urte geroago jakingo dugu ondo asko zekitela batzuek delako produktu edo jarduera kaltegarria edo arriskutsua edo kutsakorra zela.

Baina askotan ez da hala. Eta azterketa zientifiko sakon eta zorrotzak daude funtsean, eta ni emaitza horiei kasu egitearen aldekoa naiz. Fedegabea naiz oro har, antidogmatikoa, eta zientziaren aldekoa; askok kontrakoa pentsatu arren, metodo zientifikoaren oinarria horixe delako, antidogmatismoa.

Baina metodo horren urrezko araua ahaztu gabe: dakigunaren arabera eta gaur egun ditugun medioekin jakindakoaren arabera ematen dira emaitzak eta hartzen erabakiak. Eta beraz, ezagutza eta teknologia berriek emaitza diferenteak ekar ditzakete. DDTaren zenbait erabileraren aurka batzuek egingo zuten duela 60 urte, eta ez zitzaien hasieran kasurik egin (polemika oraindik bizirik dago, oker ez banago). Tefloia da orain zalantzaren mugak gainditu omen dituena. Ez dakit inork esan ote zuen duela 15 urte kozinan erabiltzea ez zela komeni, baina esan bazuen, isil samarrean joango zen. Eta horrela produktu askorekin. Eta zer esanik ez zenbait jarduera industrialekin. Alegia, mila froga eginda ere ona izanagatik jarduera edo produktu bat, merezi duela 1001.a egiteak.

Jakina, zalantzan jartzen diren produktu eta jarduera guztien gainean ez da debekuaren ezpata jarri behar. Zalantzalari profesional asko dago, guztiari herrena aurkitzen dionik. Askotan inolako oinarririk gabe, dogmen arabera.

Eta dena dudan jarrita ez genuke inoiz aurrera egingo.Ados.

Baina seguruena aurrera joan beharra bera da zalantzan jarri behar dena. Egotea ere izan daiteke. Planeta guztiz suntsitu aurretiko pausa horietako bat egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.