mikel elorza
ARKUPEAN

Kolorerik gabeko ardiok

2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Atzo bildu ziren lehenengoz Espainiako Gorteetan hego euskal herritarrok hautatu berri ditugun diputatu eta senatariak, eta horren albistearen aurretik edo ostean Huawei eta AEBen arteko gerraren —eta su-etenaren, negoziazioen...— berri jaso nuen, eta benetan sentsazioa neukan lehenengokoa baietz, garrantzitsua izango zela, baina momentuan interes handiagoz bigarrenari jarraitu behar niola —Huawei bat daukat segapoto, hori ere egia da—. Googleriaurre egin diezaiokeen erraldoi txinatarra indartsua izan dadin, behintzat bat egon dadin desiratu dut, ergelaren kontsolamenduaz, ondo bai baitakit hartz batek edo tigre batek jan zaitzan deliberatzearen tankerakoa dela. Garbi baitago azkenean jatena gu izango garela, gu erabiltzaileok izango garela pagaburuak. Zeren eta gu jada pertsona ere ez gara, erabiltzaile eta kontsumitzaile gara. Hartz eta tigreentzako ardi.

Huawei eta Googleren artean hautatu beharrean gabiltza, beraz, baina boto eskubiderik gabe. Tronu Demako erregegaien artean ibili garen bezala, hor ere boto eskubiderik gabe (baina a ze lata!). Erabakigune inportanteetarako boto eskubiderik ez izatea aldatzeko botoa erabili behar dugula? Igandean dugula abagunea? Ez dizuet nik ezetz esango. Baina baietz ere ez. Huawei edo Appleren artean erabakitzeko gai baldin bazarete, erosteko orduan esan nahi dut, besterako ere bai.

Erabakigune horietan ere hartzen dira zuzenean eragiten diguten erabakiak, jakina, ez bakarrik New Yorkeko burtsan. Soldatetan diru pila bat gastatzeaz gain, Europako Legebiltzarrean tarteka izaten dute ebazpenik: sare sozialetan zentsura eta mugak ezartzeko ahalmena algoritmoei eta beraz haien jabeei (Google berriro, Apple, Oracle...) ematea erabaki berri dute (Iratxe Esnaolak berriki artikulu batean bikain azaldu bezala; irakurri). Mugak jartzen aspaldi asmatuak baitaude, txarrantxadunak kentzea hainbeste kostatzen zaienak.

Eta udaletxeetan ere hartzen dituzte erabakiak, noski. Alor askotan ahalmen mugatua badute ere, eta badagoen arren benetako eraldaketarik inon sumatzen ez den eremurik (etxebizitza politikak), erabakiak alde batera edo bestera hartu diferentea izaten da udal horrek hartzen duen norantza. Parke tematikoen eta Gabonetako jaiotzen (berdea, ibaiak, jendea, animaliak... denak plastikozkoak, denak apaingarri huts) tankera hartzen ari diren gure parajeetara begiratu besterik ez dago.Euskal hiriburuetara. Norbere herrira. Bila, konpara eta hauta.

Utz dezadala, baina, gaia. Kanpaina egiten ari naizela lirudike.Eta ni soilik albistegiari begira/adi nengoen, pozez datorren urtean bost euskal talde izango direlako lehen mailan, atzoko albiste garrantzitsua berau. Hori derrigorrean jakinez eta erne enpresa teknologiko bateko ordezkaria entzuten, erraperik onenakidentifikatu nahian ari direla; euskal arrazetako ardien artean, ikertzen, esne gehien emango dutenak lortzeko, lehiakor izan eta arrazok mantendu ahal izateko, galtzen ari gara-eta. Kanpoko arrazetako ardiak nagusitzen ari dira Pirinioetan. Eta pena da latxa galtzea, eta manexa eta biarnesa.

Txistea irudituko zaizue, baina interesantea da, paradoxikoa den heinean. Tristea iruditzen baitzait munduan azkenean ardi arraza bakarra gailentzea, arrazen arteko aldea zein den ez badakit ere, askorentzat arra eta emea bereiztea ere zaila izan arren. Uniformeak ez baitzaizkit gustatzen, bat ere ez, eta ardiak ere diferenteak baldin badaude, nahiago. Zoritxarrez, paradoxa da ikerketa proiektuaren xedea dela arraza lehiakorrak egitea, eta lehiakorrak direlako mantentzea gure ardiak. Ez dibertsitateagatik. Errape onenak nahi dituzte, ez errape diferenteak.

Helburua esne asko ematea baita. Helburua lehen mailan jokatzea baita. Burdinazko tronuan esertzea. Ahalik eta segapoto gehien saltzea.

Eta guk, berriz, ardi beltzak aldarri. Koittaduak gu, kolorerik ere gabeko ardiok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.