Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ekaina

2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Ekaina bien bitarteko hilabetea da, hilabeterik prekarioena. Ez eguzkiak, ezta lanak ere: eskolak ezartzen ditu gure bizitzaren zimenduak, onerako edo txarrerako. Eskoletan goizeko ordutegia hasiko dela iragartzen duen ohartxoa iristen denean, dar-dar hasten dira bizitzari eusten dioten aldamioak: etxeko eta laneko erritmoak egokitu behar, goizago jaiki otorduak antolatzeko, ordutegiak berrantolatu arratsaldeetako aisia egutegian sartzeko. Nekearen hilabetea izaten da ekaina, iritsi ezinarena.

Aurtengo ekaina, gainera, martxoan hasi zen eta ez dakigu noiz arte luzatuko den. Ohikotasun berrian omen gaude enegarren fase honetan, baina normaltasun zaharraren antz handiegia du.

Haurrak eskolara itzuli bitarteko denborari normaltasuna deitzea txantxa litzateke horren larria ez balitz, eta ez da erraz ikusten zein den orain arteko ahaleginaren bidean egin beharreko hurrengo urratsa. Egunerokoa aurrera ateratzea mirari bat izaten da, egunero hasten delako oreka zailaren ahalegina, inprobisazioaren eta frustrazioaren artean ez erortzeko saiakerak eginez.

Aste honetatik aurrera, edozein ordutan irten gaitezke kalera, baina sofatik mugitzeko gogorik ere ez zaigu gelditzen. Behin-behinekotasun amaiezinean murgilduta, etxeko ordutegiak berrantolatu ditugu, lanaldiak luzatuz, egunak dituen 24 orduetan langile, zaintzaile, irakasle, sukaldari eta psikologo izateko nola edo hala moldatuz. Etxe guztietan berdin gertatzen da, baina ez da oso aztia izan behar etxe barruan zama hori ez dela berdin banatzen jakiteko. Betty Friedanek izenik ez duen arazoa deitu zion horri, eta hari esker izena eman genion ezinegonari: kontziliazioa deitzen den mito urbano hori, superwoman fikziozko pertsonaia protagonista ia bakarra duena. Salbuespenak salbuespen, noski.

Hori ez da berria, lehendik genekien, baina salbuspenezko egoera honetan, are sakonago ageri da genero arrakala. Bere enpresako ordezkari sindikala den lagunak esan dit lanaldia murrizteko baldintzen inguruan galdera egiten ari zaizkien langileen artean emakumeak ia ehuneko ehun direla, eta, zoritxarrez, ez nau harritu. Zornaturiko zaurian piku egiten du egoera ez-hain-berriak.

Aurrez aurreko klaseak etetea izan zen azkarren hartu zen neurria pandemia geldiarazteko, eta itzultzea izango da, seguruenik, azkenetakoa. Lanera itzuli gara, herrian bertan mugitu gaitezke, baita herritik atera ere; erosketak egin ditzakegu, saltoki handietako inurritegietako sarrera-irteerak antolatu ditugu, hondartzetako okupazio-semaforoak asmatu ditugu eta terraza, taberna eta jatetxeak egokitu ditugu. Bizitzari eusteko nahitaezkoak diren jarduerak bermatu behar direla esan eta ulertzen dugu, eta horren arabera antolatu dugu deseskalatze luze hau. Bitxia da, gero, eta oso kezkagarria, eskola ez izatea zerrenda horretan lehen postuetan, terrazen ondoan behinik behin.

Ez da erabaki erraza, eta are zailagoa, behin erabaki eta gero, antolamendua egitea. Hezkuntza-eragileak ika-mika ari dira, eskolara itzultzea noiz eta nola egin adostu ezinda; bizkorregi da batzuen aburuz, mantsoegi beste zenbaiten ustez. Behin eta berriro entzuten dugu segurtasuna eta osasuna beste edozein faktoreren gainetik lehenetsi beharra dagoela, gainerako arloetan hala ez balitz edo. Sarrera-irteera kaotikoak dituzten hondartza eta saltokietan egitea lortu dena ezinezkoa da eskolan? Bitartean, emakumeen bizkar gainean kokatzen da nagusiki zaintza antolatzeko gabeziaren zama, eta are bazterrago uzten ditugu desberdintasunik latzenak pairatzen dituzten familia eta haurrak.

Normaltasuna itzultzen ari da, fasetik fasera martxoan galdutakoa berreskuratzen ari garelako. Hondartzara joan gaitezke, terrazara edo tabernara (hori ez dela derrigorrezkoa gogoratzea komeni da, agian) eta egunerokoaren taupadak bizkortu dira; lozorroan egon ondoko aharrausi luzea eta gero, nagiak ateratzen ditugu. Amesgaizto berean jarraitzen dugu, alta. Aurtengo ikasturtea galdutzat eman dugu ia, eta ez dakigu zer gertatuko den irailetik aurrera, batere normala ez dela izango susmatzen badugu ere. Gelaren erdian elefante zuri bat dago, eta haren inguruan itzulika ari gara, aipatu ezin, aipatu nahi ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.