Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Zumalakarregiren mendekua

2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Bilbo hain garrantzitsua zen ezen osaba Tomasek lursagar arrautza-opila asmatu behar izan omen zuen. Haren hasierako asmoa ez zen Bizkaiko hiribildua setiatzea, Gasteizi eraso egitea baizik, handik gero Madrilera abiatzeko... baina karlistek argi zuten Bilbo garrantzitsua zela eta mendean hartu beharra zegoela. 1835. urtea zen, duela 184 urte. Tomas Zumalakarregi Imaz jeneral ormaiztegitarrak sukalde-berrikuntza baliatu behar izan omen zuen Bizkaiko hiriburua setiatzen ari ziren soldaduen gosea asetzeko, Bilbo garrantzitsua baitzen. Bizitza galtzera ailegatu zen setio hartan, Bilbo garrantzitsua baitzen. Duela 184 urte garbi zeukaten. Gaur egun?

Bilbo, euskal idiosinkrasiaren estereotipoari jarraiki, kanpokoen aipamenek egin zuten handi. Mendez mende, euskaldunon irudia ez dugu euskaldunok eraiki, kanpotik behatutako bitartekariek baizik: Estrabon greziarrak erabaki zuen erdaretan basque edo vascoak izango ginela, Aimeric Picaudek zabaldu zuen euskaraz aritzea adausika jardutearen parekoa zela, eta Voltairek berdindu gintuen jauzika eta irrintzika dabiltzan iratxoekin. Bada, modu bertsuan, Bilbori fama portuak eman zion, kanpokoentzako ateak, Nerbioi itsasadarrean kokatutako kaira iristen ziren itsasoz bestaldekoek, edo Gaztelako landetatik Herbeheretako merkatuetara txanpon bihurtzera joaten ziren artileek. Bilbo garrantzitsua zen.

Zorionez, Bilbok badu erreferentzia andana euskal iruditeria partekatuan, mapamundian ez ezik, Euskal Herrian ere presente egon izan dela pentsatzeko: «Arratiko gizona Bilbora doa maiz...», «Nerbioi ertzetatik Santurtzitik Bilbora...», «ttinkirrikittin atzo nintzen Bilbora», «Vitoriatik Bilbaora»... Hara, bururatu zaizkidan adibideei erreparatuta, une batez zalantza sortu zait Bilbo hain presente egon ote den Euskal Herrian, letrak ahapeka kantatuta, ez baitago argi euskararen territorio librearen mugarrien barruan kokatzen ote den Gabriel Arestiren jaiotiria. Norbaitek xuxurlatuko dit «zaharra zara, Bilbo», baina hirian galduko da ondoren, letrari tiraka, medikutan eta erosketetan astean behin etortzea ez baita hiria bere sentitzeko nahikoa; beste norbaitek esango dit «Bilbo da hamaika kolore», baina euskararen gorria ziutatearen zumardi eta etorbideetatik at bizi dela ikusiko du paseoari ekin bezain laster, errebaleko hizkuntza periferikoa balitz bezala, Zumalakarregik errazen konkistatuko lituzkeen auzoetakoa hain zuzen.

Bat baino gehiago haserretuko zait esaten badut Bilbon ezin dela euskaraz bizi, eta seguru nago arnasgunetik arnasgunera euskaraz bizirauten duen nomada kopurua azken hamarkadetako handienetakoa dela, baina azter dezagun zer den euskaraz bizitzea. Utz iezadazue sinpleki esaten bizitza osatzen duten elementuak familia, lana eta aisia direla. Bizitza familian hasten da, eta Bilbo erdigunean gutxi dira etxeko txikienak etorkizuneko hitzezko eta ekintzazko euskaldun bihurtuko dituzten ikastetxeak; zergatik daude Bilboko ikastolako gehienak aldirietan? Bizitza lana ere bada, eta, horren adierazle, hiriaren erdigunea egun eta gau argitzen du Abandoibarrako dorreak. Bilbon dute egoitza nagusia Iberdrola, Kutxabank edo BBVA bezalako enpresa handiek: euskal kulturako zenbat elkarte eta erakunde nagusik daukate egoitza Bilbon? Azkenik, aisialdirik gabe bizitzea ez du merezi, eta kulturarik ez denez kulturgilerik gabe... zenbat dira azken hamarkadetan Bilbon jaio eta bizi izandako sortzaile euskaldunak?

Duela 184 urte garbi zuten Bilbo garrantzitsua zela. Egun bateko konkistek hurrengo batailarako gogoa pizten dute, baina ez dute gerra irabazteko balio izaten. Bada garaia Bilbo konkistatzeko; eta, kontrakoa pentsatzen baduzu, begirune hutsagatik bada ere, ez zenuke patata tortilarik jan behar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.