Ekain hastapen honetan herriko bestak eta jaialdi desberdinen egitarauak irakurtzeak udaren menturak dakarren plazerarekin batera kezka ere eragin dit, kontzertuetara joatea gero eta zailagoa egiten baitzait soinuaren bolumenagatik.
Gogora etorri zait duela pare bat urte Segurako plazan haurrei zuzendutako emanaldia. Plaza bete-betea, herritarrak inguruko tabernetan eta haurrak aitzinean, animatzaile animatuari begira. Hark haurren neurriko bafle parea plazaren zolan berean ezarria zuen, haiek besarkatzeko gisan, eta saioa hasi zuelarik, erasoa izan zen. Naturalki guk lau urrats gibelera eman genuen, eta ez ginen bada hurbil-hurbil...
Haurrek, aldiz, aitzinean zirauten, musikarekin batera txaloka animatzailearen aginduei segika. Eta zerbait esatera ausartu ginenean, haizea hartzera igorri gintuen gizonak, giroak eskatzen duela argudiatuz.
Beste hainbat aldiz euskal pailazoen emanaldietan bizi izan dut antzeko esperientzia. Eta aldiro, emanaldiaren bukaeran ikusleen arteko oharra hauxe bera izan da, emanaldi bikaina, baina bolumena zinez altuegia zela. Eta kito. Gure haurren belarriak izorratzen ari gara, lasai asko.
Guraso arduratsuok guregazteek kontzertuetara joatera-koan panoplia osoa daramatelaziurtatzen dugu: mugikorra kargatua zernahi gerta deitzeko eta alkoholizatuak badaude autorik ez hartzeko, kondoiak zernahi gerta sexu bidezko eritasunik etxera ez ekartzeko, eta belarrietako tapoiak entzumena babesteko, zee? galdera oroz entzuteaz aspertuta baikaude, edozer errepikatzea norma bilakatzen ari baita... zee? belarri ziloetaraino sartuak dituzten entzungailuetako bat altxatuz diotelarik... elkarrizketak repeat moduan bizi ditugu.
Kontzertuetara tapoiekin joan behar izatea ez ote da absurdoa? Bolumena jaistea ez ote litzateke koherenteago?
Uste dut jendea ez dela aski ohartua baldintza horietako entzunaldiek eraginiko kalteak belarrientzat itzulbiderik gabekoak direla.
Giro izorratzailetzat hartzen banauzue, tira, baina arriskua ez da txantxetan hartzekoa.
Frantziar estatuan eginiko ikerketak agerian utzi du 15 eta 30 urte bitartekoen hiru laurdenek entzumenezko arazoak jasan izan dituztela, hala nola akufenoa edota harrabotsak eraginiko entzumen galera. Adierazpenen araberan, %21 bafleetatik sistematikoki urruntzen dira, eta %7k tapoiak erabiltzen dituzte. Belaunaldi honek musika bakarka entzun nahiago duela argi dago, %89k kaskoa edo entzungailuak erabiltzen baitituzte, eta hori egunero batez beste ordubete eta 43 minutuz.
Berezituek kezkagarritzat jotzen dute %23k entzun bitartean ez dutela inoiz pausarik egiten, ezta bolumena jaisten ere.
Kutsaduraren gaiari sentsibilizatuak bagara, zarata neurtzen ez dugu aski ikasi. Ostatu batean hitz egiten duen jendearen zarata, edalontzi hotsak barne, 80 dezibelen inguruan kokatzen da. Gela lasai batean 40 dezibel dira.
Egunero zortzi orenez baino gehiagoz 80 dezibel baino gehiago jasatea osasunarentzat toxikoa dela diote berezituek. Kontzertuetako dezibel kopurua Frantziar estatuan 105era mugatua bada teorian, errealitatean aise gainditua da delako muga. Hego Euskal Herrian nire belarrien arabera oraindik ere gorago doa maila... Kontzertutik atera eta txistuak belarrietan irauteak trauma bat gertatu dela erran nahi du. Gehienetan berez senda badaiteke, lesioa bere baitatik orbaintzen bada, akufenoa desagertuko da, baina txistuak egun batzuez irauten badu, betirako geldi daiteke.
Entzumenezko sistema oso hauskorra da, eta berriz osatzeko sendagai eraginkorrik ez da oraindik atzeman.
Elkorren belaunaldia prestatzen ari gara. Entzumen-sistema 18 urterekin hondatzen bada, pentsa nola iritsiko den 80 urtera.
Berri ona beharbada: etorkizun handiko lanbidea izanen dela audio protesista.

ARKUPEAN
Elkorren belaunaldia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu