ARKUPEAN

Erantzunik gabe

Iñaki Galdos Irazabal -

2019ko urtarrilak 8
Aspaldi elkar ikusi gabe, basoerdi baten bueltan ganora handirik gabeko solasaldian, supituan bota zidan orain hurrengoan adiskide zahar batek oso erradikal ikusten ninduela Kataluniako aferan eta ez zuela garbi nire egungo jarrera garai batean euskal politikan ezagutu zidanarekiko guztiz koherentea zen.

Bere gogoeta zorrotz bezain gordina eskertu nion eta saiatu nintzen azaltzen oro har bertsu pentsatzen jarraitzen dudala. Neurri handi batean konforme nagoela gure agintariek erakundeetan egindako lanarekin eta ez dudala emandako botoaren damurik. Hori bai, bekatari, onartu nion alderdi edota erakunde baten gidaritzan ez egoteak arinkeriarako arriskua areagotu egiten duela. Baina onartzen hasita, batez ere onartu nion Kataluniakoak biluztu egin gaituela neurri batean eta erantzunik gabe utzi nauela hainbat aldiz. Eta, are okerragoa dena, erantzunik gabe sumatzen ditudala ardura politikoak dituztenetako asko, berebiziko garrantzia duten zenbait galdera mahaigaineratzen direnean.

Aurreko udan EHUk antolatutako ikastaro batean Ibarretxe lehendakariak galdera bota zien hizlariei: nola adosten da erreferendum bat, adostu behar duzun solaskidearen aulkia hutsik badago? Handik aste batzuetara idatzitako artikulu interesgarrian Juanjo Alvarez katedradunak zintzo onartu zuen erantzunik gabe gelditu zela galdera hura —bera zen hizlarietako bat—, nahiz eta artikulu horretan saiatu zen Ibarretxeren egarria asetzen.

Adibide bat da, Kataluniarako hemendik igortzen diren mezu eta aholku askoren ahuldadea erakusten duena, antzutasuna ez denean. Hitz egiteko, esertzeko, negoziatzeko, adosteko, keinuak egiteko... behin eta berriz luzatzen diren eskaerak iraingarriak ere gerta dakizkieke han, sarri ematen baitu ahaztu egiten dugula Kataluniako gehiengo zabalak 2004an hasita pazientzia infinituarekin egindako ibilbidea, zer eta hasieran estatutu berri bat onartzen saiatzeko. Eta naif kutsuko eskaera horien parean, eredu gisa jartzen dizkiegu Eskozia eta Quebec, eurek milaka aldiz aldarrikatu ez balituzte bezala.

Gehiengo handiagoen beharra azpimarratzen da behin eta berriz hemen Kataluniako independentismoak helburua lor dezan. Ez dago zalantzarik hala dela; han bertan ere onartzen dute base soziala handiagotu beharra dutela. Baina aldi berean batzuetan iruditzen zait azken heldulekua dela hori Kataluniakoarekin deseroso dauden hainbat euskal politikarientzat, galdera labainkorrak saihesteko balio duen heldulekua. Gainera, ahaztu egiten zaie dagoeneko Madrilen esana dutela askoz ere gehiengo zabalagoarekin ere ez litzatekeela ezer aldatuko.

Lehen ere esanak gaude ulertzen dugula EAJren nahia Kataluniakoak gurea ez zipriztintzeko. Are gehiago, asmatu ere egiten du, gurean dagoen giroaren irakurketa zuzena eginez. Baina horrek ez du esan nahi han gertatzen denarekiko dituen hainbat jarrerak kezkatzen ez gaituztenik. Benetan tristea da onartzea, baina egun proposatzen duena gainditua eta antzua dela jabetuta, erantzunik gabe dirauten galderei erantzutea da batzuok eskatzen duguna. Ibarretxe lehendakariak bota zuen bat ikastaro hartan eta ondo laburbiltzen du kezka: zer egin behar da fede onez, pazientzia mugagabez eta jarrera eraikitzailez proposatu den guztiari ateak itxi zaizkionean? Inoiz zilegi izango bada, zenbateko gehiengoarekin izango da zilegi aldebakarreko urratsak egitea Estatuaren erabateko itxikeriaren aurrean?

Gure etorkizunera begira ere ezinbesteko ariketa iruditzen zait hori, irristakorra izan arren. Bide batez, horrela jakingo dugu ustez gertukotzat ditugun hainbat buruzagi politiko benetan ditugun hain gertuko. Gai honetan bederen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna