Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Barkuak vs etxeak

2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Hiru elkartetako bazkidea naiz. Hirurak dira euskal elkarteak, joan den mendeko laurogeiko hamarkadaren eferbeszentzian eratuak. Hirurek abizen bana erantsi zidaten 20 urte inguru nituela (eta label euskalduneko abizenik gabe jaio ginenentzat, euskal herritar sentitzeko modu bat izan zitekeen ixalari edo ixatzaile bakoitza), baina 36 betetzear nagoela ez dut bazkide kuotarik ordaindu behar curriculuma idazteko. Baja ematea pentsatzen ari naiz, ez baitakit elkarteok nora doazen eta zer zentzu duen bazkidetzak gaur egun. Lankidetzarako GKEak balira, jakingo nuke hego hemisferioko lurralde azpigaraturen bati laguntzen ari zaizkiola; bazkunak balira, esango nuke ogibide jakin baten defentsan pasatzen dutela denbora.

Bernardo Atxagari ikasi nion enpresa publiko eta pribatuen arteko aldea bilatzeko modurik errazena. Ez omen da dirua, denbora baizik. Enpresa pribatuek ez dute denborarik: zenbat eta azkarrago egin lan, orduan eta lan gehiago egin ditzakete, eta, beraz, mozkin handiagoa irabazi. Enpresa publikoek, aldiz, munduko denbora guztia dute: «bilera honetan ezin badugu aztertu, hurrengo hilabetekoan aztertuko dugu», eta kito. Eta elkarteei begiratzen diedanean, gogoratzen dut jatorriz diru-irabazi asmorik gabeko enpresa pribatu gisa irudikatzen nituela, erakundeen erabaki politikoen aurrean aske izango ziren mugimendu gisa, baina orain zalantza sortzen zait, eta ez dut jakiten enpresa pribatuen edo publikoen zakuan sartuko nituzkeen.

Elkarteok ezagutu nituen garaian barku gisa irudikatzen nituen. Barkuak portuan egoten dira seguruen, babesean, baina ez dira horretarako eraikitzen: euren egitekoa itsaso zabalera irtetea da, altxorrak bilatzea, Amerika aurkitzea... Erronka handiak dira, mundua hobetu nahi duten abenturazaleen erakargarri. Hala ere, barkuek helburu zehatza dute itsasoratzen diren bakoitzean. Kapitainak argi du helmuga eta arraunlariek ez dute aurrera begiratu behar nora doazen jakiteko. Eskifaia konprometitua da eta predisposizio handia du arriskuaren aurrean: ez daki zer topatuko duen olatuen lautadetan, baina prest dago unean uneko enbata eta piratei nola edo hala aurre egiteko. Gainera, espedizioa bertan behera geratzen bada, marinelek erraz aurkitzen dute lana beste barku batean, kontramaisuak eta lemazainak ontzi guztietan behar baitira.

Egungo elkarteek, aldiz, etxeen itxura dute. Etxeak toki seguruak dira, babeslekuak, abaro lasai eta erosoak. Etxean giro gozoa bilatzen dugu, elkar zaintzen dugu eta maite ditugun gauzak gordetzen ditugu. Sukaldeko mahaian hitzaspertu ederrak egiten ditugu gonbidatuekin, komunean eserraldi luzeak egiten ditugu amaigabeko hausnarketetan; baina etxeak ez doaz inora. Eta etxea txukun mantentzea lana da, eta dirua, eta horrelako etxeetan ez dago nagusiarekin ados egongo ez den Juana Bixentarik. Eta etxea hondatzen bada, etxeko gauza gehienek zabortegian bukatzen dute, etxe bakoitzak partxisean aritzeko arau desberdinak baititu.

Barkuen muina helmuga da, helburua betetzea; etxeena, pertsona, harremanen zaintza. Muturrak ez dira perfektuak, baina nahiago nituzke helburu argi batekin beti urrunago heldu nahian bizi diren elkarteak, aldirik aldi itsaso berrietara iritsi nahi duten barkuak. Aukeran, bai, hobe barketxeak balira denak, pertsonak eta helburuak berdintsu jagoten dituzten egitasmoak. Segur aski, egungo etxe gehienak barku izango ziren garai batean, eta nekatuko ziren itsasoaren ziurgabetasunaz, baina mundua ezin da pijamatan deskubritu.

Hiru elkartetako bazkidea naiz eta bateren batean baja ematea pentsatzen ari naiz. Eta zergatik ez baja eman denetan? Bada, ez dudalako ezagutzen elkarte bateko bazkide ez den euskaldunik, eta 36 urterekin oraindik gaztea naiz lehenbizikoa izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.