LIBURU AURRERAPENA

Laineza. Kultura haragi bizitan

1960ko hamarkadan harrotu zen euskal kultura modernoaren olatua. Miszelanea bat osatu du Lanartea Elkarteak, olatu hartako kideen eginahalak eta esanak egungo 50etik gora kultur egileren gogoeta, irudi eta bizipenekin uztartuz.

2022ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
ZER DA? JAKINGO AL DUGU?
Alaia Martin (Doinua: Betroiarena)

Klima larrialdiak
katean-katean
ura jarriko al du
gure hankapean?
Misil bat eroriko
al da bat-batean
haurrekin jolasean
gaudela parkean?
Zer da (h)itzalpean?
Zer da beiratean?
Eta kanapean,
zer da mantapean...?
Mundua amaitzeko zain
gauden artean.

Kulturak kultu handirik
nahiz ez duen lortzen,
sortzaile artean zenbat
asmo, altxor, sen...
Jakingo al dugu 'ni'a
'gu'ra orokortzen?
Jakingo al dute haurrek
Maurizia nor zen?
Segi egoskortzen,
lurra egonkortzen,
sorora etortzen,
hazia enbortzen...
Mundu bizigarrien
maketak sortzen!

TINTA MAITE DUT
Miren Agur Meabe

Lehen idazkiak taxutu bezain laster konturatu nintzen tintazko bideetan barrentzeak bi eskabide gutxienez egingo zizkidala: hizkuntza lantzea eta hizkuntzarekin leiala izatea. Euskal idazleen artean neure tokia egin nahi nuen eta bilaketa horretan ezin ordainduzkoak gertatu zaizkit editoreen begirada, lagunen arrimua eta irakurleen estimazioa.

Orain dela hamabi urte erabaki nuen orduko lanbidea uztea aurrerantzean literaturari emateko nire kemena eta denbora. Ez naiz behin ere damutu.

Baditut beldurrak: irakurleak nire lanarekin gogaitzen badira, zer?

Baditut kezkak: eta autoexijentziaren talaiara igotzeko makaltzen banaiz?

Baditut kexak: zergatik jardun behar dugu sarritan merke-zurrean (eta sosak nekez jaso, guk geure zeregina adostu bezala bete badugu)?

Baina batez ere, badut iparrorratza: «Hitzok, ez utzi ofizio hau albora dezadan/ nahiz eta gordinak jo, nahiz eta onurak jan».

PERIODIKUAK LETUZ ILUSTRATZEN (OMEN) GERA
Antton Luku

Jakiten da, konparazione, Pyrénées Atlantiques-etako burua—Bidaxunekoa da— asaldatzen dela (Ipar) Euskal Herrian atera behar dugula identitate fosilizatu horretatik, hestera eta komunitarismora baikaramatza, Euskal Herria harrera lurra izan dela beti eta hola egon behar, identitatea ez baita higi ezina.

Nehor ez da Iparraldean ez baitu ulertzen euskararen uzteaz ari zaigula, etxe erosleei atea zabalago uzteko.

Xaramela horri organo puntuaren ematera heldu zaigu Mikel Epaltza: «Euskal Herria ez da gurea gehiago». Arrantzaleen omonier gisa bizia eman gizona da, aldaketen zafraldiek larrua egina diokete alta, arrantzale ondoen artean euskara aspaldi baztertua da... Kostalde solas? Higiezinean lanean ari den batek kontatua, sekulako galdoa badute orain «Euskal Herri euskaldun»-erako, hizkuntzaren bihotzean nahi dute kanpokoek erosi, telebista frantseseko dokumentalez dokumental zerbait saltzeko duten euskaldunek goraipatu «euskal baloreak» profitatzeko. Ez baitute dudarik euskal herritargaiek balore horiek Frantziak galdu zituen berberak direla. Ez naiz ordea hain ezkor gelditzen. Antzerki emanaldi batetik ateratzen naiz, hor. Zinez, ez da dena galdua.

ZER OTE GARA ZURETZAT?
Amaia Zubiria

Kantagintzan hastea erabaki nuenean, inolako legez arautu gabeko mundu batean sartu nintzen. Eta hala ere, beti egin izan nuen lan zure erakundeentzat, Administrazio Maitea. Hiru hilabeteren buruan kobratuz, kontzertua bera antolatzeko puska gizen bat xahututa.

Kontzertuaren osotasuna kantariari leporatzen zitzaiolako.

Ezin desglosatu soinu taldea, teknikoak, musikoak, bitartekariak eta joan-etorrien gastuak.

Zure estamentu bankarioetan kobratzera behartuak, gure dirua auskalo zertarako erretenitzen ziguten horietan.

Gure dirua erretenitzen zuten bitartean, kreditu bat eskatu behar bankuari berari. Zorrotz pagatzen genuen gainera, zigortuko gintuen beldurrez.

Ikusten, zertara natorren?

POETA OFIZIOA
Iñigo Astiz

Denborarekin
gauza guztiak doaz
gauza guztien antza hartzen.

Joera dute
elkarrengana gerturatzen
[joatekoa.
Ukimenagatik da batzuetan,

itxuragatik,

edo izan daiteke ere
elkarren ondoan harritu
[dituela
oroitzapen lausoren baten flashak.

Motiboren bategatik,
[sinkronizatzera
jo ohi du unibertsoak.

Agortzera konparazioek.

Azkenean,
dena doa multzokatzen
bi talde nagusi eta
[kontrajarritan:

bizitza eta heriotza.

Eta poetak isilean
bata edo bestea
seinalatzen du hatzaz
esanez, begira, hor,

ikusten?

AINGIRAK ETA AINGURA INGURUAN
Anjel Lertxundi

Hasi kaleko jardun apalenetatik eta jo administrazioko botere-botoi distiratsuenera, hizkuntzari edo hizkuntzei buruz hartzen diren erabakiak ekintza politikoak dira beti. Oharkabean bada ere, hizkuntza batetik beste hizkuntza batera pasatzea artaleak jaten ari diren oiloak bezala, ekintza politiko bat da ondorio politikoekin; antzeko beste hainbat jardun xume eta ustez garrantzi gabeko horiek ere, ekintza politikoak dira beren (ustezko) xumean. Halaber: eskarmentuz dakigu zu eta ni bizi garen lurraldeko hizkuntza hegemonikoek ez dutela diziplinaren eta legeen beharrik beren hizkuntzei eusteko, eskarmentuz dakigu majo erreibindikatzen dituztela beren eskubide zilegiak eta bi, eta lotsagabe baliatzen dituztela mendeetako prebenda eta petxa ustez justiziazkoak ere. Hala ere, gu salatzen gaituzte hizkuntzarekin politika egiteaz.

KONPLEXUAK
Onintza Enbeita

Gu gazteok gaur gabiltza mundu galdu honetan, eta ez gaude konforme. Baserrian jaio ginen, arbaso zaharren etxean, baina gure toki eder guztiak bildu zituzten abilki. Euskaldunak gara eta harro gaude inork ez zigulako esan euskaldun izatea zein nekeza den. Haltzak ez du bihotzik, eta gure euskaltasunak ez luke behar zuhaitz genealogikorik. Kantuz bizi nahi dugu, baina, ahal dela, txanpon baten truke. Euskal Herrian euskaraz sortutako ezerk ez baitu dirurik ematen. Gure aitaren etxea defendatuko dugu telebista arrotzen kontra, interneten doan dagoen erdarazko material guztiaren kontra, gu baino modernoagoak omen diren gauza guztien kontra. Dena eroriko da azkenean, baina gure aitaren etxeak bezain zutik jarraituko dute gure konplexuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.