Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Arantzazuko oharrak

2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Aurreko astean Oñatiko Arantzazun izan nintzen lanean, Euskaltzaindiaren XVII. Kongresuan. Larunbatean, azken ekitaldiaren ostean, aretoa txukuntzen ari ginela, azken lerroko jarleku baten gainean norbaitek ahaztutako ohar batzuk topatu nituen. Kongresu osoan zehar idatzitakoak dirudite, baina ez dute izenik. Jabeak aurki ditzan, arkupeko txoko honetan argitaratzea egokia begitandu zait. Hauexek dira:

Biltzarra: 80 hizlari (zenbat euskaldun berriak?), 2'5 egun, 26 berba-ordu, 6 interprete, hamaika kazetari, 50 urte, 300 bat entzule, ekitaldi bi, adierazpen bat, beste argazki bat. Hiru ardatz: euskara, euskaldunak eta Euskaltzaindia. Euskara: 4.975 aditz, 2.822 adberbio, 8.238 adjektibo, 26.554 izen, 190 arau, estandar bat. Euskaldunak: 922.640 hiztun, 1.185.500 belarriprest gehienez, 1.957.482 erdaldun, gizarte bat. Euskaltzaindia: 100 urte, 7 lurralde, 647 euskaltzain, 88 oso, 102 ohorezko, 457 urgazle, hainbat behargin, akademia bat.

Euskara batuaren premiak: hasteko, euskara batua, euskalkiak eta tokiko aldaerak erabiltzeko plangintza egin behar da, zer-zelan-non erabili behar den zehazteko. Gogoan izan euskal herritarren %80ren etxeko hizkuntza ez dela euskara, beraz, herritarren gehiengoa euskalkirik gabekoa da ziurrenik. Tokian tokiko estandarrak sortu behar dira? Kontuz bertakotutako euskara batuekin: «gura» aditza Bilboko ume batentzat «nahi» aditza baino parajeago dago? Bigarrenik, euskara batuaren erregistroak garatu behar dira: tabua, argota, lagunartekoa, informala, neutroa, formala, ofiziala eta burokratikoa. Hizkera espezializatuen bilakaera ere lan handia izango da, etengabea eta amaierarik gabekoa. Hirugarrenik, ahozko euskara batuari buruzko orientabideak behar dira: duela berrogeita hamar urte idatzia arautzea zen lehentasuna, egun ahozkoak du premiarik larriena. Laugarrenik, terminologiarako hiru ildo: bat, egonarria termino berriekin («artatu» lehen aldiz irakurri genuenean harritu baginen ere, hamargarren aldian ez zigun traba egin); bi, batua kanonikoak sartaldeko berba gehiago behar du; eta hiru, sormenak salba gaitzala.

Euskaldunentzako neurriak: lehenik, euskara batuaren sozializaziorako itun handi bat egin behar dute euskal hedabide publikoek (ez al zen horretarako sortu EiTB?). Bide batez, hizkuntzaren irudia eta marka hobetzea ondo legoke. Bigarrenik, hiztun osoak lortzeko urratsak zehaztu behar dira: euskalduntzea ezin da izan Asterixen 12 proben alegoria. Hirugarrenik, «naturaltasunaren jarrera erosoa» salatu eta desagerrarazi beharra dago: ez du balio euskaldun zaharrek esatea «gure etxean horrela esan izan dugu beti» eta jarrera hori lehenestea. Euskara zuzen, jator eta egokia liburuetan eta webguneetan dago. Azkenik, hizkuntzarekin lanean diharduten herritarrei, hau da, lidergo linguistikoa duten profesionalei tresnak eta orientabideak eman behar zaizkie, akademiaren ohiko abiaduran baino azkarrago dabiltzanean, erdal terminoen euskarazko baliokideak sortzen jakiteko.

Eta hirugarrenaz, Euskaltzaindiaz, bi puntu. Batetik, paradigma aldatu beharra: honaino ekarri gaituzte estandarizazio prozesu on batek eta sozializazio pattal batek. Araugintzak aurrera egin behar du, baina euskararen egungo atakan, euskara zaintzearen lidergoan hizkuntzalariek bigarren plano batera pasatu behar dute. Aizkora zertaz egina dagoen ez zaigu hainbeste ardura jadanik, kontua da egurra mozten duen ala ez. Bestetik, erakundeak eboluzio beharra du: arauak, hobespenak eta jarraibideak eman beharko ditu gerora begira, malgutu eta modernizatu. Zorionez, webgune berria eta Euskara Batuaren Eskuliburua noranzko horren koordenatu argigarriak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.