begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Agonia-ezkilak aretorik gabeko Garizmendin

2020ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Gaur izango du akabera Bilboko Zinebik, eta benetan errenditze hitzaren esanahia ezagutu ez bazuen lez eutsi diola eginbehar bereari. Muturreko irudiak, muturreko soinuak, muturreko aldarrikapenak ikusi, entzun eta partekatu dira, ditugu, Arriagan, Azkuna Zentroan eta Guggenheimen.

62. aldia izan du Zinebik, eta Esther Ferrer Skypez Paristik eta Paul Urkijo haragi eta hezurretan Gasteiztik bildu ditu, ostirala hilaren hamahiruan hasi eta oroitzapen arraro samarreko azaroaren 20 honetan bukatuko den festarik gabeko festan. Izan dugu bertan, Xabi Erkiziari eta Tamara Garcia Iglesiasi esker, Beatriz Ferreyra musikariaren lan txit berezia ezagutzeko parada. Izan dugu aukera bere lanak beste inork baino bihurriago, beste inork baino bazterrak astintzeko gogo handiagoz izendatzen dituen Donostiako Elias Kerejeta Zine Eskolan estudiatutako Magdalena Orellanarekin topo eta estropezu egiteko beta. Kafkari berari lapurtu zion propio zikindutako16 milimetro analogikoetan filmaturiko dokumentuaren izenburua: Esto sería más intenso si a esta hora tan tardía se visita a un amigo para ver cómo le va...

Gaur itxiko dute 62. Zinebi. Kostata, tiraka, birusarekin eta agintari guztiek (osasuna beti bandera omen eta, jakina) jarritako oztopo eta trabekin dantza eroan eta sokamutur basan, Euskal Herrian diren zinema jaialdi guztiek iraun dute bizirik, beste ostiral eta hamahiru batean (martxokoan, hots) hasi zen hondamendi honen artean: Giza Eskubideen aldeko hainbatek, Donostiakoak, Beldurrezko Asteak, Bilboko Fantek eta Zinebik. Ez, zinema jaleok ez bide dugu amore ematen jakin. Ez.

Gaur du eguna Imanol Rayok. Gaur du estreinaldia Hil kanpaiak bereak. Beltza da, beltza oso. Belztua du zeluloidea. Belzturik arima pertsonaiek. Belztua Javier Agirre Erasok auskalo zein lokamutsetik lapurtutako argia. Belztua dena.

Iragana, oraina eta etorkizuna dira beltzez tindaturikoak Garizmendi baserriaren inguruetan. Beltzez herriko eliza. Kanposantua ere iluna da, eta, bertan, hilotzak ez dira, ez, deskantsu eternalean.

Imanolek eta konpainiak Miren Gorrotxategiren 33 ezkil nobelak (beltzak) sobera zituen gai paralelo guztiak, azpibide oro, bigarren mailako kontuak eta pertsonaiak saihestu dituzte. Ezabatu. Lurperatu. Ilunabarrean. Euripean. Gau goibelduaren babespean, larrutik pagatu beharreko babespean.

Gehitu diote nobelari lodiera berezia. Espantu itsu eta sorrez gainezka egiten duen lodiera.

Nobelan apunte baino ez den inguru sozial batean murgildu dituzte pertsonaiak pelikulan; gure lur honetako espiritu pobreek eragindako giro ubel, ospel, zauritu, minduan; gure mito zuri, gozo zein epikoei miraz begiratu, ta askok ez ikusiarena egiten dioten giro horretan.

Droga garaiak dira zinema aretorik, ziurrenik, ez duen herri horretan. 33 aldiz joko dute bertan kanpaiek, kokaz edo heroinaz beteriko santutegitik ez oso urrun. Eta drogek ez zuten iraultzarako balio izan, sekula ez. Ezta gameluak izan borrokakide aproposenak ere...

Apustu fina eta arriskutsua Imanolena eta bere taldearena. Ohiko, usadiozko bide kriminaletatik gozo ibilitako liburuaren irakurlea ez da eroso sentituko filmean. Darion fisikotasun hezeak, ilunak, lehorrak min emango dio. Batzuek Bergman bera aipatu dute eredu. Hurbilagoan badugu, nik uste, ispilurik. Esaterako, Frantzian joan den mendean egiten zen krimen-zinema. Bertan zen jaun eta jabe Jean Pierre-Melville...

33 ezkilek joko dute gaur zinema aretorik baduten herrietan. Gaur, Zinebi bere akaberara datorrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.