Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Suntsitu

2018ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Euskaltzaindiaren webgune berri ezin zoragarriagoaren arabera, suntsitzea da izatea edo egitura galtzea, desegitea edo deuseztatzea. Da edo du aditza da, subjektuen kontzientziaren kontsolagarri (ez baita gauza bera «museoa suntsitu du» edo «museoa suntsitu da» esatea). UZEIren sinonimoen hiztegiak baliokide andana ematen digu suntsitzeaz galdetuta, dendari bati soineko bat eskatzean, besoak pertxaz josita agertzen den bezalaxe. Zintzilik dakartzan guztiak dira soinekoak, baina ez genituzke denak jantziko lehengusuaren ezkontzarako; bada, sinonimoen artean ere, suntsitu aditzaren baliokideak ere erabilera desberdinetakoak dira. «Haurrak portzelanazko pitxerra suntsitu du» esaldiaren kasuan, adibidez, esango nuke pitxerra apurtu, triskatu, hauts egin edo birrin-birrin egitea ez dela gauza bera, edo, bestela esanda, aitonak lehenbizikoarekin zeloa atera beharko duela, eta azkenarekin, erratza.

Ez du hiztegi batek esango, baina suntsitu aditza fama txarrekoa da. Nekez aurkituko dugu aditzaren esaldi batean agertu nahi duen boluntariorik, eta zehazki objektua izatera hankak aurretik eraman beharko dugu ziurrenik. Inori ez zaio saririk ematen suntsitzen egindako lan eskergarengatik; inork ez du hauteskunderik irabazten legealdi batean suntsituko dituen gauzen zerrenda programan aurkeztuta. Politikan, zehazki, hain dago gaizki ikusia suntsitzea, non alderdi baten izena izan daitekeen «sortu». Gure gizartean txalogarria da sortzailea izatea,baina sekula ez dut ezagutu izen-abizenen azpian «suntsitzailea» dela idazten duenik. Izan ere, sortzea baita gustatzen zaiguna: «eta horrela bizitzen gera sortuz ta sortuz gure aukera», «kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi», «gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak», «frantses edo espainol sortu banintz hobe, gaur ez nuen izanen hainbeste nahigabe» ... Euskal Herrian ez ezik, mundu osoko zerbitzu enpresetan ere sormena egungo petroleoa da. Kanpokoen kasua, hala ere, guztiz ulergarria da, gizakiaren berezko izaera sortzaileaz gain, destroy/destruir/détruire aditzak des-tipokoak direlako (deseraiki edo deseginen parekoak), aurkakotasunetik eraikiak; euskarak, ordea, suntsitzeari esleitzen dio sortzeari eman dakiokeen adiztasun berbera, ezeren kontra jardun gabe, agian sortzea irizpide jakin batzuen arabera suntsitzea izan daitekeelako finean.

Behin amestu nuen politikari batek prentsaurreko bat ematen zuela proiektu bat etengo zuela azaltzeko. Beste batek irratian kontatzen zuen jaialdi berri bat sortu nahi zuela, baina horretarako aspaldi hasitako beste bat antolatzeari utziko ziotela, eman beharrekoak emanda zegoela argudiatuta. Egun berean, jai batzorde batek hainbat urtetako tradizio bat etengo zuela jakinarazi zuen ere: «ekintza bat egiteko duzun motibo bakarra baldin bada 'beti egin izan dugun zerbait' izatea, hobe duzu motibo edo ekintza berriak bilatzea» esan zuen kideetako batek telebistan.

Lasai, ez naiz muturreko nihilismoaren defendatzaile bilakatu. Sortzea zenbait irizpiderekin suntsitzea izan daitekeen bezala, suntsitzea ere ezin liteke aliritzira egin. Uste dut horretan, gainera, euskarak soinuen bidez laguntzen digula, zehazki, «funtsatu» eta «suntsitu» aditzak hain gertu jarrita. «Funtsatzen badu, ez ezazu suntsitu» leloari jarraiki, benetako balioa duten gai berreskuraezinak babestearen aldekoa naiz; tamalez, esango nuke Diogenes sindromeak jota bizi garela egun, ohartu gabe askotan, zaharrari zaharrarengatik eutsita, gauza berriak sortzeko aukerak suntsitzen ari garela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.