begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Fantasia bizidunak, gurean hitz-jario

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Adinean, zineman, bizitzan, politikan, kaleko eta liburuetako filosofian nerabe (eta agian baita herabe ere) nintzela uste nuen nik, sinetsi kasik (inozo halakoa!) iraultza (benetakoa) burutuko genuela. Uste nuen, amestu kasik (bakuna neu!), ezkerra, ezkerra zela. Aberrian sinesten nuen (uste nuen bederen sinesten nuela). Internazionalean eta Hirugarren Errepublikan. Sinisten nuen irrintzi bat entzunda joango ginela denok ikurrinaren atzean.

Nerabe eta herabe nintzela, uste nuen itsumustuan gutxiengoek mundua aldatuko zutela. Usadiozko sexu-genero-hizkuntza-etnia, gorpuzkera-ideologia, artegintzatik at joaten (nahita) ala geratzen (beharrez) zirenek aldrebestuko zutela unibertsoaren, ekonomiaren, arkitekturaren ordena. Hankaz gora jarriko goikoen tradizioak agindutako guztia.

Maleziaz eta malenkoniaz aurrera egin ahala, oker nintzela ohartu nintzen. Muga eta arau guztien bestaldean zegoen ia orokdesiratzen zuena arrunta izatea zen.

Bitartean, jakina, ezkerra mila taldexkatan txikitu zen, izenlagunen gaindosian itota. Metalezko musika nola. Metal izan zitekeen, heavy besterik ez. Baina baita speed, thrash, gothic, industrial, black, rap, glam ere. Era berean, Ezkerra izan zitekeen maoista, troskista, komuneroa, bateratua... Ohiko bikote heteroaz haratago, konbinazio konplexuagoak sortzen zituzten horiek ere, azken finean, zinegotzi batek edo apaiz batek ezkontzea nahi zuten. Eta kumeak eduki...

Punkek kaleraturiko modak luxuzko erakusleihoetan bukatu zuen, eta erkidegoz erkidego sorturiko komunikabideetan kirola eta sukaldeko errezeta betikoak errege bihurtu.

Adinean, zineman, bizitzan, politikan, kaleko eta liburuetako filosofian joan-etorri traketsetan aurrera egin ostean, derrepentean jaso dut azken-aurreko sastada. Disneyk ekoiztutako zinema piezak euskaraz entzun daitezen ari dira asko eta asko borrokan.

Ahoa bete hortz, belarriak bete burrunba, tripak bete min eta arima bete hotzikara utzi nau notizyak. Ulertzen dut oso ondo (nola ezulertu ikusteko jaio ginen hamaika horiek baino gehiago ikusi/entzun/sufritu ditugun honetan?) desira honen zergatia. Hain da boteretsua, hain ditu luzeak tentakuluak, hain da oparoa (oparo bezain garestia) bere plataforman gordetako altxorra, hain dira handiak Parisko eta Orlandoko bere parkeetako atarietan sortzen diren zale sorginduen ilarak ezen sinestuak baitira zinemako bere pertsonaiak euskaraz mintzatzea onartuko balu navarrorum lingua-ri emango liokeela Gero-k berak eman ez zion tornua, nahiz eta Oskorrik bestela aldarrikatu izan.

Badakit Disney euskaraz eskatzen duen plataforma zergatik sortu den. Pantailetako erraldoi baten onespena izateak lagunduko liguke hizkuntza normalizatuen goi gradura iristen. Badakit ere Kataluniako jendeak lortutakoaren inbidiaz gaudela. Dena ulertzen dut... Eta kasik bat nator. Baina bai pena, ez? Maite ditut nik Disneyk egindako hamaika film: The Lion King,Beauty and the Beast, The Hunchbackof Notre Dame. Gustuko dut bere aspaldiko odol zaharkitua gaztetzeko duen abilezia (Pixar estudioetako animazio aztiak tentatzen eta bereganatzen...).

Uste dut, are, ez dela guk pentsatzen genuen bezain gozo eta milika. Izan ere, Bambiren ama filmaren hastapenean hil egiten da, The Lion King-ek kontatzen digunak Hamlet bera dakarkigu burura eta, askoren ustez, Dumbo arrosaz tindatu zutenak LSDak jota zeuden.

Baina, hala ere, iraultzaren espero desesperatuan urteak eman eta gero, galdetzen diot neure buruari Disneyen pertsonaiak euskaraz aritze horrek emango ote liokeen gure hizkuntzari merezi duen ohorea.Seguru zaudete? Egun gurean lantzen den bikoizketa kirurgiko horren bitartez? Ez bolumen, ez ñabardura, ez azenturik ez duen horren bidez? Batere herrikoia, batere jatorra ez den espantuzko horrekin?

Ulertzen dut zergatik. Ulertzen dut zergatik nahi duten Disney euskaraz, baina erreparatu diote pelikula horiek islatzen duten mundu motari? Bai, badakit; azken urteotako ekoizpenak feministagoak dira, libreagoak, mestizoagoak eta bihurriagoak, maneretan. Baina green washing izugarria baino ez dela ez diozue erreparatu? Ez zarete konturatu Tim Burton bera belauniko jarrarazi dutela? Zergatik Disney euskaraz? Zergatik ez Miyazaki, zergatik ez Tex Avery, zergatik ez animea? Zergatik ez Berlingo Zinemaldiaren Generation saileangazteentzako ikusgai diren lan benetako horiek guztiak bikoiztu, azpititulatu, eztabaidatu? Zergatik Disney? Barkatu, baina beldur diot, ni euskaraz mintzatu arren, Disneyk diseinaturiko izaera izango duen (lukeen) etorkizunezko buruzagien belaunaldiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.