Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

2019ko sasibalantzea

2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Maduro. Iñigo Muguruza. Bolsonaro. Iñaki Viñaspre. Notre Dame. Maria Chivite. Joker. Bilboko Arte Ederretako Museoa. Vox. Korrika. Jon Barberena. Irribarria. G7. Orio. Rufino Iraola. Alan Roy King. Berri Txarrak. Camilo Sesto. Katalunia. Bernardo Atxaga. Xabier Arzallus. Hertzainak. Albert Rivera. Evo Morales. Hondarribia. Laja. Iphone 11. Berlingo harresia. Game of Thrones. Jose Luis Ansorena.

Gogoan dinat 1999. urteko abendua, mundua amaitzear izandako garai hura. Orduan lekutan ikusten ninan 2020. urtea, eta ohartzerako gainean dinagu. Halako data seinalatuetan, komeni dun atzera begiratzea, aurrera jarraitzeko bide onenaren pistak topatuko ditugulakoan. Hortaz, urteko azken hondarrotan, ahaleginduko naun 2019aren ertzak zirriborratzen, hamabi hilabetetan izandako zuri-beltzak marrazten.

Ez naun bereziki abila indarguneak bilatzen, baina esango niken erraz samar adostu dudala neure buruarekin 2019an izandako aurrerapauso nabarmenenak, guztiak euskararen inguruan antzemandakoak: Euskaltzaindiaren mendeurrena, Euskaraldiko auzolana eta euskarazko hedabide pribatuak sustatzeko eredu berria. Euskaltzaindiak sekulako lana egin din euskararen aldeko adostasunak zabaltzen Euskal Herriko lurralde guztietan; ekindako bideari jarraitzea baino ez zaion geratzen orain, eguneratzearen eta modernizazioaren mesedetan. Euskaraldiak, Lau Teilatu kantuak berriki bezala, partaidetzaren bidez euskarara hurbildu ditin mingainean eta paparrean Etxepareren hizkuntzaren arrastorik sekula izango ez lukeen lagun ugari; balioko ote din antzeko lankidetzak ikusteko eragile publiko eta pribatuen artean beste hainbat arlotan? Azkenik, Euskarazko hedabide pribatuak sustatzeko eredu berriak azalarazi din hizkuntza biziberritzeko lanean egunkari eta abarrak ez direla informazio iturri soilak; ea denon mesederako den.

Ahulgunetan oparoa iruditu zaidan 2020 ken bat hau. Nire kasuan, bi galera handi azpimarratu nahi ditinak: Jon Lopategi eta Mariano Ferrer. Lopategiri ale oso bat eskaini nionan otsailaren 12an (Bertso-aita) atal honetan; kostako dun hau baino urte ankerragorik gertatzea Bizkaiko bertsolaritzan eta euskalgintzan bolada batean. Marianori ez zionat artikulurik idatzi, eta tartetxo hau aprobetxatu nahiko niken euskal gizarteari egindako ekarpena goraipatzeko. Donostia 2016ko bizikidetza ereduaren definizioaren bila adituz aditu egindako erromesaldian gertutik ezagutzeko aukera izan ninan, eta gauza bakarra eskatzen zionat 2020ari: lehenbailehen ekar dezala haren hutsunea betetzeko norbait, izarrak itzaltzen ari diren gau honetan gero eta zailagoa delako iparra aurkitzea.

Mehatxuak detektatzearena iragarle lana izaten dun, eta milurteko honetako urte bakoitzean aurrekoaren 50 urtetan pasa zitekeena pasatzen dela ikusita, ez naun ausartuko datorrena asmatzen. Hala ere, mehatxu garbi bat ikusten zionat egungo Euskal Herriari, bereziki, hegoaldeari: 1980ko hamarkadan eratutako sistema publikoaren eraldaketa. Euskal Autonomia Erkidegoaren administrazioa eta zerbitzu publiko ugari (telebista, liburutegi eta abar), zehazki, duela lau hamarkada pentsatu eta abian jarritako modu eta moldeetan, gizaki eta gauzakietan oinarritzen ditun. Gizarteak administrazioak baino azkarrago egiten din aurrera, eta 2020ko hamarkadan ez bazaion eguneratzearen bideari heltzen, segituko dinagu harro sentitzen Espainiako hango eta hemengo erkidegoekin alderatzerakoan, Europako iparraldekoen ispilua ahaztuta.

Aukerak bilatuta amaitzen ditun AMIA taulak, baina ikasi dinat aukerak alferrik direla horiek baliatzeko borondaterik gabe, eta ikusita hiru hauteskunderen ostean zelan dauden inguruak, ea 2020ak erakusten digun arazo geroz eta konplexuagoen aurrean geroz eta konponbide sinpleagoak nahi izatea ez dela sekula aukera baliagarria izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.