Literatura

Apaiz baten komeriak

Alfonso Maria Zabala euskal apaiz eta idazleak hainbat literatura genero jorratu zituen: ipuina, antzerkia eta, gutxi izan bazen ere, olerkia. Ezkio-Itsason jaio zen, eta Hernanin hil, duela ehun urte.
Jarrita daudenetatik hirugarrena da Zabala, ezkerretik hasita.
Jarrita daudenetatik hirugarrena da Zabala, ezkerretik hasita. HIJOS DE E. TORNERO / HERNANIKO UDAL ARTXIBOA

Amaia Igartua Aristondo -

2019ko abuztuak 10
Benetako euskaltzalea zen». Euskal Esnalea-k argitaratu zuen heriotza-oharrak agerian utzi zuen aldizkariak begirune handia ziola zuzendari izandako Alfonso Maria Zabalari. Bananduak ziren bien bideak idazleak agerkaria gidatzeari utzi zionean, baina erabateko haustura ez zen inoiz gertatu, Zabalak han eman baitzuen argitara bere obraren zati handi bat. 1919an, Euskal Esnalea-k erreferentea galdu zuen, eta ez zuen laudoriorik aurreztu hura agurtzean: «Zahartzean, gazteei toki egin zien; gogoz, beti bezala, aurrekoen artean zihoan».

1919ko abuztuaren 11n zendu zen Zabala, Hernanin (Gipuzkoa); bihar dira justu ehun urte. Jaio, Ezkio-Itsason jaio zen (Gipuzkoa), 1847ko urtarrilaren 24an. Ama zegamarra zuen, eta haren herria ohiko bisitaleku zuen txikitatik; urte gutxiren buruan, apaiz izan nahi zuela erabaki, eta zabaldu egin zitzaion Ezkio-Itsaso eta Zegama baino biltzen ez zituen mundua, Gasteizen egin baitzituen apaiz izateko ikasketak. Jatorriak tira egiten zion, halere. Urtero itzultzen zen Zegamako jaietara, zailtasunak zailtasun. Behin, Gasteiztik bueltatzeko diru faltan zebilela, kalean topatu zuen txakur txiki bat besapean hartu eta saldu egin zuen, amaren herriko jaietan egon ahal izateko. Ez zen ongi etorria izan, dirudienez, amak ikasketak egiten ari zen hirira itzularazi baitzuen bizkor.

Karlistek, aldiz, erraz onartu zuten Zabala. Kapilau aritu zen Bigarren Karlistaldian, artean apaiz izateko ikasketak bukatzeko zituela. Gatazka amaitu zenean, 1876an, apaiztu eta Hondarribira (Gipuzkoa) bidali zuten. Ostean, Zegamara egin zuen hamaikagarren itzulaldia, orduko hartan udalerrian erretore lanetan aritzeko. Baina haren patua ez ei zen amaren jaioterrian leku hartzea, handik alde egin baitzuen, beste behin, Donostiako Artzain Onaren katedralean laguntzaile izateko. Leku batetik bestera ibili zen Zabala, lurreratzeko tokirik gabe, XX. mendea heldu arte. 1901ean, Hernaniko erretore bihurtu zen, eta herrian bizi izan zen hil zen arte, hara heldu eta hemezortzi urtera.

Euskal Herritik egindako joan-etorriek lorratza utzi zioten Zabalari, eta bere obretan nabarmen agertuko zen arrasto hori. Obra idatzi bitartean zegoen tokiko euskara erabili zuen; ondorioz, besteak beste, Zegamako euskararen eta Hernanikoaren berezitasunak antzeman daitezke haren lanetan, idatzi zituen tokiaren arabera.

1880. urtean hasi zen testuak argitaratzen, Euskal-Erria-n. Ipuinekin eman zuen lehen pausoa literaturan, ganoraz eman ere. Hondarribiko egonaldian, herriko mitoetako baten bertsio propioa ondu zuen, autore klasikoek egiten zuten bezala. 1883an, Ondarrabi-ko Ama Guadalupekoaren kondaira Zilarrezko Lumarekin saritu zuten Donostiako Lore Jokoetan. Urtebete geroago, argitaratu zuten lehen aldiz, Euskal-Erria aldizkarian. Testuak beste pare bat argitaraldi izan zituen mendea bukatu baino lehen: hurrengoa 1885ean izan zen, Tolosan, eta XIX. mendeko azken urtean Azkueren Euskalzale-n publikatu zuten.

Dudarik gabe, narratiba laburrean egindako ekarpenetatik, Zabalak Hondarribiko kondairarekin lortu zuen oihartzun gehien, baina askoz ere gehiago idatzi zituen. Euskal-Erria-k zuen umorezko atalean ohikoak ziren apaizaren ekarpenak. Ordutik, umorera jo izan zuen istorioak kontatzeko. Horietako batekin, Gabon gau bat lanarekin, hain zuzen, bigarrenez gailendu zen 1887ko Donostiako Lore Jokoetan.

Baina, ipuinetan ez ezik, antzerkian ere trebea zen Zabala. Are trebeagoa, Euskal Esnalea-ren hitzei erreparatuta, behintzat: «Beste idazlan guztiak baino hobeto, antzerkiak egiten zituen. Erraztasun handia zeukan horretarako. Berez, indarrik gabe, ateratzen zitzaizkion burutik». Komediak baino ez zituen egin, eta Alderdi Integristari eskaini zizkion haietako batzuk, bera ere alderdikide baitzen. Idatzi zituenetatik hiru Euskal Esnalea-n argitaratu zituen; azken biak —Urruti-izketa eta Melitona'ren bi senarrak— hil baino urtebete lehenago. Prosaz egin zituen obra gehienak, olerki gutxi batzuk salbu.

Ahaztetik salbatuak

Obrek badute sortzaileek inoiz edukiko ez duten ezaugarri bat: hilezkorrak direla. Areago, horretaz jabetuta eta horren ondorioz egiten dituzte sarritan artistek euren obrak: haiek ez daudenean ere nolabait jarraitzeko, hilezkorrak izateko irakurleen ahotan eta memorian bederen.

Obra ez da hilko autorearekin batera, baina, era berean, desagertzeko arriskua du, heriotzak ez baitu zelatatzen, baina bai ahanzturak. Zabalaren literatura ez zen hobira joan berarekin batera, baina denborak egin beharrekoak egin zituen horrekin ere. 1960ko hamarkadara arte. Antonio Zabalak haren idatziak berrargitaratzeko saiakera bat egin zuen, eta Auspoa Liburutegiak bere gain hartu zuen erronka. Ondorioz, Alfonso Maria Zabalaren bi bilduma atera ziren: ipuinenak, Gabon gau bat eta beste ipui asko izenburupean, 1964an; eta, hurrengo urtean, bost komedia batu zituen argitalpen bat.

Zabalaren literatura mahai gainean jartzeko saiakerak fruituak eman zituen. Edizio berriek izandako irakurleetako bat Koldo Mitxelena izan zen. Haietako bakoitzaren kritika ere egin zuen Egan aldizkarian, eta ez zen leuna izan: «Nik ez dut, egia esan, halako atseginik aurkitu liburu honetan bilduak dauden irakurgaiak irakurtzean». Hala ere, literatur dohainak ukatu zizkion arren, aitortza egin zion Zabalaren figurari: «Argitaratzaileak lau arrasto larriz itxuratzen digun Zabala gizonaren irudiak soil-soilik ez du esku-hutsik utziko liburuaren eroslea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna