ABIYREN APUSTUA

Tigrayn gerra hasteko Etiopiako lehen ministroaren erabakiak agerian utzi ditu sistemaren ahuleziak eta mugak, herrialdearen etorkizuna kolokan jartzeraino. Irtenbide politikorik izanez gero, kontuan hartu beharko dute federalismo etnikoak eta sistema zentralizatuak ez dutela funtzionatu.

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroa Oslon, 2019ko abenduan, Bakearen Nobel saria jaso aurretik. TERJE PEDERSEN / EFE.
ander perez zala
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Bakearen Nobel saria jaso eta 11 hilabetera, Abiy Ahmedek gerra bat abiatu zuen bere herrialdean. Eta, harrigarriro, badirudi ez duela ongi kalkulatu zer egiten ari den.

Etiopiako lehen ministroa, haren izaera, hari buruzko testigantzak eta azken hilabeteotan hartu duen joera aztertuz gero, sentsazio bat gailentzen ari da: Abiy erabat murgilduta dagoela handinahikerian. Iazko abenduko adierazpen batzuk izan daitezke horren erakusgarri: agintariaren ustetan, munduan bi potentzia izango dira 2050erako; horietako bat, Etiopia.

Wolbert Smidt historialariak Der Spiegel aldizkariari azaldu dion modura, «talde etsaien arteko oreka ahula segurtatzea ahalbidetu zuten legeen eta erakundeen gainetik bere burua jarri zuen» lehen ministroak. Esaldi hori giltzarria da egungo egoera ulertzeko, Tigrayko —edo Etiopiako— gerrak agerian utzi baititu sistema baten, oreka batzuen eta harremanen arteko mugak eta ahuleziak. Herrialdearen etorkizuna bera, egungo forman behintzat, zalantzan jartzeraino.

Etiopia Afrika ekialdeko herrialderik handiena da, indartsuena eta, urte luzez, egonkorrena, baita «terrorismoaren kontrako borrokan» aliatu leiala ere nazioarteko hainbat agintarirentzat. Iazko azaro hasieratik, aldiz, erabat kontrakoa da: desegonkorra da, gosetea zabaltzen ari da, errefuxiatuak milaka dira, eta gerrako bi aldeek egin dituzte gerra krimenak —armada federalaketa haren aliatuek, eta oinarri marxistak dituen TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen indarrek—, Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Abiyk azaldu zuenez, gerra abiatu behar izan zuen TPLFk armada federalaren Mekeleko (Tigrayko hiriburua) base baten aurkako erasoari erantzuteko —tigreek beti ukatu dute hori egin izana—; lehen ministroak aginduriko erasoaldia ikusiz gero, argudio soil horrek oinarri gutxi du, oldarraldiaren eskala handiak agerian utzi baitu aurrez antolaturikoa izan zela, eta, hortaz, azken urteetako tentsioen eta desadostasunen ondorio dela talka.

Ordea, ez dago oso argi Etiopiako lehen ministroak zergatik ez zuen egungo egoera aurreikusi. Gobernuburu kargura iritsi aurretik, herrialdea hiru hamarkadatan gobernatu zuen aliantzako inteligentziaburu izan zen —hainbat etniak osaturiko EPRDF Etiopiako Herriaren Fronte Demokratiko Iraultzailean—, eta horretan TPLFko tigreak ziren nagusi, kargu militar askoren eta ekonomiaren kontrola izanda.

EPRDF agintean zela, etnietan oinarrituriko federalismoa egon zen indarrean, horiei guztiei autodeterminaziorako eskubidea aitortuta. Praktikan, ordea, logika hori ez zen beti aplikatu, eta komunitate guztiak modu berean tratatu ez izanak protestak eragin zituen, batez ere oromo eta amhara etnietan; biztanleriari buruzko datuak argigarriak dira: tigreak %6 dira; oromoak, %34; eta, amharak, %27 —denera 80 bat etnia daude—.

Testuinguru horretan, EPRDFk Abiy izendatu zuen lehen ministro —oromoa da—, TPLFren kontrako iritziarekin, eta egungo karguduna erreforma politikoak egitearen alde agertu zen, sistema zentralizatu baten bidez. Tartean, EPRDF bere alderdiarekin ordezkatu zuen koalizio berri bat osatuz —Oparotasunaren Alderdia—, eta horrek guztiak tigreen haserrea eragin zuen, indar horretatik kanpo geratzeraino.

Ia hiru hamarkadatan herrialdea gobernatu zuen elite bat —batzuentzat, modu autoritarioan—, hortaz, Addis Abeba hiriburutik Tigrayra itzuli zen, eta 2018an are gehiago handitu zitzaien lehen ministroarekiko gorrotoa, tigreen etsai den Eritreako presidente Isaias Afwerkirekin bake akordioa sinatu zuelako —horren harira irabazi zuen Bakearen Nobel saria—; itunak bi herrialdeen arteko gerra amaitu zuen.

'Medemer' estrategia

Lehen ministroak azaldua du agintaldiko bere estrategia,medemer (batura edo batasuna) izenekoa: Etiopiako nazioa eraikitzeko orain arteko saiakera guztiak laburbiltzea, eta herrialdeko etniak identitate komun batean integratzea. Tigrayko gertakariek, baina, agerian utzi dute ez dela egingarria, Abiyk urteotan herrialdea zatituago utzi baitu elkartuago baino, eta, egiari zor, etnia askok ez dutelako autodeterminazio eskubidea galdu nahi.

Horrek azaltzen du, besteak beste, oromo etniako OLA Oromo Askapenerako Armada TPLFrekin elkartu izana —nahiz eta historikoki etsaiak izan—, eta, gerora, beste zazpi talde haiei batu izana lehen ministroaren kontrako Etiopiako Indar Federalisten eta Konfederalisten Fronte Batua aliantza osatzeko.

Gaur-gaurkoz, Addis Abebatik 160 kilometrora daude, eta, egunek aurrera egin ahala, haien garaipenerako aukerak geroz eta handiagoak dira; arrakasta izanez gero, tigreentzat oso erakargarria bilakatuko da 1991ko irudia errepikatzea, hiriburua hartu zutenekoa gerra zibilari amaiera emanez.

Etiopiaren etorkizuna ezezaguna da. Abiyren apustuaren orain arteko porrota ikusirik, deszentralizazio handiagoa izan liteke irtenbidea, independentzia erreferendumekin batera, oposizioko aliantzaren izenak iradokitzen duen modura. Zehazki, bederatzi taldeek babesa helarazi diete «demokraziari, berdintasunari eta autodeterminazioari», eta beren burua «trantsiziorako gorputz politiko» gisara aurkeztu dute.

Aldiz, helburua herrialdearen etorkizuna bermatzea bada, Nic Cheeseman politologoak eta Yohannes Woldemariam akademikoak hiru baldintza zerrendatu dituzte: bake iraunkorra egonkortzea, gerrak suntsituriko eremuak berreraikitzea eta Etiopia zer denari buruz ados jartzea. Horri gehitu behar zaio egoera ekonomiko desberdinek etnien artean sorturiko gatazkak bideratzea.

Hori bai, gauza bat argi dago: etnietan oinarrituriko federalismoak eta eredu zentralizatuak ez dutela funtzionatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.