Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Agnotologia

2020ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Eztabaida interesgarria jokatu da egun hauetan: hamarkada berria hasi da? Matematikariek ezetz diote eta zuzen daude, datorren urteko abenduaren 31ko gauerdira arte ez baita XXI. mendeko hirugarren hamarkada abiatuko. Linguistek, ordea, berba hori, hamarkada, hamar urteko edozein aldi izendatzeko ere erabiltzen dela gogoratu dute eta zuzen daude hauek ere. Ezagun egiten zaizu, irakurle? 2000. urtearekin eztabaida bertsua izan zela gogoratzen dut nik; urte osoa eman genuen mende berrian ote ginen argitu ezinik.

Azken boladan, orainaldiari eta etorkizunari iraganaren antz handiegia hartzen ari natzaie eta kezkatu egiten nau. Ez dut uste, askok diotenaren kontra, Historia behin eta berriro errepikatzen den patua denik, baina mutatis mutandi, erraza da lehenago gertatu diren jazoeren arrastoa ikustea. Orainaldia ez da iraganaren kopia hutsa, baina senide berekoa da eta DNAn gorde ditu haren zantzuak.

50eko hamarkadan dema estua jokatu zen AEBetan tabako-konpainien eta hedabideen artean. Erretzearen kalteez informazioa zabaltzen hasi zenean, alarmak piztu ziren munta handiko negozioa arriskuan ikusita. Tabako-etxeek bide artezetik heldu zioten auziari: harreman publikoetan ospe handikoak ziren etxeak kontratatu zituzten desinformazioa barreiatzeko. Brown & Williamson enpresaren 1969ko jarduera-txostenek argi dakarte horren berri: «Gaur egun gure produktua zalantza da». Ez gezurra, ez kontrako ebidentziak, baleude: zalantza baizik. Ezagun egiten zaizu, irakurle?

Lehenago beste kasu asko izan ziren, baina Stanford Unibertsitateko irakaslea den Robert Proctorren interesa piztu zuen, eta orduantxe izendatu zen, lehen aldiz ezjakintasunaren zientzia: «agnotologia». Izena izatea izanari erreparatzeko bide egokia da.

Proctorrek agnotologoen eskuliburua osatu zuen: ukaezinak diren ebidentziak nola ukatu, kuestionaezinak diren iturriak nola kuestionatu, edonork ikus dezakeena nola ezkutatu balizko informazio-uholdearen erdian edo nola desitxuratu ikusezin egiteraino, kontrako mezua iradokitzeko edo zalantza eragin zezaketen sasiko ebidentziez inguratzeko. Ezagun egiten zaizu, irakurle?

Kontraesankorra ematen du, baina okerrena sinesteko prest gaude, sinesgaitza edo absurdoa bada ere. Den-dena posible dela eta aldi berean den-dena ezinezkoa dela sinistu egiten dugu. Asmatu egin zuten, bete-betean, ez baikara oldartzen amarrua agerian geratuta ere, gezurra eta iruzurra espero ditugulako ia beti eta ia guztiengandik. Erretzea ona dela, klima ez dela aldatzen ari edo emakumeen kontrako biolentziarik ez dagoela esanda ere, beste hark zioen bezala, «airea debalde» ateratzen da, gezurraren froga ukaezinak baino indartsuagoadelako zinismoaren geruzaikusezina. Zinikoak gara;batzuk ziniko eta oraindik erretzaile.

Hasi berri edo oraindik hasi ez den hamarkada hau agnotologiarena izango dela ematen du, eta ez da ikusmira atsegina. Arriskua ez da desinformazioa, gezurrak beti arriskutsuak badira ere. Helburuak ez du zertan izan auzi jakin baten egiaz konbentzitzea edo informazio jakin bat ezkutatzea, baizik etsipena, zinismoa eta jendearen artean desjabetzeko sentimendua sortzea. Pentsamendu kritikoari eta aukerak sortzeko gaitasunari berari uko egitea da, nire ustez, arriskurik handiena, etabaita ezjakintasun eta desinformazio-estrategia berrien helburua ere.

Ezagutzaren aroaren distiraz liluraturik bizi izan gara aspaldi. Nahikoa ikusi eta entzun dugu, baina, argi izateko ez dela dena urrea eta iragarkien neonak ere dir-dir egiten duela merkantzia pozoitsua estalki ederrean saltzen digun bitartean.

Ongi etorri 20ko hamarkada zorora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.