«Galdeketa irabazteko beharra»

Eskoziako gizarte mugimenduek gaur ekingo diote independentziaren aldeko kanpainari. Erreferenduma noiz egingo den bainoago, independentzia erdiesteko arrazoiak eztabaidatu nahi dituzte.

Hilabete honetan All Under One Banner mugimenduak antolatutako independentziaren aldeko martxa. ROBERT PERRY / EFE.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Eskoziako Aberdeen hiriak grisa izatearen fama du. Granite City izenez da ezaguna, hiriko eraikin gehienak granitoz eginak daudelako. Gaur, ordea, Aberdeenek grisa izateari utziko dio, eta Eskoziako bandera zuri-urdinak emango dio kolorea hiriari. AIM Aberdeen Independence Movementek antolatutako Progress To Yes ekitaldiak emango dio hasiera gizarte mugimenduek bultzatu nahi duten kanpainari, independentzia erreferendumaren baiezkoaren alde.

Ekitaldi horretan, hainbat pertsona esanguratsuk parte hartuko dute. Besteak beste, Drew Henry eta Kirsty Blackman SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak Erresuma Batuko Komunen Ganberan dituen diputatuek; eta Maggie Chapman Alderdi Berdeko eta Karen Adam SNPko Eskoziako Parlamentuko ordezkariek. Horiek ez ezik, independentziaren aldeko hainbat mugimenduk ere babesa eman diote ekitaldiari: Believe in Scotland, Women for Independence eta The National egunkariak, besteak beste.

BERRIAk Alan Petrie AIM mugimenduko kide eta Progress To Yes ekitaldiaren antolatzaileetako batekin hitz egin du Eskoziako bigarren independentzia erreferenduma zertan dagoen galdetzeko. Preseski, Petriek nabarmendu duenez, independentzia noiz egingo den eztabaidatzeko bainoago, independentzia erdiesteko arrazoiez mintzatzeko antolatu dute ekitaldi hori: «Azken urteetan asko eztabaidatu da erreferenduma egiteko noiz den garai egokia, eta ez, ordea, nolakoa izango litzatekeen Eskozia independente bilakatuko balitz, edota zer egin dezakegun hori lortzeko, eta independentziaren baiezkoaren aldeko kanpaina hauspotzeko».

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak behin baino gehiagotan adierazi du 2023rako egin nahi duela independentziaren inguruko bigarren erreferenduma. Izan ere, SNPk independentzia erreferendumaren lege proiektuaren zirriborroa aurkeztu zuen iragan agintaldiaren amaieran.

Sturgeonek iragan igandean egin zion azken erreferentzia galdeketari, Eskoziako The Sunday National egunkarian. 2023ko data ez zuen aipatu, baina independentziaren eztabaida erdigunera ekartzeko deia egin zuen, Now is the time to debate Scottish Independence izenburupean (Orain da garaia Eskoziako independentziaz eztabaidatzeko). Petriek adierazi du 2023rako prest egon behar dutela, nahiz eta agian urte horretan ez egin galdeketa: «Hurrengo sei hilabeteetan xake joko politikoa egongo da, eta litekeena da erreferenduma 2023rako egitea, baina uste dut beranduenez 2024ko urtea bukatu baino lehen egingo dela».

Identitateak ez du pisurik

Baiezkoaren aldeko kanpainaren antolamenduaz galdetuta, Petriek esan du 2014an egin zen galdeketaz geroztik ez dela kanpaina egin: «Orain arte soilik Believe in Scotlandek antolatu ditu martxak eta manifestazioak, eta bada garaia kanpaina modu egokian egiten hasteko». Hain justu, AIMren asmoa da Eskoziako ipar-ekialdean kanpaina hastea egunkarietan presentzia emanez eta ekitaldiak antolatuz.

Iragan astean, New Statesman Ingalaterrako aldizkariak argitaratu zuen eskoziarren %72 eskoziar sentitzen direla, eta ez britainiar. 2014an %52k zuten sentimendu hori. Horren inguruan, Petriek uste du identitatearen auziak jada ez duela pisurik, eta orain «politika desberdinek nazio bat eraikitzen» dutela: «Jendeak segurtasuna behar du. Ez da identitate kontua; nahiz eta badagoen jendea nazioarekiko duen sentimenduagatik independentziaren aldekoa dena. Uste dut independentzia babesten duen gehiengoak botoa emango duela bizitzeko kostuari eta klima aldaketari emango zaien irtenbideengatik, Europako Batasunean sartzeagatik eta krisi ekonomikoagatik, hain zuzen ere».

Galdeketa irabazteko bidean, AIMko kideak kanpaina ondo egitearen garrantzia nabarmendu du, eta, horrez gain, galdeketa irabazteko gakoak zein liratekeen azaldu du: «Herritarrei errespetua zor diegu; publikoa ez da tuntuna. Elkarrizketa ezinbestekoa da baiezkoaren aldeko jarrera bultzatzeko, baita independentziaren aurkako jarrera dutenekin ere. Jendearen nahiak aintzat hartu behar ditugu, eta politikako jokoak alde batera utzi».

Kanpaina nazionalean lehen aipatu diren aspektuetan jarri behar bada arreta, Aberdeenen oso bestelakoa da kanpainako estrategia. «Aberdeenen berezitasunagatik, ekonomiarengatik... bestelako mezu bat behar du. Esaterako, hemen garrantzitsua da lan egiteko aukeretan azpimarra jartzea. Izan ere, jende askok lan egiten du petrolioaren eta gasaren industrian», azaldu du AIMko kideak..

Horrez gain, Eskozian egin berri diren udal bozetan, Aberdeenshire eskualdean Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak lortu ditu ordezkari gehien: 26 guztira. Haren atzetik, SNPk 21 lortu zituen. Eskualde horretan badago zer egin independentziaren aldeko kanpainan, eta horren inguruan Petriek ez du uste Aberdeenshire bereziki unionista denik, baina bai kontserbadorea. Hala ere, gaineratu du hori ez dela oztopo independentziarako: «Ni kontserbadorea izan naiteke eta independentziaren alde egon. Badago jendea kontserbadorea dena eta independentziari ateak ixten ez dizkiona».

Galdeketa «irabazi beharra» nabarmendu du Petriek, eta, erreferenduma galtzearen inguruko aukeraz galdetuta, kolpe «gogorra» litzatekeela aitortu du: «Beste 20-25 urte itxaron beharko genuke berriro ere beste galdeketa bat egiteko». Petriek baikortasunez ikusten du galdeketa irabazteko aukera. Izan ere, inkestetan berdinduta daude: %50 independentziaren alde eta %50 kontra. «Taktikoki begiratuta, uste dut zaila dela galtzea. Azken kanpainan [2014ko erreferendumean] gezur asko egon ziren, eta unionistentzat, orain, zailagoa izango da kanpaina egitea».

Etorkizun baikorra

AIMko kideak duen baikortasuna ez da harritzekoa iragan hilabetean Eskozian egindako udal hauteskundeetako emaitzei erreparatzen badiegu. SNPk 22 eserleku gehiago lortu zituen, eta Alderdi Berdeak ere hamasei ordezkari gehiago eskuratu zituen. Hori, kontserbadoreek lortu zituzten eserlekuen kaltetan: 63 ordezkari gutxiago eskuratu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.