KRITIKA. Donostiako 83. Musika Hamabostaldia

Xehetasunen argiak

Askotariko koloreetako musika eman zuen Frankfurt Irratiko Orkestra Sinfonikoa. HR/ANNA MEUER/TIM WEGNER.
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Frankfurt Irratiko Orkestra Sinfonikoa eta Vocalia taldea

Zuzendaria: Alain Altinoglu. Biolina: Bomsori Kim. Egitaraua: Giusseppe. Verdiren 'La forza del destino'-ren obertura, Jean Sibeliusen 'Biolin kontzertua', Claude Debussyren 'Nokturnoak' eta Mieczys?aw Weinbergen 'Suite orkestrarako'. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 21.

Gure inguruan ez da aukera ugari igandean Kursaalean entzun ziren dinamika aldaketa arinez, bizitasunaz eta kolore argiez gozatzeko. Frankfurt Irratiko Orkestra Sinfonikoak horiek guztiak gorenera zabaltzeko programa zekarren, eta hain heterogeneoa izateagatik, arian-arian zama astunegia hartu zuen. Eta, hala ere, Alain Altinogluren batutak une distiratsuak oparitu zituen. Handitasuna zirrikitu ñimiñoetatik iragazten da maiz.

Atal desberdinez osatutako kontzertu bat obertura batek irekitzea izenez erredundantea izan daiteke. Baina Verdiren La forza del destino operaren hasierak saihestu ezin daitekeen patuaren asaldura gordetzen du, eta bada orkestraren baliabideak erakusteko aurkezpen sendoa. Jean Sibeliusen Biolin kontzertua-ren estreinaldiaren nondik norakoak inguratzen dituen iluntasun giroan murgiltzeko atea ere bada, isolamenduak eta alkoholak baldintzatutako bizitza baten bidean jartzen gaituena. Bomsori Kim biolinista hegokorearraren eskuetan egon zen espiritu bakarti horri forma ematea. Allegro moderato-an garatzen den kadentziaren energia itzaltsuan agertu zen, baita Adagio di molto-aren gai ederrean ere. Orkestra beti neurritsu, bere tokian eta tokia utziz.

Programak ebokazio inpresionistatik ezusteko sobietar alaitasunera eraman gintuen gero. Lehena Claude Debussyren Nokturnoak izeneko obran haragiztatzen da, inspirazio piktoriko esplizitua duena. Metalek Debussyk berak deskribatutako koloreak ekarri zituzten Kursaalera: zeinen ederra tronpetek Fêtes mugimenduan egindako sarrera, sordina eta guzti. Sirènes zatian, aldiz, olatuen dirdira opakua izan zen, eta luzimendurako aukera gutxi izan zuten Vocaliako taldekideek.

Bukatzeko, nahiz eta aldaketek zamatuta, Mieczyslaw Weinbergen Suite orkestrarako jostalaria eskaini zuten, berriro ere, harien joko garbia eta haizeen argitasuna zabalduz. Hala izan zen Humoresque-an, klarinetea dotore, zein Polka eta Galop bizietan. Alaitasun ezustekoa, 1950eko hamarkadako konpositore sobietarrek jasaten zituzten presioak kontuan hartuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.