begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Memoria larrialdia, hamasei orduko balentria bi

2020ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Hamalau ordu dirau 2018 ko balentria izan arren Filmin plataformak estreinatu berri duen Mark Cousinsen Women Make Film: a New Road Movie Through Cinema-k. Bi ordu dirau asteazkenean Elias Kerejeta Zine Eskolako hainbat ikaslek erreskataturiko Mario Peixotoren 1931ko Limite film brasildarrak. Bi film puska horiek, ezezagunaren barrenetan, erraietara egin beharreko bidaia gazi-gozo eta ezinbestekoan sartzeko erronka luzatzen digute.

Historiagilea da Ipar Irlandan sustraiak dituen Cousins. 2011n beste lan erraldoi bat plazaratu zuen, hamabost orduko The Story of Film: an Odyssey. Baina aurretik Kixote moduan ibili zen Eskozian zehar, Tilda Swinton aktorearekin Lur Garaietako, Lur Ertainetako, Lur Beheretako hiri, herri eta herrixka guztietan pelikulak proiektatuz, 37 tona pisatzen zuen kamioi bat pantaila eta kasik saloi zutela.

Zeluloidearekin, bizitzarekin, artearekin, gizakiokin zerikusirik duten saltsa guztien ikertzaile, ibiltari, esploratzaile, eskarmentuz eskarmentu trebaturik, egun gure etxe barruko pantailetan ikusgai dugun Women Make Film berea zinema eskola izugarria da. Bertan zinemaz ikasiko duzuna ez zaizu inoiz ahaztuko.

Cousinsek eta narratzaile diharduen Tildak berak ez dute ez denbora, ez zeluloide, ez indarrik soberan errebindikazio kontu inozoetan erortzeko. Jakin, aspaldian dakigu emakumeak izan zirela, direla eta izango direla kamera baten atzean, kamera lepoan harturik. Baina orain da garaia, orain ordua, egin zutena, egiten dutena eta, dudarik ez izan, egingo duten hori erakusteko. Ikasteko. Aztertzeko. Eskura eta begietara jartzeko.

Izenak hor daude. Ezin besarkatuzkoa, bukatu ezinekoa dugu emakume horien izen zerrenda. Izan ere, 700 pelikulatan barne egin du bidaia Markek, eta 187 emakumeren lan zatiak erabili gure gelako pantailan ikusgai, dastagai daukagun ikasgai magistrala burutu ahal izateko.

187 izen, autore, egile, sortzaile. Eta ez bakarrik, inolaz ere, ezagunenak, famatuenak. Jakina oso, Kathryn Bigelow agertuko zaigu pantailan, maistra agertu ere. Agertuko zaigu Mai Zetterling. Eta Agnieszka Holland. Baita Susan Seidelman ere. Chantal Akerman eta Laurie Anderson. Claire Denis eta besteak. Baina sorginduko zaituena zera da, ezezagunen zerrenda amaigabea. Esaterako, zer genekien Hong Kongeko zinemaren aitzindaria izan zen Cecille Tangez, Wong Kar-waik berak maistratzat eta inspirazio jotzen duenaz? Zer Auschwitz kontzentrazio esparruan izan eta gero kamera baztertu ez zuen Wanda Jakubowskaz?

Cousinsek eta Swintonek ez dute ez denborarik ez irudirik galtzen gezur-negarretan, aienetan; nahiago hamalau orduko zinema eskola berdingabea sortu. Ezagutaraziko dizkiguten 187 emakume horien izenak ez dira alferrik, debaldetan erabiliko. Ez baitugu ez denbora ez zeluloide nahikorik.

Beraz, emakume horien guztien lanak behar ditugu plano sekuentzia bat zer den ikasteko. Paneo hitzak panoramika esan nahi duela baieztatzeko. Plano hurbilaren nondik norakoaz jabetzeko. Hamaika sentsazio, ehunka pasio eta mila dolu edo gozo nola adierazi jakin ahal izateko erabiltzen dute Markek eta Tildak­ 187 emakume horien zinema. Zergatik ikasi behar da beti zinema egiten David Lynchen, Orson Wellesen, Walshen, Bergmanen, Hitchocken, Truffauten irudiekin, irudien bidez? Zergatik ez, ordea, Moldaviako Kira Muratovaren Nastróyshchik-ekin edo Australiako Cate Shortlanden Lore-z baliaturik?

Aitor dezagun hamalau ordu horiek lotsa eragiten digutela. Atal guztiak bukatu orduko errudun sentitzen zara. Zeri begira geunden gu 187 emakume horiek zinema egiten zutenean, sariak, sari mordoxka izan ere, jasotzen zituztela, beren herrialdeetan gu baino azkarragoak ziren ikusleek txaloz hartzen zituztenean? Zergatik ez ditugu filmategiak arakatu, entziklopedietan barrena murgildu emakume horien guztien bila eta desiraz? Zergatik fidatu izan gara besteek esandakoaz, erakutsitakoaz?

Guk egindako akatsa errepika ez dadin, zeluloide puska ikaragarriak gal ez daitezen afanetan daude Elias Kerejeta Zine Eskolakoak. Salbatu dute, esaterako, pareko gutxi duen Peixotoren Limite. Erreskatatu dute Bolsonarok eta konpainiak indarrez, krudel itxi duten Brasilgo Filmategitik. Izen polita jarri diote euren borrokari: Memoria larrialdian. Honetan ere, gu, nolabait kulpante, Latinoamerikako zinema dokumentu etnikoa baino ez zela esaten zigutenean, zergatik ez gara abiatu bertako abangoardiako sortzaileen bila? Limite, Youtuben duzue. Bai, egia, galduko dugu bertan nitratozko pelikularen testura, baina zabalduko zaigu begirada, begirada harritua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.