mikel elorza
ARKUPEAN

Ez nazatela babestu

2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Cambridge Analytica datuak lortu eta aztertzen ziharduen enpresa bat zen, AEBetako sektore dirudun kontserbadoreetan sortua —«datu-meatzaritza» deitzen diote, harrapazank—. Informazioa, gero, erosi nahi zuenari saltzen zioten: AEBetan eta mundu zabalean hainbat hauteskunde-kanpainetan baliatu zituzten euren zerbitzuak, Interneten lortutako datuekin hautesleen profil politikoak osatzea baitzen haien espezialitatea, eta hortik gidatu ahal izatea kanpainak.

2018an eskandalua lehertu zen, enpresa hau inplikatuta ageri baitzen zuzenean Facebooken datu pertsonalen erabilerarekin, eta itxi egin zen. Enpresa hau. Datu-meatzaritzan jarraitzen dute, jarraituko dute noski, izen berriekin, baina lagun zaharrekin; esaera zaharrak dioen bezala, lehengo algoritmotik dirua, eta burua.

Ni itsututa nauka datuen gaiak, onartzen dut, eta duela aste batzuk lagunei esan nien, txorakeria gisa, botoa emango niokeela Datuen Babeserako legeria ezabatzea proposa zezan alderdiari. Bada abstentziora jo beharko dut. Espainiako Kongresuan joan den urrian alderdi guztien aldeko botoekin, aho batez, lege berria onetsi zuten. Datuen babeserakoa. Eta gerora Senatuan berretsi, gutxi batzuen aurkako botoarekin (Podemos, EH Bildu, Compromis, Nueva Canaria); eta hauengan iritzi aldaketa gertatu zen, itxuraz, hainbat mediotan ohartarazi zelako legearen artikulu batean sartu zen aldaketa batek hauteskundeetako spama bidera zezakeela. Izan ere, artikulu horrek alderdi politikoei libre uzten die Interneteko erabiltzaileen profilak egin ditzatela eta hauteskunde-kanpainetan erabili. Meatzaritza baimentzen du legeak, Cambridge Analytica modukoen lana, baina soilik alderdi politikoei! Hau da, guk arrantzatzeko moduan uzten ditugun datuen arabera —gure gustuak, iritziak, zein toki bisitatzen ditugun...—, bideratuko dira kanpainak eta iritsiko zaizkigu emailera, segapotora... Indarrean da legea, eta Hego Euskal Herriaz ari naiz, noski.

Lege aurreratutzat eta herritarren eskubideen defentsarako egindakotzat saltzen dute. Eta izango ditu bermeak eta mugak, onuragarriak, baina ni datuen ultrababes honek, askatasun indibidualen defentsa liberal honek, gogaitu egiten nau.

Datuen babesa dela-eta hesi-lasterketak —zenbait lan eta jardueratan traba baino ez delako, langa bat bestearen atzetik— gogaitzen nau, eta amorrarazten beste gauza batek: nire zenbait datu ez ditut oso babesgarritzat, eta aitzitik, biluzik sentitzen naiz maiz. Googlek nik baino gehiago daki nitaz —ni saldu natzaiolako, besteak beste, baina ez erabat—, eta ez naiz ezkutatzeko deus askorik duenetakoa, baina horren ondorioz eta horretan oinarrituta jasan beharrekoa (publizitatea, tendentziak...) latza da. Eta hor ez naiz batere babestua sentitzen. Poliziak nire edozein radiografia egin ahalko du, Osakidetzak baino zehatzago, nahi badu; edozein telefono- edo energia-konpainiak deitzen dit edozein ordutan maukak eskainiz;nire izenean (estimado Mikel) iristen zaizkit gutunak hauteskunde-kanpainetan; noiznahi dauzkat iradokizunak biajatzeko, albisteak nik eskatu gabeak, sexu-guneen eskaintzak mila (zein webgunetan pasiatzen naizen seinale, badakit)... Hitz bitan: babestu nahiko nituzkeen datuak libre dira batzuen eskuetan, eta libre nahi ditudanak morroilopean.

Datuen Babeserako arauak dira, eta izena oso ondo jarrita daukate: babesten dutena datua da, ez herritarrak.

(Erbinudeen buruek goi bilera egin dute, oilategietan txitekin egiten dituzten triskantzen inguruan. Erbinude txitajaleen gaitza nola sendatu erbinudeek eurek aztertu eta erabaki nahi dute... Vatikanon bildu dira. Eta triskantzari buruzko daturik ez dute eman. Baina hauek ez dira liberal indibidualistak, hauek komunitarioak dira: datuak ez ezik, babespean dauzkate erbinude txitajaleak.)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.