ARKUPEAN

Aizkora vs motozerra

Xabier Paya Ruiz.
2018ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Sekula ez al duzu berba bat hainbat aldiz bozgora esan, zentzua galtzeko puntura arte? Esan, esan eta esan, eta azkenean soinu horiek iradokitzen zizuten pentsamenduko leku hori, kontzeptu hori, lausotu egiten da, eta hortik aurrera, berba hori berdin izan liteke udal baten arloaren izena, izeko baten maskotarena edo arropa garbitzeko produktu batena. Asetze semantikoa deitzen zaio fenomeno horri. Kontrakorik existitzen den ez dakit, baina «gose semantikoa»asmatuz, pentsatu dut izan litekeela berba bat entzun eta esanahirik antzematen ez diozun egoera.

Izan ere, berben balioa neurtzeko parametro nagusiak errepikakortasuna eta erabilgarritasuna dira. Agortzen ez den petroleoa de berben lehengaia, baina merkaturatzen direnean ez dute denek salneurri bera izaten. Hitz erabilgarrienak dira garrantzitsuenak, lantokian, komunerako ilaran edo egunkaria irakurtzeko ezinbestekoak diren horiek. Aski omen da 300 hitz jakitea hizkuntza batean gutxienekoak egiteko; bada, 300 horiek dira Inditex eta Iberdrola gure hizkuntzaren burtsan. Hala ere, arriskutsua da horrelako datuak zabaltzea, inori ez bailitzaioke bururatuko gaztelania ikasteko 300 berbarekin aski duela pentsatzea, baina ziur bainago euskarari halako sabai komuna jarriko liokeen lagun bat baino gehiago egon litekeela gure artean.

Erabilgarritasunak, ordea, ez du balio gauzatzen ez bada. Netflix ez da ikus ditzakezun film guztiak, soilik ikusten dituzunak baizik. Eta berbek errepikatzen ditugun neurrian hartzen duten balioa. Lehenengo aldiz entzuten duzunean «zuzkidura» berba, buru barruko datu basean ez diozu erreferentziarik aurkitzen; bigarrenean duda egiten duzu komunikazio-ekintzaren hizkuntza ondo aukeratu ote duzun (euskara ote da?); hirugarrenean hizperrien sindromeak hartzen zaitu, eta hitzaren jatorria asmatzen ahalegintzen zara; enegarrenean, testuinguruak lagunduta, «ekarpen»,«hornidura» edo «dotazio» berben usaina hartzen diozu, baina zeure buruari zin egiten diozu ez duzula inoiz erabiliko, ez bada parranda batean ordu txikitan norbaitiadarra jotzeko: «Ikusi al duk barra ertzeko horren zuzkidura?».

Bi irizpide horiei tiraka, iruditzen zait batzuetan euskarazko zenbait berba aizkorak direla. Aizkorak lantresna ederrak dira, tradizio zaharrekoak, jasangarriak eta, batik bat, maisu handi baten hitzak parafraseatuz, zorrotzak euren langintzarako, mozten ez duen aizkorak ez baitu ezertarako balio. Imajinatu orain motozerra bat lehenengoz lanean ikusi zuen aizkolariaren lehen arbaso haren aurpegia. Ea adibide zenbaitekin argi dezakedan kontua:

Zelan da posible sukaldaritza hain elementu garrantzitsua izatea euskal kulturan eta oraindik «cocinar» aditzarekin hainbeste gorabehera izatea? Zelan esan behar dugu «apetecer» euskaraz? Badakit baditugula «sukaldean aritu» edo «hartu nahi» baliokideak, baina sentsazioa dut gureak aizkorak direla gaztelaniazkoen aldean. Zergatik euskaraz ezin ditugu bereizi «danger» eta «risk»? Hirigintza «urbanismo» bada, zelan esan behar dugu «urbano»? Hiritar? Esango didazu badirela beste hainbat kasu non euskaldunak garen motozerra darabilgunak, baina ez dut uste gure inguruko hizkuntzek gurearen bizi aurreikuspen bera dutenik. Izango da ere ondoko hizkuntzekiko saihetseko begirada hori gaitzetsiko duenik, baina euskaldun elebakarrak historia diren heinean, hiztunak konparazioak egitea normala iruditzen zait.

Ez dakit zelan bihurtzen diren motozerra gure aizkora guztiak, baina badakit hizkuntza lehiakorrik ezean epe luzera alferrik direla ariketa sozialak. Zelan saihetsi hiztun berrien tartekako frustrazio sentsazioa bestela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.