KRITIKA. Musika

Munduaren zamarekin dantzan

2022ko otsailaren 26a
00:00
Entzun

Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Robert Treviño. Pianoa: Yulianna Avdeeva. Egitaraua: Leonard Bernsteinen West Side Story. Dantza sinfonikoak eta bigarren sinfonia Antsietatearen garaia; Zhou Tianen Orkestrarako kontzertua.Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma.Eguna: Osailak 24.

Sumatzen da Treviñok gustuko dituela eta menperatzen dituela bere herrialdeko musika eta musikariak, Mikel Chamizoren esku-programa bikainean aditzera ematen denez. Duela astebete zendutako Tomas Araguesi eskainitako kontzertuan, Leonard Bernstein izan da ardatz. Gozatua hartu zuen publikoak haren West Side Story. Dantza Sinfonikoak entzuten, orkestrako musikarien lan itzelari esker, inolako musika estilori uko egiten ez dion partituraren bizitasuna goratuz.

Zhou Tian konpositore txinatarraren Orkestrarako kontzertua lehen aldiz entzun ahal izan da Europan Euskadiko Orkestrak eskainitako programan. Obra bizia da, koloretsua, instrumentu guztien aukerak miatzen dituena, batez ere haizeen izaera xeheki definituz, askotan bakarlari lanetan jarriz harien sostenguaren gainean —Indigo mugimenduan, esaterako—. Glow mugimenduak —lehena eta luzeena da— intentsitate handiko zatiak biltzen ditu, bi gai kontrajarrien jolasean. Azken mugimenduaren sarrera apartekoa da: biolin bakarlariak irekitzen du, eta, pixkanaka, erreleboa hartzen dio biolontxeloak, gero bigarren biolinak, biolak, kontrabaxuak... orkestra guztira zabaldu arte, erritmo eta harmonia bizien nahasketan bidea topatuz.

Bernstein bereziki hunkituta utzi zuen W. H. Auden estatubatuarraren Antsietatearen aroa olerkiaren irakurketak. Musikagilea sinfonia berri bat idazten hasi zen berehala, 1947an, eta poetak Pulitzer poesia saria jaso zuen urtebete geroago. Avdeevak obraren asaldura sakontasun zirraragarriaz jaso zuen: pianissimo ia ezinezkoetan eta akorde tinkoetan distira biziak hartu zuen Kursaala. Izan ere, poemaren muinean gerraosteko garaian zentzua bilatzeko zailtasuna dago, gehiegizko kargak sor dezakeen blokeoaren ardura. Sarreran, irratiak Emble pertsonaiaren pentsamenduak eten egiten ditu bat-batean: «Orain, berriak. Gau erasoak / bost hirietan. Hasi dira suteak». Galduta ginateke errealitateak barnekotasuna astintzeko biderik topatuko ez balu, lazeriak eta triskantzak ikusteko ahalmena erauzia bagenu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.