Inaki Galdos
ARKUPEAN

Macri eta gu

2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Etengabe asaldatuta dago Argentina, badirudi hori dela bere egoera naturala. Atzo bertan greba orokor garrantzitsua izan zuten eta azken asteetan urduritasunez jositako uneak bizi izan dituzte, monetaren balioaren galera eta beste hainbat datu kezkagarri direla medio, Macri presidentearen gobernua Nazioarteko Diru Funtsarekin erreskate berria hitzartzera behartu dutenak. Haatik, berri on bat aipatzearren, garapen bidean dagoen herrialdearen estatusa berrekuratu du bederatzi urteren ondoren.

Baina mundu zabalean zerbaitegatik notizia izan bada, abortuaren despenalizazioaren bidean emandako urrats garrantzitsuagatik izan da azken asteotan Argentina. Senatuaren berrespenaren zain, dagoeneko Diputatuen Ganberak onartua du legea pasa den ekainaren 14tik. Eta norbaitzuei paradoxa iduri lekiekeen arren, beste askoren ustetan despenalizazioaren aurka omen dagoen Macriren garaipena izan da, besteak beste berak lortu duelako gaia mahaigaineratu eta dezenteko normaltasunez bideratzea.

Orrialde hauetan Igor Susaetak eta Gorka Berasategik azaldu zigutenez, herrialdearen egoera ekonomikoaren arreta desbideratzeko asmoz eta presio sozialagatik iragarri zuen martxoaren 1ean presidenteak eztabaida ahalbidetzeko erabakia, bere kritikoen ustez. Ukaezina da hortik ere zerbait (edo asko) baduela Macrik egindakoak, baina iruditzen zait hankamotz geratzen dela azterketa faktore horiek bereziki azpimarratzen baditugu. Are gehiago kontuan hartzen badugu hemengo hainbat sektore ezkertiarrek goretsi izan duten kirchnerismoak urte luzez gehiengo oso zabalak izan zituela ber gauza egiteko.

Aspaldion, Ameriketan ezkerrak galdu eta eskuinak irabazitako gobernuen zerrenda ikusten ari gara. Gertakari garrantzitsua zalantzarik gabe, azterketa sakona merezi duelako azterketa sakonak eta interesgarri askoak sortzen ari dena. Baina, ur handiegitan sartzeko inolako gogo eta asmorik gabe, onartzen dut Argentina kontabilitate horretan sartuta ikusteak zalantza handiak sortzen dizkidala; ñabardurak gehitu beharra.

Utz dezagun beste baterako peronismoaren eta haren familien arteko nahaspila ia ulertezina. Egin dezagun gauza bertsua kirchenismoarekin eta azken urteetan mugimendu horrek egindako ekarpenekin eta bere gainbeheraren arrazoiekin. Kontua da Macri presidentearen koalizioa, Cambiemos, iritsi den tokira iritsi bada ezin dela ulertu eta neurtu garaipen hori batzuk hemendik neurtzen ari diren ezker-eskuin parametroetatik soilik. Egia da presidentearen alderdia (PRO) zentro-eskuineko alderdia dela, baina koalizio zabal horretan UCRko radikalak ere badaude (historikoki euskal jatorriko argentinar askoren alderdia), Elisa Carrióren jarraitzaileak ere bai, eta gure artean zentro-ezkerreko politikari gisa homologa daitezkeen jende eta talde asko. Iazko Txileko hauteskundeen atarian Argentinako kazetari ezagun batek esan zuen bezala, ez ziren gutxi txiletarrak izan balira Sebastián Piñerari eman beharrean botoa Alejandro Gullierri emango zioketen Cambiemos koalizioko jarraitzaile eta politikari argentinarrak. Edo lehenago Bacheleti.

Euskal Herriko hainbat ekimen eta aldarrikapenen propagandista izateko eskatzeaz gain, sarritxoago entzun eta eskatu beharko genieke iritzia diasporako gure adiskide eta senideei euren herrialdeetan gertatzen ari denari buruz, askotan ematen baitu geu ari gatzaizkiela hemendik lezioak ematen eta usu errieta antzekoak egiten han (ustez) bozkatzen dutenari buruz. Agian, entzunaren entzunez, hobeto ulertuko genuke zergatik han eta hemen botoa eman dezaketenetako askok ez duten bateraezintasunik ikusten han Macriri eta hemen Marian Beitialarrangoitiari botoa ematearen artean. Adibidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.