mikel elorza
ARKUPEAN

Migrazio existentziala

2019ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Kataluniako lurretatik jotzen duen terralak puztuta-edo, sortu berri da plataforma bat euskal errepublikaren aldarrikatzeko. Ertzak dituen terminoa izaki, errepublikarena, kotizazio baxuetan zebilen jendarteko plazan, eta Hasier Etxeberriak sustatutako letren errepublika esamoldea ere isilduta, Ikeakoa zen geratzen zitzaigun bakarretakoa: etxeko errepublika. Etxea baita daukagunik eta ondasunik baliosoena eta preziatuena, segurtasun pribatuko enpresek egiten dituzten iragarkiek diotenez. Kanpaina handiak egiten dituzte Espainiako irratietan, alarmak jar ditzagun gure etxebizitza ohiko eta batez ere «bigarren» horietan, hutsik denbora gehiago egoten diren horietan. Lapurrengandik babesteko edo, azken boladan zabaltzen ari den alarma soziala izanik, okupazioaren aurka.

Demokrazia deitzen dioten kapitalismo parlamentarioa berrezarri zenetik 30 hauteskunde joan dira eta oraindik ere etxe baten alokairua 1.000 eurokoa da eta salmenta-prezioa 270.000koa (batez besteko bat egitera), eta soldata gehienak emakume futbolari profesionalenen neurrikoak dira (oso eskasak, alegia), eta beraz milaka lagun daude etxerik gabe, edo belarrietaraino zordunduta, berrogeitaka urterekin gurasoen errapeak edoskitzen, denak ere oposizio eta plaza bat noiz harrapatuko, eta alderdiek jardun bai, baina 30 hauteskunde eta gero hau, bada egoera honetan etxea errepublika ez dakit, baina gotorleku helezina da askorentzat. Ikeak etxe osoa janzteko tresnak ematen dizkizu prezio onean, baina giltzak falta.

(bueno, bada salbuespenik: etxeak egingo omen dituzte Donostian, metroa egitean kenduko diren trenbideen tokian-edo, errekuperatutako lurretan. Hala dio Donostiako metroaren —hori baino obra absurduagorik!— defentsa egiteko Eusko Jaurlaritzaren iragarki batek. Euskadi, auzolana. Nik, auzo-lotsa.)

Ondasun askorekin, etxearekin ere bai, benetan inportanteak omen direnekin (askatasuna, zoriontasuna...), gertatzen zaizu kentzen dizutenean ohartzen zarela zeneukala, eta zeukan garrantziaz. Digitala ere ba omen da, errepublika. Orain jakin dugu, haren aurkako estatu-kolpea eman duenean estatuak berak, lehen ere hagitz kontrolatua eta maiz zigortua zen eremua zigortuago bilakatuz(baina honi ere, jakina, estatu-kolpea ezingo diogu deitu, kolpistak besteak baitira, honi ere restablecimiento del orden constitucional esan beharko diogu). Etxeko errepublika gotorlekutik kanpoko txabola ere ez, ziega erraldoi bat baino ez da izango. Hori bai, altzari oso suediar zuri zurezkoz apaindua, guztiz cool, eta alarmarekin.

Baina, hala eta guztiz ere,gu ez omen gaude kexatzeko moduan.Eskuindar espainolik apenas dagoen gure lurretan; fatxarik bat ere ez. Horixe dio herriak. Harro egoteko arrazoia. Eta zu akordatzen zara 40 urtez Francorekin (eta beste 40 Franco gabe ere...) hagindu duten zortzi deitura euskaldun aratzeko euskuindarrez, eta gogoak ematendizu errepublika txabola ziega utzi etaospa egitekoa. Basamortura baldin bada ere, ospa.

Baina ospa egin, orain? Bada Donostian berritzen ari diren etxe bateko aldamioetan kokatu dituzten iragarki erraldoi batzuetan topatu dut erantzuna. Adidasenak dira. Zapatilla batzuen irudia. Bi fatxada hartzen dituzte eta halaxe diote: «Runners, mayoría absoluta. Aupa neskak». Lehena. «El running nos une. Aupa mutilak». Bestea. Hirugarren fatxada ez dut begiratu, izu-dardarak hartuta, baina imajina dezaket: «Runninga bizitza da. Aupa ekipo». Publizitateak nigan eragin berehalakoa izan du: afixak ikusi eta korrika hasteko kristoren gogoa sartu zait, premia larria. Korrika hasi eta ez gelditzekoa, maratoia, eta ez ETBkoa, ultra trail etikoa, migrazio existentziala. Oasirik gabeko deserturaino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.