KRITIKA. Donostiako 80. Musika Hamabostaldia

Aintza

2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun

Musika Aitzaki Zikloa. Capilla Santa Maria

Parte hartzaileak: Carlos Mena (kontratenorra), Daniel Zapico (tiorba), Carlos Garcia-Bernalt (organoa). Egitaraua:Soli Deo Gloria: Purcell, Monteverdi, Buxtehude, Schutz, Arauxo eta abarren obrak. Lekua: Estibalizko Andre Mariaren santutegia (Araba). Eguna: Abuztuak 12.

Carlos Mena gasteiztarrak zuzentzen duen Capilla Santa Mariak XVII. mendeko musikaz bete zuen Estibalizko Andre Mariaren eliza, tiorban Daniel Zapico eta organo positiboan Carlos Garcia-Bernalt lagun zituela. Menak berak azaldu bezala, programaren izenak —Soli Deo Gloria— gogora ekartzen du konpositore barrokoek euren obren bukaeran apaltasuna azaltzeko maiz idazten zuten esaera: «aintza jainkoari soilik» (eta ez, hortaz, konpositoreari edo musikariari). Programa osatzen zuten lau multzoek Ingalaterra, Italia, Alemania eta Espainia barrokoan barrena bidaia egiteko aukera eman zuten, garaiko hizkuntza nagusietan jainkoari laudorioa egiten dioten obrak eskainiz. Menaren eskariari men eginez, publikoak soilik haien bitartean egin zuen txalo.

Atal instrumentalari dagokionez, Zapicoren tiorbak berebiziko hornidura eta distirak utzi zituen agerian G. B. Vitaliren Tocatta e Bergamasca-n. Organo positiboan, Garcia-Bernalt ez zen soilik sostengu egonkorra izan: zehaztasuna eta espresioa batzen dituen edertasunaren eramaile bihurtu zen.

Idolatriara hurbiltzearen arriskuen kontzientziaz diot Carlos Menak errepertorio honen gainean dituen ezagutza eta ulermen zabalak benetan zoragarriak direla, baita horien interpretazioan hain beharrezkoak diren eta berak sobera erakusten dituen dotorezia eta samurtasuna ere. Hala gertatu zen, esaterako, Jose de Torresen Flavescite Serenate koloretsuan, eta baita D. Buxtehuderen Klaglied atsekabez betean, bularreko ahotsetik falsettora naturaltasun miresgarriaz igaroz. Bertaratuen bukaerako txalo-zaparradak kontzertua biribildu zuten bi bis deitu zituen: J. S. Bach-en Gott hat alles wohlgemacht aria (BWV 35 kantatatik) eta G. F. Sancesen Stabat Mater-etik Pianto della Madonna.

Hitz gutxitan, emanaldia bera gozamen handikoa izan zen, bai burutsu aukeratutako errepertorioagatik, bai horren gauzatze bikainagatik. Euren instrumentuetan maisu, hiruron artean ensemble ezin hobea osatu zuten, guztiz orekatua eta elkarrekiko harreman finean. Aintza Capilla Santa Mariari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.