Amaia Nausia Pimoulier.
ARKUPEAN

Nola egiten duzue?

2020ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Konfinamenduaren hamaikagarren eguna da, eta nik denboraren nozioa galdu dut dagoeneko. Hasierako antsietatea eta ezinegona igarota, non orduak betierekoak egiten zitzaizkidan eta egunsenti berri bakoitzak izugarrizko larritasuna sortzen zidan, niri ez dit bizia ematen. Lehenengo egunetan afalordua zen ongi sentitzen nintzen eguneko une bakarra, alabak mahaiaren inguruan eserita, jakinda beste egun bat gainditzen ari ginela. Gaur, berriz, egun bakoitza, ordu bakoitza, kontatzetik, zehazki zein egunetan bizi naizen ez jakitera iritsi naiz. Besteok nola daramazuen jakin nahiko nuke. Sare sozialen bidez jasotzen ditudan bideo eta mezuen arabera, isolamenduakpendiente zenituzten serieak ikusteko, aspaldi irakurri nahi zenituzten liburuak irakurtzeko, kirola eta yoga goizero praktikatzeko eta bizilagunekin balkoitik balkoira bermuta hartzeko aukera eman dizue. Nik, aldiz, nekez lortzen dut telelaneko orduak sartzea, garbitzea, janaria prestatzea eta alabak artatzea. Senarra autonomoa izanda lan egiteari ia guztiz uzteak familiaren ekonomia nola eraginen dion gehiegi pentsatu nahi ez dudan arren, egia da bera etxean ez balego ezinen nukeela sikiera lanorduen herena egin. Edo bai, eta nire alabak telebistari entxufatuak egonen lirateke egunsantu guztia, nik lan egin ahal izateko.

Whatsappeko mezuei kasu egiteari utzi diodala aitortu behar dut. Gainiformatuta sentitzen nintzen, eta erru sentimendua pizten zitzaidan nire alaba nagusiaren gelakideek egiten zituzten eskulan zoragarriak ikusita eta gelako errutinak jarraitzen zituztela entzundakoan. Aitortu behar dut irakasleak markatutako ariketak hiru egunetan egitea lortu dugula, besterik gabe. Zaila da egunari normaltasunarekin jarraitzea, lan egiteko ezkutatu egin behar zarenean. Goizero beraiek baino pare bat ordu lehenago esnatzen naiz eta etxeko gela batean isil-isilik sartzen naiz. Gero, alabak esnatzen direnean, arnasa hartzeari uzten diot, aitak esan dielako ama lanera irten dela. Alaba nagusia konplizea dugu, baina etxeko atea ireki gabe egongelan agertzen naizenean hiru urteko alabak zer pentsatzen duen ez dut jakin nahi. Inuxentea bai, baina tontoa ez da, eta gaur nire bila etorri da doministikuka entzun nauelako. Azkenean nire ezkutalekua aurkituko du, eta orduan lanorduak gauean sartu beharko ditut.

Nahikoa estresagarria iruditzen zait egoera hau; beraz, utzidazue gelditzen zaidan denbora librean oso produktiboa eta sortzailea ez banaiz. Ezer berezirik ez badut egiten; ez irakurri, ez ikasi, ezta produzitu ere. Ikasi dut antsietate maila jaisten, egoera ia onartu dudala ere esanen nuke, eta horregatik egun hauetan familian ezer berezirik ez egiteko baimena eman diot nire buruari. Hori bai, sokan salto egiten primeran ikasi dugu, baita ipuinak asmatzen eta erritmoa egunero zertxobait gehiago jaisten. Errurik gabe telebista pizten ere ikasi dut egun hauetan, oraintxe bezala, artikulu hau idatzi behar dudan honetan eta txikia mahaian igota dudanean arratoia nola erabili jakin nahian. Badakit askorentzat barne konexiorako aukera paregabea izaten ari dela hau. Onartuko dut familia tarte politak izaten ari garela, barreak eta negarrak medio, baina bakardaderako, barne konexiorako eta sorkuntzarako tarteak ez zaizkit niri oraindik iritsi. Kontaidazue nola egiten duzuen zuek.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.