Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Pasonibeletik

2019ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Txikitan bizi nintzen auzoan, trenbide-pasagune zahar bat zegoen, langile zaindari eta guzti. Oraindik han dago, baina automatikoki funtzionatzen du. Bide hori maiz egiten genuen, eta horri esker ikasi genuen arrisku handiko tokietan oso erne ibili beharra dagoela. Ongi genekien, adibidez, adi-adi begiratu behar dela inguru osoan, ezkerrera zein eskuinera, nonahitik etor daitekeelako makinatzarra eta ia beti, iragarri gabe. Ongi genekien itxaron egin behar genuela pasaguneko hesia erabat ireki arte, zirrikitu batetik pasatzeko tentazioa handia izanik ere, zaila delako norberaren indarrak neurtzea. Pasonibela zaintzen zuen langileak sirena jotzen zuen trena zetorrela abisatzeko, auzune osoan entzuten zena, eta hura isildu arte denok genekien ezin ginela hurbildu. Eta segurtasun-arau horiek guztiak biribiltzeko edo, kartel handi bat ere jarrita zegoen pasaguneko etxola zaharrean, zain egoten ginen denboran ikara apur bat sortzen ziguna: «Kontuz: tren bat igaro eta gero beste bat etor daiteke».

Pasonibel handia da azken bolada luzean Espainiako politikagintza eta gurean eragiten duen kalapitarengatik besterik ez bada ere, zentzumen guztiak erne izatea, ezkerra eta eskuina zelatatzea komeni da, eta ireki ahal diren zirrikituetatik pasatzea erabaki aurretik, zuhurtziaz aztertu inguru osoa, zer gerta ere.

Tren bat pasatu zen Espainiako gobernagarritasunaren norantzan apirilean, eta kalte handiak eragin zituen botere-aukera zuten alderdi ia guztien artean. Egitez edo ez egitez, zentro-ezkerrean gobernua osatzeko aukera zuten bi alderdiek jasan zuten kolperik handiena, emaitzek emandako egokiera alferrik xahutu zutenean. Ezinaren ezinaz, kartak berriro partitzea erabaki zuten, musean bezala, txikia txikiegia zelakoan, edo handiarekin nahikoa ez zutelako. Jokoa arriskutsua zela nabarmena zen, baina zuhurtziak baino, beste zerbaitek izan zuen pisu handiagorik. Adrenalinak?Egoek? Lidergo hiper-puztuek? Auskalo.

Joan den igandean, bigarren trena inguratu zen. Zauria zenbaterainokoa zen neurtzeko orduan iritsi zen, eta lehendik mailatuta zetozenek kolpaturik amaitu zuten gaua. Ihes egindako botoek ahulago utzi dituzte alderdi sozialista eta Unidas Podemos, eta ihes egiten utzitako aukerak sinesgaitzago utzi ditu. Sostengu eskasia negoziatu eta aliantzak eratuz konpondu daiteke, baina konfiantzaren zauria zailagoa da, askoz gehiago, osatzen. Orban itsusia erakutsiko dute hemendik aurrera, eta puska baterako.

Ezustea izan da niretzat joan den igandeko boto-saldoa zenbatu eta 40 ordutara gobernu-hitzarmena adostu dutela jakitea. Gutxi dakigu hitzarmenaren hizki txikiez, baina itxura du uda osoan zehar gainditu ezin zitezkeen langarik altuenak aise pasatu dituztela orain, estropezurik egin gabe. Noizbait jakingo dugu zerk egin duen bideragarri orain arte bideraezina zena. Susmoa dut kartelak iragartzen zuen beste tren hark harrapa zitzakeela ikusita bizkor mugitu dira. Aurreak erakutsi ohi du atzea nola dantza, eta bistan da larritasunak efektu terapeutiko handia izan duela.

Pasonibelean jarraitzen dute, jarraitzen dugu, zirrikitu bat ireki bada ere, hesia ez baita guztiz altxatu; joko politikoak oraindik ezuste bat baino gehiago emango digu. Ezkerretik zer etor daitekeen begi batez behatu, eta bereziki, eskuinetik datorrenari ez begirik kendu. Gurean ez du oraindik tokirik eskuratu, baina ez da gutxietsi behar. Titanic-a hondoratzen ari zen bitartean goiko kubiertako bidaiariek dantzan jarraitzen zuten, lasai, ura orkatiletaraino bakarrik heltzen zitzaiela ikus eta handik ez zela pasako sinistuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.