mikel elorza
ARKUPEAN

Okulistarena

2018ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ikusten duguna, irudia, erretinara alderantzikatua iristen da, buruz behera nolabait esan, eta gero burmuinak ematen dio buelta, eta objektuak zuzen ikusten ditugu. Hori omen ikusmenaren funtzionamendua. Bada ni oftalmologoarengana joan beharrean nago, erasaten didan gaitzaren izena jakiteko. Zeren eta albisteak entzun eta ikusten ditut, baina garunak alderantzikatuta prozesatzen ditu, buelta ematen die, eta irudiek edo esaldiek ustez adierazten dutenaren ifrentzua, edo ertza edo ez dakit nik zer entzun eta ikusten dut, ez behintzat ustez transmititu nahi didatena. Sendabidea ez bada ere, gaitzaren izena bederen ea esaten didaten.

Jihadista omen den bat atxilotu dute Gasteizen (ea inork urte batzuk barru Espainian atxilotutako jihadista guztien paraderoaren balantzea egiten duen: zenbat zeuden zerbaitetan benetan inplikatuta...), eta atxiloketaren notiziarekin batera RGIa kobratzen zuela ere esan dute, eta, momentuz, kendu egin diola Eusko Jaurlaritzak. Eta ni dena nahastuta, izan ere, albistea txoriaren kaiolatzea zelakoan nengoen, baina ez, albistea nonbait alpistea zen, eta lasai egoteko, diru publikoak ez zaizkiela terroristei bideratzen, eta azkenerako egin zuen nire burmuinak txiribuelta eta RGIaren emateko baldintzak murrizteko zimenduari porlana botatzen ari zaiola norbait bururatu zait.

Sari-emate batzuetako irudiak ere ikusi ditut egunotan, Bilboko alkatea Bilbo ondo ilustratu duten pertsona talde baten erdi-erdian, argazkian; Urkullu jauna idazle talde baten erdi-erdian, argazkian; eta Eneko Goiaren irudiak telefonoz deitzen urrezko danborra jasoko duenari. Eta nire arima makaldua notiziari buelta osoa emateko gauza ez, eta esan zidan sarituak eurak izango zirela, erdian ageri zirenak, irudietan ageri zirenak; baina nonbait ez, nonbait, Ruper handiak kanta lezakeen bezala, (larriki) sarituak besteak dira.

EH Bildu eta EAJko ordezkariak ere asko ikusi eta entzun, batez ere entzun, ditut egunotan. Aurrekontuen kontura. Ez naiz aurrekontuen azterketa zehatz bat egitera joan —eta beharko nuke iritzia serio emateko, baina...—, baina haien azalpenetan, non batek besteari kargu hartu dion behin eta berriz, eta beregain hartu behartsuen defentsa, nik Miguel Delibes idazle espainolaren eleberria ikusi dut, nabarmen: El disputado voto del Sr. Pensionista. Albiste honek utzi didan poz bakarra da kaleko mobilizazioak, gure nagusienak, politikariak mugiaraz ditzakeela ikustea; eta konfiantza berreskuratzea beraz gure jendarte esklerotizatu honengan. Normala denez, erretretadunek etorri behar izan dute gizartearen odola mehetzera, Sintrom dosietan espezialistak! Frantses estatuan ere jaka horien mugimenduak, zeinaren DNA hain egiten zaidan zaila atxikitzen, lortu du Macron jauna alertan jartzea. Pozgarria da oro har ilunxko datorren mende honetan.

Albisteetara itzuliz, Espainiako Huelvan hil duten emakumea dela eta, ikusi ditut hainbat politikari eta saresozialgile publiko #TodasSomosLaura aldarrikatzen. Gizonezkoak, alegia. Eta ez diot nik borondate onik inori kenduko, baina nire garun jiralari honek ez nau bakean uzten eta diost ni ez naizela Laura. Besteak beste, nik korrika egitera, bakarrik, lasai-lasai irteten dudalako, eta bizkarrean sumatzen dudanean pauso hotsa beldur bakarra da atzetik datorrenak pasa nazan, ni baino azkarragoa dela erakutsiz. Beldur latza emakumezkoa bada ni baino sasoikoagoa dena. Eta «korrika egitera» idatzi dudan tokian idatz dezala norberak nahi duen jarduera: pasiera, mendira, zinemara, etxera buelta...

Eta horrela, ezin albistegi bat lasai ikusi. Frogatu ditut botika batzuk —futbola, Netflix, pintxopotea, Gabonetako giroa—, baina hor jarraitzen du eritasunak. Banoa okulistarenera, beraz, baina badaezpada txanda hartu dut neurologo eta psikiatrarenean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.