ARKUPEAN

Puntaren puntan

Mikel Elorza -

2020ko urtarrilak 15

Zaleak gara gure eta gutarrak mundu zabalean zein unibertso estuan bilatzen. Identifikazioak txinparta eragiten du gure barreneko ez dakit zein kiriotan eta izenarekiko (eta izena daraman pertsonarekiko) definitzen zail den baina hor dagoen lotura bat eratzen da, eta gutar batek egin duen gauza handi edo eder horren zatiño batean ere parte bagenu bezala sentitzen gara, guk ere egin bagenu bezala. Nabarien guretako batek zerbait irabazten duenean gertatzen da, txapel, domina edo delako oroigarriaren koskatxo batek gure apalak apainduko balitu bezala.

 

Gure guztiak ez dira hain gutar, dena den.

Ez dut suhartasunik sumatu Arantxa Gonzalez Espainiako Kanpo Arazoetako ministro izendatu dutenean. Eta hori jarrera oso gutarra ausarki erakutsi duela lehen minututik. Ministro gisa lehenik hitz egin duelarik, esan du: «Spain is back, Spain is here to stay». Hori da! Aspaldian gure ekimen eta egitasmo eta erakunde gehienak ingelesez bataiatu ditugunontzat ordezkari aproposa da. Izan ere, esaldia bota eta hurrengo azalpena da aztertzekoa, kamera geldoan ikustea merezi du, ingelesez egin izana nola argudiatzen duen: zalantza une baten ostean, «entendituko gaituzten hizkuntza delako» esaten du, baina kontrako eztarritik baletorkio bezala, zeren eta bihotzetik mihira zihoakion esaldia zen, igarri egiten da irudietan: «Gu guztion hizkuntza delako». Basque Countryn aspaldi dakigu hori, tolosar batek erakutsi behar Madrilen, noski.

Baina hala ere, ez dugu ministroa gutartzat aldarrikatu. Identifikazioaren geneak bai baititu galgak. Politikan identifikazioa ez dago rh-aren baitan, alderdiko karnetean baizik, eta hala, Hollywoodeko film batean behin parte hartu zuen bermeotar baten birbiloba gure zakura sartzen dugu, baina Urdangarin edo Maritxalar deitura duten birigarroak ez. Pasekoak dira horiek, nonbait.

Identifikazio selektiboa.

Kontu honetan kirola adierazpide gorena da, jakina, testosterona dosi gehiegizkoekin hornituta. Baina beste eremuetan ere gertatzen da. Zinema dela-eta, adibidez, kaktusak ere nazkatzerainoko lata emango digute gure medioek datozen sariekin. Sariok artifizialetik eta itxaferotik daukatena onartuta ere, hankarteak izerditzen ibiliko gara alfonbra gorrien, soineko luzeen eta pajarita ergelen distirak liluratuta. Harritu egiten nau, benetan, zinema-sariekiko entusiasmoak (eta larritu, benetan, alienazio barneratuaren gogorrak). Sekula pentsatuko Oscar sariei segimendua egingo genienik, ez bazen lentejuelen islak ezkutatzen duena salatzeko, baina ez, martxa honetan laster gara Goya sarien ekitaldian «Ez-dakit-zer Films, egurre!!!» pankartarekin. Filma espainolezkoa izanda ere berdin du, gainera, askatasunez bizi baitugu aro hau, hizkuntz-askatasunez. Eta lasai aldarrikatzen dugu gure jardun komunikatibo eta kulturazkoetan, normaltzat joz taldeek ingelesez edo gaztelaniaz kantatzea, «zergatik ez!», txiolandian ziento bat lagun euskaldun gaztelaniaz natural aritzea, «zergatik ez!, zer du txarretik?»; eta abar. Identifikazioari homologazioa gehitzen asmatu dugu eta aurrera doan herria gara, Basque Country experience, eta inoiz lortuko dugu Eurovisionen euskal ordezkari bat izan eta ingelesezko kantu batez parte hartzea eta hortxe denak, esku batekin segapotoan aldeko bozkak ematen eta bestearekin ikurrintxoa astintzen, emozionatuta (ikurrin gurutzebiduna alde batetik, beste aldetik Nafarroakoa, badaezpada, zatiketa ekidin eta garaipena ziurtatzeko). Herri homologatua izango gara, orduan. Gorotzaren puntaren puntan egongo gara, baina gorotza shit king size bat izango denez, gu pozik. Identifikatuta eta homologatuta.

Ministro tolosarrarekin ados nago: Spain is back. Eta Basque Country ere bai. Oso-oso back. Eta kosta behar zaigu front-era ekartzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna