Inaki Galdos
ARKUPEAN

Hurrengoak

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Barka beza irakurleak masokismo ariketa onartezina iruditzen bazaio, baina igandeko hauteskundeen inguruan esan beharreko denak eta gehiago esanak, esaten edota esatear daudenez, bai Katalunian eta bai Euskal Autonomia Erkidegoan zain ditugun hauteskunde berriei begira jartzea otu zait, herenegungo emaitzek horretarako parada eskaintzen dutelako.

Hauteskunde orokorretan inoiz lortu duen emaitza onena lortu du Kataluniako independentismoak, eta horrekin erakutsi du momentuz behintzat ez diola kalterik egin tsunamiaren estrategiak, kaleko presioak. Alderantziz, badirudi bateragarri bezain onuragarri suerta daitekeela hauteskundeen dinamikarekin, momentuz behintzat, diot berriro. Hala ere, bada proces-aren epaiaren ondoren botoetan jauzi handixeagoa espero zuenik eta abstentzio militantearen hautua egin zutenen kopuruari buruzko gogoetan ari dira zenbaitzuk, zenbat izan daitezkeen pentsatzen, Parlament-erako hauteskundeetan horiek botoa eman dezaten lortzea ezinbestekotzat jotzen baitute.

CUP aurkeztu izanak Esquerrari eragingo ziola bistakoa zen, beraz Junquerasen alderdikoek ez lukete kezka handiz hartu behar bi diputatu galdu izana, arrazoi bakarra hori baldin bada behintzat. Beste kontu bat da higaduraren bat izan badu bere estrategiagatik. Garrantzitsuagoa iruditzen zait Junts per Catalunyak inor gutxik espero ez zuenean izan duen igoera, baina ez berez handia izan delako, horrek izan dezakeen beste eragin bategatik baizik. Izan ere, aspalditxotik ari dira lanean PDeCat alderdiko hainbat kritiko eta beste hainbat jende alternatiba moderatu bat osatu nahian, Pobleten izan zuten bilera hura lekuko. Baina Puigdemonten jarraitzaileen porrota ia-ia ezinbestekoa dute horretarako eta maiatzeko europar hauteskundeetan irabazi izanak euren asmoak hoztu bazituen, igandeko emaitzen zain zeuden mugimendu berria hauspotzeko. Ez dituzte berri onegiak izan oraingoan ere. Ez dakigu noiz deituko dituzten hauteskundeak Katalunian, baina benetan interesgarriak datoz. Berri txarrak Icetaren sozialistek ere izan dituzte, ez soilik gora egiterik ez dutelako lortu, alternatiba eraikitzeko ustezko aliatu garrantzitsu bat gabe geratu direlako, baldin eta ez badute nahi Vox Ciudadanosen ordezko gisa hartu.

Hiru probintzien euskal erkidegoan ere ez dira urruti hauteskundeak. Baina lehenago bi mugarri garrantzitsu izango ditugu. Bata, San Andres egunean Gasteizko legebiltzarrean aditu taldeak estatus berriari buruz aurkeztu beharreko lana. Bestetik, aurrekontu berriaren negoziazioa. Biek ala biek asko baldintzatuko dute bai hauteskundeen data eta bai ordura arte izango den eztabaida politikoa. Baina helburu nagusi batekin abiatuko dira EAJ eta PSE: gehiengo osoa lortzearena.

Denborak esango du, baina ez dirudi helburua lortzetik oso urruti egongo direnik. Oso sendo daude jelkideak. Sozialistak ez hainbeste, baina ez dute asko behar duela hiru urteko emaitza kaxkarra gainditzeko. Kontuan izan egungo gobernu koalizioa eserleku bakarraren faltan dagoela legealdi lasaia izateko. Gobernuaren osaketari buruz baino gehiago gobernu berria osatzeko Sabin Etxetik jarriko dituzten baldintzei egongo gara asko so, aukera ona baitute hainbat gaitan sozialistak pixka bat gehiago bederen estutzeko.

EH Bildu ere oso sendo dago, baina arazo bat dauka, egunen batean amaituko dena. Espainiako sozialistek ezinbestekoa duten gogoeta sakonaren baitan egunen batean erabaki beharko dute —eta erabakiko dute— Arnaldo Otegiren koalizioarekiko duten jarrera ezin dela betikotu, besteak beste, bere buruari harrika ere ari delako alderdi sozialista horrelako marra gorriekin. Ez da datorren urteko hauteskundeetarako gertatuko, baina bai askok uste baino lehenago. Hortik aurrera gure hauteskundeak askoz ere interesgarriagoak izango dira. Batez ere hauteskunde ondorengo asteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.