Inaki Galdos
ARKUPEAN

Filibusteroak

2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Politikaren historian, parlamentuetako ekimenak oztopatu edota atzeratzeko erabili ohi den teknika da filibusterismoa, normalean ekimen horien kontra daudenek erabiltzen dutena, baina ez beti. Katon Gaztea izan omen zen lehen filibusteroa, Julio Zesaren kontrako bere borrokan Erromako senatuan hitza hartu eta nekez isiltzen zena. Amerikako Estatu Batuetan izan da ezaguna batez ere gai hau aspaldion. Ez da zaharra, adibidez, Rand Paul senatari libertarioak CIAko zuzendari nagusi berriaren izendapena galaraztea lortu zuenekoa.

Hurbilago, Espainiako Bigarren Errepublikako Cayetano Bolivar Escribano diputatu komunista aipatzen da sarri, Manifestu Komunista edota Kapitala goitik behera irakurtzeko gai zena eskuineko ordezkariak aspertu eta botoa eman gabe joaten ziren arte. Frantzian berriagoa da, 2006koa, komunista eta sozialistek gasa pribatizatzeko gobernuaren lege proposamenari 137.000 zuzenketa aurkeztu zizkioteneko hura. Bukatzeko, artearen munduan izugarri ezagunak dira James Stewarten irudi hunkigarriak Frank Capraren pelikula ospetsuan, filibusterismoaren adibide gisa hartu izan dena sarri.

Gurean gertatzen ari dena ikusita, adiera berri bat gehitu beharko litzaioke agian gaiari, indarrean dagoen definizio akademikoak ez badu behintzat horrenbeste zehazten. Izan ere, ekimen baten kontrako edota aldeko jarrera dutenek erabiltzeaz gain, denbora irabazi bitartean zer egin erabaki behar dutenek ere erabiltzen baitute teknika hau. Filibusterismo eta azpikontratazio hitzak erabili nituen arkupe honetan Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak adituen boskotea izendatu zuenean eta hala berretsi aste honetan bukatuko duten lana egiteko epea luzatu zietenean. Batzuei gogorregia suertatu zitzaien hitz horiek erabili izana, baina eguna joan eta eguna etorri ez dut egokiagorik aurkitzen gertatzen ari dena deskribatzeko.

Are gehiago, berez naturala, aberatsa, irekia eta argigarria behar zuen eztabaidak kutsu iluna hartu du erabat, gardentasunik gabekoa eta surrealista puntu batekin jantzia, nekez deskriba baitezakegu beste era batera legebiltzarkide batzuk (eta euren buruzagiak) ematen ari diren irudia, legebiltzarrean bertan legebiltzarkide ez diren bost aditu ustez (ustez?) erabakitzear daudenari buruz eztabaidatzen eta filtrazioak salatzen. Eta ez, hau ez da bost aditu horiek fede onez egindako lanari kritika, hauei zerbait kritikatzekotan enkargua, fede onez hau ere, onartu izana kritikatuko nieke soilik.

San Andres egunetik aurrera bere esparru naturalera itzuliko dira eztabaidak eta orduan izango dugu beta alderdi bakoitzaren jarrera garbi ezagutzeko. Abertzalegoaren baitan modu gordinean azaleratua dagoen lehia izango da nagusi batez ere, eta hor izango dira duela hilabete batzuk hemen adierazten genituenak: zenbateraino tenkatu soka bazkideekin, galdetuko diote batzuek beren buruari, edota ze punturaino jarri arriskuan balio nagusienetakotzat jotzen duten egonkortasuna; besteek, noraino iritsi estrategia posibilista berrian eta zenbat iraungo duten gehiago haserretu gabe euren baitako hainbat sektorek.

Baina iruditzen zait gure artean nagusituko diren galderetako bat izango dela zertarako balio izan duen adituen ibilaldi luze honek. Zeren filibusterismoak bere helburuak bete izan dituenean izan da soilik onargarri historian zehar, ez ahalegin antzu bezain ulergaitz suertatu denean. Alderdien eta legebiltzarkideen garaia da orain, baina iruditzen zaigu aditu hauek ere jarraituko dutela lanean, bakoitzak izendatu zuen taldearen baitan. Ahaztu ezin dugun gauza garrantzitsua baita horrela egin zirela izendapenak: talde bakoitzak bere aditua. Agian ariketa egokia izan daiteke hiztegiak aditu aditzari eta aditu izenari ematen dizkion adiera ezberdinak begiratzea taldearen osaketa eta helburuekin zenbaitzuek nahi izan dutena ulertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.