Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Entropia

2019ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian hauteskunde ugari izan ditugu denbora gutxian. Bagenekien lehendik ere elkarri eragingo ziotela, eta eragin zioten. Oraindik ari dira elkarri eragiten. Albistegi eta tertulia pila entzun ditugu horren inguruan. Batak estatuko presidente izateko zeinen botoak beharko lituzkeen, zeinen abstentzioak, zein aukera dauzkan honekin ala harekin aliatzeko. Horri udal eta autonomia erkidegoetako aldagaiak gehitu zaizkio, gainera. Dantza are konplexuago eginez. Eta orain gutxi amaitu den zortzi denboraldiko telesail arrakastatsuaz gain, entropiaren kontzeptua ekarri dit gogora.

Entropia sarri desordena neurtzeko gailutzat aurkezten da. Ez da ulertzeko kontzeptu erraza, eta desordenarenak laguntzen du intuizioa izaten. Baina ez da erabat zuzena. Entropiak eskala txikia eta handia erlazionatzen ditu, nolabait. Fisikan mikro eta makro eskala esaten zaienak. Guk egin dezakegu neurketa bat, adibidez, objektu baten tenperaturarena edo gas baten presioarena, eta esperimentuak zenbaki bat bueltatuko digu. Horri esker jakingo dugu makro eskalako egoerari buruz zerbait, baina ez digu esango partikula edo atomo bakoitzaren posizioa eta abiadura zein den, esaterako. Entropiak neurtzen duena da makro eskalako emaitza bakoitzarentzako, eskala txikiko zenbat konfigurazio diren posible. Zenbat eta konfigurazio mikro posible gehiago, orduan eta entropia handiagoa. Hau da, zenbat eta entropia handiagoa, makro eskalako neurketak informazio gutxiago ematen digu eskala txikian gertatzen denaz.

Hauteskundeetara itzuliz, eskala makroan letorkeen neurketa edo titular bat izan liteke, adibidez, Pedro Sanchez izango da estatuko presidente. Baina titular horretara iristeko, eskala mikroan zer pasa den ez digu adierazten horrek. Eta gaur egun daukagun agertokian, nahiko garbia da horretara iristeko dauden aukerak asko direla, eta elkarrengandik oso ezberdinak. Alegia, entropia handia dela kasu honetan. Intuizioa izaten laguntzen badizue, desordena handia dago. Eta bestela ere bazegoen, baina udal eta erkidegoetako hauteskundeek entropia handiagotu besterik ez dute egin, mikro-konfigurazio posibleak orain lehen baino gehiago direlako. Halako udaletako alkatetza nork nori emanez gero, Nafarroako gobernuan halako edo bestelako gertatuz gero, Iruñeko udalean gertatzen denaren arabera...

Askotan eskala handiko neurketekin jarduten dugu, ezinezkoa zaigulako txiki denetan begia jartzea. Hain zuzen ere horregatik da interesgarria entropiaren kontzeptua, adierazten digulako eskala handiko neurketa horiek zenbateraino informatzen gaituzten eskala txikian gertatzen ari denaz. Bipartidismo egoera batean, edo gehiengo absolutuko egoera batean, entropia txikia geneukake, eta, beraz, presidente edo lehendakaria nor den jakiteak emango liguke nahikoa informazio egitura osoaz. Zenbat eta alderdi gehiago, goi zein behe mailako aginte postu gehiago, eta zenbat eta gehiengo absolututik urrunago orduan eta entropia handiagoa.

Baina halako neurketak ez ditugu hauteskundeetan bakarrik egiten. Are, esango nuke, gutxienez hauteskunde hauetan, eskala mikroak lortu duela bere atentzioa, hein batean. Ziur aski horregatik, entropia altua delako. Ez da albiste eta datu guztien kasua, hala ere.

Akaso gehiagotan galdetu behar genioke geure buruari zein den jasotzen dugun datu bakoitzaren atzean ezkutatzen den entropia. Alegia, noraino ematen digun datuak egoerari buruzko informazio nahikoa. Noraino ulertzen dugun eskala txikia handiaz zerbait jakinda. Erantzuna jakiten zaila izango da sarri; ezinezkoa, askotan. Baina ez gaitezen horregatik erosokerian erori, planteatu dezagun galdera gutxienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.