Arkaitz Mendoza.
Donostiako 79. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Ostegun Musikalak San Telmon zikloa

Egoki eta jator

2018ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun

Judith Jauregieta Lina Tur Bonet

Lekua: Donostiako San Telmo museoa. Eguna: Abuztuak 16.

Hamarkada oso bat bete da Judith Jauregi pianista donostiarrak Musika Hamabostaldian egin zuen estreinalditik. Interprete Gazteen zikloan entzuteko aukera izan genuen, nahiz eta bere talentua aski ezaguna izan, hiriko hainbat lehiaketa eta kontzertutatik. Oraingoan, ganbera musikara zuzendutako San Telmo museoko ziklo garrantzitsuan aritu da donostiarra, eta berriz ere arrakasta lortu du, haren lanak kalitate handiko harribitxiak dituelako. Lina Tur Bonet biolinista du bidelagun. Plaza askotan iaioa da, eta, entzundakoa baloratuta, hobeto aritzen da musika barrokoaren espezializazioan; halere, irudia, presentzia eta erantzuna ikusita, heldutasun oparoko biolinista pisutsua da. Ez dut nolanahi adierazi pisuarena, errezital guztian arkua pisutsu eta gozotasun faltarekin erabili zuelako.

Tur Bonetek arazoak izan zituen pianotik zetorren soinu biribilera egokitzeko Joaquin Turinaren Euterpe-an, Christoph Willibald Glucken Orfeo eta Euridize melodian nahiz Claude Debussyren Sonata-ko Interméde pasartean. Abiaduran eta arnasketetan fin aritu zen bikotea, baina musika esaldi bakoitzarekin egin beharreko tratamenduan ikuspegi ezberdinak nabari ziren taularen gainean. Biolinistak esaldikapen luzeei mozketa gehiegi ziriztatu zizkien. Hala ere, emanaldi egokia eta jatorra izan zen orokorrean, eta entzuleen isiltasuna, goraipatzekoa. Maurice Ravelen Sonata-n askoz erosoago sentitu nuen biolina; solte, aske, eta, batez ere, baikor, dotorezia handiko soinuaren bila. Une bereziak pilatzen joan ziren, eta Manuel de Fallaren Suite espainiarra-n bikaintasunera iritsi zen elkar ulertzea Nana zein Polo abestietan. Judith Jauregiren pianoa harmonia liluragarriz hornitutako estalkia izan zen biolina zerutar azal zedin. Emanaldiaren amaieran, bi oparitxo: etxeko Aita Donostiaren Bat-batian preludioa, eta Jules Masseneten Thaisen meditazioa famatua. Gau polita, musika saio politago batentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.