Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Kontuak ala koloreak

2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun

Euskararen Nazioarteko eguna da gaur. Zenbatgarrena? Frantzisko Xabierkoaren azken hatsetik kontatuz gero, 467.a; Eusko Ikaskuntzak nazioarteko egunaren izendapena eman zionetik, 70.a; eta Eusko Jaurlaritzak instituzionalizatu zuenetik, 24.a baino ez. Euskara salba dadin falta den zenbatgarrena? Zaila da estrapolazio horren kalkulua, baina saiatuko naiz kontuak ateratzen.

 

Lehen inkesta soziolinguistikoa egin zenetik 1991n, euskararen hiztun komunitateak 223.000 euskaldun gehiago ditu; 4,18 San Mames barri gehiago. Pentsatu gura dut 70eko hamarkadaren amaieratik zenbatuz gero guraso euskaldun zein erdalduneko ume euskaldunak (asko, zorionez) eta guraso erdaldun zein euskalduneko ume ez euskaldunak (asko, tamalez), 5 edo 6 San Mames barri betetzera helduko ginatekeela hiztun berriak. Euskal Herriko biztanle kopurua eta erdaldunen proportzioa alderatzen baditugu (3.143.000 eta %55,2, hurrenez hurren), ia 33 San Mames barri bete behar ditugu oraindik Euskal Herria euskalduntzeko (edo 1.734.936 erdaldun konbentzitu, gutxi gorabehera). Kontuak atera.

Zer eskain diezaiekegu euskararen joko-zelaian sartzeko asmorik eza edo kontrakotasuna adierazi duten horiei? Modurik eraginkorrena euskarara hurbildu direnen bidea eta emaitza azaltzea izan daiteke. Badakit ez dela askoren gustukoa hiztun berrien eta zaharren arteko bereizketa egitea (ni ere aurka azaldutakoa naiz), baina onartu behar dut gizartean presente dagoen kontua dela. Jar gaitezen, zehazki, gutxienez belaunaldi bateko antzinatasuna duten Euskal Herriko familia erdaldunen tokian, beraz. Esan diegu Euskal Herrian %100 bizitzeko ezinbestekoa dela euskaraz ere jakitea, baina ez dakite (edo ez diegu hain argi esan [nahi]) makina euskalduntzaile eraginkorrena den D ereduak ere errakuntza-tarte zabala daukala. Euskara etxean jasotzeak ez omen du pribilejiorik ematen, baina... euskara etxean jasotzen ez duten hiztun berriek zaharren aukera berdinak ote dituzte? Ez dakit; ez zait erantzun borobilik ateratzen. Esango nuke, adibidez, Euskal Herrian nagusi den euskaldun kanonikoaren irudian oraindik ez dugula hiztun berria sartu, edo, akusazioa bestela eginda, hiztun gehiago nahi ditugula, baina ez agian bataz besteko euskaldunaren moldean. Kontuak atera ditzadan, galdera formulatu beharra dago: euskara etxean jaso ez duten zenbat euskaldun daude egungo euskararen erreferentziazko kokalekuetan?

Esango nuke EITBn esku bateko atzamarrekin zenba daitezkeela esatari edo aurkezle euskaldun berriak euskarazko irrati-telebistetan. Egungo 29 euskaltzain osoen artean ez dakit baten bat topa daitekeen. Ez da Euskal Herriko Bertsolari txapeldun euskaldun berririk, ezta Euskadi Literatur sariko euskarazko narratibako saridun euskaldun berririk (haur eta gazte literaturakoan %4,3 izan litezke euskaldun berriak, %10 saiakerakoan eta itzulpengintzakoan %17 [«izan litezke» diot, kontuak egiterakoan ez baitut galdeketarik egin, kasuan kasuko biografiaren estimazioa baizik]. Eusko Jaurlaritzako egungo Euskararen Aholku batzordea parekidea da generoari erreparatuz, baina esango nuke parekidetasun hori oso urrun dagoela euskaldun berri eta zaharren orekatik. Errepasatu ditut euskalgintzako kargu garrantzitsuak, lehendakari, koordinatzaile eta zuzendari karguak, eta ahaleginak egin behar izan ditut han-hemen euskaldun berriren baten izena topatzeko. Eta topatu dudan kasuren bat edo bestean, euskaldun berria izatea, emakumea izatea bezalaxe, nabarmendu zaion ezaugarria izan da.

Agian aurreko paragrafoan kontuak zehatzago atera beharko nituzke; agian, lagineko hiztun bakoitzari euskaldun berria edo zaharra den jakiteko galderak egin beharko nizkioke, inkesta soziolinguistikoan egiten den bezalaxe (eta gustura erratuko naiz estimazioa oso deskalabratua izan bada)... baina zalantza beldurgarria dut emaitzak izan ahala zer aterako ditudan, kontuak ala koloreak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.