mikel elorza
ARKUPEAN

Aro tristeagoak

2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ez gara beste garai batekoak, gertatzen zaigun bakarra da dagoeneko hainbat garai bizi izan dugula. Baina horrek ez digu, arau orokor moduan diot, ez jakinduria handiagorik ez eskarmentu apartekorik ematen; ematen diguna, nagusiki, edadea da, eta kasu batzuetan —zoritxarrez behar baino gutxiagotan— gertakariei begiratzeko orduan fokua ireki eta ixteko gaitasuna.

Dena erlatibizatzeko ahalmena aipatuko du inork, eskarmentua bizkarrean metatuta gaztetako suhartasuna galdu eta beste distantzia batetik ikusteko gaitasuna. Gertatzen da, asko gertatzen da, baina distantzia hartze horretan difuminazioa ikusten dut nik eta ez dut bereziki estimatzen. Eta zait bertutea iruditzen. Hor esperientziaren sosegua eta tenplantza baino, nik besterik ikusten dut: pentsatzen den bezala bizi nahi izatetik bizi zaren bezala pentsatzera igarotzea, horixe.

Interesgarriagoak egiten zaizkit fokatzeko gaitasuna gordetzen dutenak. Arazo sozialen aurrean, eskuak burura eraman eta zalaparta mediatikoari beren aldarria ozen gehitu beharrean, zarata kentzen saiatzen direnak, soinua benetan aditu ahal izateko. Gaitasuna dutenak arazoen funtsa atzeman nahi izan eta irtenbideak hartan proposatzeko, eta ez arazoen inguruko oihartzun topiko eta ertz distiratsuetan katigatuta gelditzeko. Heldu... nahiz gazte. Gaztetxoen erokeriak keinu irribarretsuz barkatu beharrean, haiek ulertu, behar bada txalotu, ez konpartituagatik ere aintzat hartu eta, batez ere, haietara batzeko gaitasuna dutenak. Oraindik erokeriak egiteko gai direnak (nahiz eta jendarte honetan daramagun desmartxa patetikoa ikusita, erokeriak egitea ere bizi-esperientzia turistiko edo kultural bihurtuko dugun, ingelesezko izen bat jarri, app bat inplementatu eta negozioa eginda).

Azken urteetan hedatu diren zenbait paradigmaz ari naiz. Eta arestian esan dudana esanda ere, ez naiz adinaz ari.

Protestaz ari naiz.

Eta zehazki haren aurreko erreakzioaz (erreakzionario hitza ematen duen erreakzioaz). Protesten gaiztoa, suak, pertsonei eta ondasunei, batez ere ondasunei, eragiten zaizkien kalteak, ekonomiari ekar liezaiokeen galga... Protesta bezatu nahi da, kriminalizatu, estigmatizatu eta matxakatu lau urtean behin (edo lau hilean behin) hautetsontzi batean sartu behar den paper bat bihurtu arte. Hortxe nahi dute protesta, aldarria, kexa: gutun-azal batean sartuta. Eta, noski, errefusa gisa baita lagunarteko eztabaidetan ere, bezperako partida edo azken telesail cool-ari buruzko komentarioen tolesturetan galduta.

Borroka gaizkia da. Borroka txarra da langile-borroka, askapen-borroka, borroka feminista... denean. Kaltegarria da eta jendartetik erauzi beharrekoa. Bartzelonako kaleetan zauritutako polizien numeroak haizatzen dituzte medio nagusiek; eta moderatuagoak direnek polizien gehiegikeriak deitoratzen dituzte, baina tarterik utzi gabe kaleetako suak ozen salatuz, batez ere kaleko suak salatuz. Sua pizteko unea eta motiboa eta lekua aukeratu behar da, eta beti ez da asmatzen. Batzuetan metxeroak hurrengorako gorde behar dira, ados. Eta borroka gehienak ez dira ez kalean ez jendaurrean egiten. Arazoa ez da barrikada hau edo koktel hura, arazoa da protesta orokorrean zakurren salara desterratzen ari direla. Ari garela. Nafarroan bi sindikalista delitugiletzat zigortu dituztela furgoneta bat greban zegoen enpresaren sarreran traban jartzeagatik.

Fokua hor jarri behar dugu, eta ez albiste batzuk gero eta urrutiagotik begiratu gure presbizia sozio-politikoan. Betaurreko askotariko eta oso onak daude merkatuan: gorriak, arrosak, moreak, berdeak...

Dürrenmattek idatzi omen zuen agerikoaren alde borrokatu behar den garaien tristuraz. Bada nik uste dut beti borrokatu izan dela agerikoarengatik. Eta tristeak izango dira garai horiek, baina zorionekoak ere bai, borrokan badihardute bederen; tristeagoa iruditzen baitzait agerikoarengatik ere borrokatzen ez den aroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.