mikel elorza
ARKUPEAN

Funtsaren funtsa

2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Gizakiaren asmakizunik handienetakoa da, handiena ez bada: dirua. Existitzen ez den zerbait, fikzio bat, fikzio hutsa. Erabaki genuen, noizbait, erabiltzen hastea, eta gaur egun zalantza da nork nor erabiltzen duen. Ikaragarria da hartu duen dimentsioa; balio huts batek, ideia huts batek, gure bizimoduak nola gobernatzen dituen.

Azken egunotan jakindako albiste batzuk medio akordatu naiz horrekin, fikzioaren indarrarekin. Euskaltel enpresa Zegona britainiarraren eskuetan gelditu dela jakin dugu. Albisteak oihartzuna du, euskal zera gal dezakeelako enpresak, eta beraz horrek nahigabetu egiten gaitu, gugandik beste batzuengana doalako.Batzuek esango duzue akaso futitzen zaretela Euskaltelez eta hori benetan ez dela gutarra, baina aizue, enpresen alorrean ere 0 kilometroa ezartzea da kontua. Letxugak herrikoak, zainzuriak nafarrak, patata arabarra eta telefono-konpainia Zamudiokoa.

Gustatzen zaitZegona «britainiarra» esaten denean. Zegona, izatekotan, dirutarra da. Inbertsoreen funtsek osatutako enpresa bat da, ezer ekoizten ez duena, zeinaren misioa —hala diote eurek, euren jarduna definitzen: «Mission and Vision»— teknologia alorreko enpresetan dirua sartzea den, etekinak ateratzeko. Erosi-Konpondu-Saldu estrategia omen da. Dirua, diru gehiago egiteko.Hori da enpresa horren funtsa: funtsak dira enpresa horren funtsa.

Deslokalizazioaz aparte —aspaldi jaten ditugu Peruko zainzuriak, letxuga frantsesak eta batek daki nongo patatak, eta Movistar, Orange edo Vodafonerekin deitu—, despertsonalizazioarenak ematen du beldurra. Dirurik gabeko pertsonak betidanik ezagutu izan ditugu, baina arraroago zaigu pertsonarik gabeko diruarena. Eta badakit diru horren atzean norbait dagoela, han urrunean edo hemen hurbilean, baina guretzat, praktikan, ez balego bezala da. Zeren eta akaso pertsonek sinatuko dituzte erabakiak, digitalki noski, baina ez dakit diruak berak ez ote dituen hartzen. Ejekutiboak panpinak lirateke, diru sabeliztunaren eskuetan (HAL 9000 datorkit burura, arraioa)...

Euskaltelenaz gain, komentario baten bitartez jakin dut Huescako bizilagun batzuen kexua, hango zaharren egoitza baten zerbitzuen kaxkartze latza dela-eta. Eta Huescakoa bezala... murrizketak ez baitatoz gobernu batetik, egoitza horren (eta beste askoren) kudeaketa hartua duen enpresatik baizik, zeina bi arrisku-kapital enpresak erosia duten. Arrisku-kapitalak erabakitzen du, eta hari ez hitz egin edadekoen premiez, hitz egin mozkinez. Hizkuntza bakar hori du. Arrisku-kapitala, izena bera edonor dardaraz jarraraztekoa da.

Eraikuntza alorrean ez dakit, baina etxebizitza alorrean krisi latza bizi dugu: izan ere, krisia niretzat ez da etxerik ez egitea, ez da ekonomikoa... ezpada jendeak, jende gehienak, etxe bat ezin erostea, ezin alokatzea; hori da krisia. Arazoa izugarria da, eta jakiten duzu etxejabe handienak inbertsio-funtsak direla. Putre-funtsak deitutako horiek.Zoaz putreei Juana Bixenta Olaberenak kantatzera!

Etxeak dauzkate, enpresak, elikagaien gaineko eskubideak—Nigerreko alearen prezioa, eta beraz gosetea, Chicagoko burtsan erabakitzen da, diruak erabakitzen du—, komunikabideak, futbolariak... eta eduki ez daukate ezer: daukate dirua, diru gehiago egiteko praktika eta estrategiarekin.

Oso boladako egon den liburu batean (Sapiens, Yuval Noah Harari) azaltzen da diruaren sorkuntzarena, fikzioarena; ez naizena akordatzen da azaltzen ote duen noiz galdu ginen haren menera. Dirua guk erabiltzetik hark gu manejatzera noiz igaro ginen.

Inongo pasaportetan agertu gabe, lurralde eta banderarik gabe, mundua menpean hartu duen izaera da: dirutarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.