Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

1-6-16-61

2019ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Bizitza Trivial Pursuit-eko partida balitz, irabazlea izango litzateke heriotzak harrapatu baino lehen gazta zati guztiak lortzen dituen jokalaria. Mahai-jokoan bezala, kolore bakoitza bizitzako arlo garrantzitsu bati egokituko litzaioke: gorria, maitasunari; berdea, lagunei; urdina, ondasunei; marroia, lanari... ezin aberatsagoa izanik ere, jokalariak sekula ez luke partidaren erabateko garaipenik izango, laguntasunaren edo amodioaren gazta zatitxoak ere irabaziko ez balitu. Baina... nork erabakitzen du zein diren gure zorionaren gazta zatiak?

1) Gure bizitzako lehen urtea eskolako jolas-orduko esku-pilota saio haien hasierako jokaldia bezalakoa da: lehen kanporatua sekula ez da kaleratua, eta inork ez du espero lehen sakean aparteko tantorik egitea... Gutxi gorabehera urte bat egiten dugunean, ostera, gureganako lehen asmoak pizten dira: noiz zutik jarriko, noiz lehen hotsak esango, noiz gurasoak identifikatuko... baina, zorionez, gure bizitzaren helburu nagusia probatzea, ikertzea eta deskubritzea da, estudioan lanean ari diren artistak bagina bezala.

6) Sei urte betetzean uzten diogu haur izateari. Orduantxe bukatzen dugu Haur Hezkuntza. Peter Panen ikuspegitik, orduantxe utziko genioke hegaz egiteko gaitasuna izateari, Heldu Izateko Lehen Hezkuntzaren bideari ekinik. Bide horretan agertzen zaizkigu lehen etxeko lanak, azterketak, ebaluazioak, mailak... bide horretan oparitzen digute lehen itsulapikoa, ondasunen pilaketaren eta aurreztearen tresna sinbolikoa; bide horretan egiten ditugu lehen lagunak, etxeko lanak egiten laguntzen diguten klasekideak eta asteko paga kendu nahi diguten jolas-parkeko etsaiak; eta bide horretan, lagun edo etsai horietako baten batekiko zerbait berezia sentitzen dugu, edo ez dugu sentitzen, eta bikote garela esaten digute... baina, zorionez, oraindik gozatzen dugu jolasean, kantuan eta dantzan, artistak bagina bezala.

16) Nerabezaro betean, beranduenez 16 urte betetzean, heldu izatera derrigortzen gaituzte. Helduak dira ardurak eta betebeharrak dituzten izakiak, etorkizunaren aldeko apustuak ohetik jaikiarazten dituen langileak eta jolaserako astirik ez duten probetxuzko pertsonak. 16 urterekin azaleratzen zaizkigu kristalezko sabaiak, dantza taldea uztekoak, bertso eskolan ez jarraitzekoak, musika klaseetan soilik tituluren bat lortzeko jarraitzekoak... 16 urterekin ahazten dugu lagunekin taldean dantzatzean sentitzen den sinbiosia, edo elkarrekin abesten eragin dezakegun emozioen polifonia, eta lehentasuna ematen diegu fakturak ordaintzeko gaitasuna duten zereginei. Kirolari ere dezente eragiten dio formaltzeko joerak, itxuraren eta osasunaren gazta zatiarekin zuzenean lotzen ez den kasuetan salbu... eta, zoritxarrez, 16 urte inguruko mugan amildegiratzen dira umeen abesbatzak, dantza taldeak eta giza garapenean errotik lagundu diguten gainerako arte-jarduera gehienak.

61) Zaharra berba berezia da, pertsonen kasuan, norbere buruari baino ezin zaiona ziurtasunez egotzi, sasoia heltzean, noski (edo sasoia joan eta gero, hobeto esanda). 60 urteko langa igarotzean, faktura handi gutxi geratzen da ordaintzeko; lanak, azken hondarretan bada ere, jarraitu behar du ordaindua izaten, doakoa izanez gero, aspaldi utzia baikenukeen; lagunak Ruaviejako iragarki hark zioen bezala ikusten ditugu, nahi baino askoz gutxiago... eta, zorionez, 61 urte beteta, kristalezko sabaiaren gainean dantzatzea erabakitzen dugu, eta abesbatzetara, dantza taldeetara eta bertso eskoletara itzultzen gara, izen-emate orrian 16 urte genitueneko daturik aldatu gabe, batekoaren eta seiaren leku-trukea kenduta, nerabezaroan ahaztutako gaztatxoen bila.

Zer moduz doa zure partida?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.