Koronabirusa. Pandemiaren tolesturetan (II). Mayte Sancho.

«Adinekoei ematen zaien balio urria dago honen muinean»

Sanchok osorik harilkatu du bere lan ibilbidea adinekoei zuzenduriko arten inguruko gogoetetan; argi du izurriak horien hainbat gabezia gordindu dituela, eta, egoitzei begira, bereziki, aski herrena dela egoera: «etxe» giroa bermatzen duen eredurik ez dago oraindik taxuz ezarrita.

J. PRIETO / MATIA FUNDAZIOA.
arantxa iraola
2020ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Adinak antzaldatu egiten du, gorputza ez ezik, gizartean gizon-emakumeei ematen zaien tokia ere: haien hitzaren oihartzuna. Txertoa jartzen ari zaizkien andre eta gizon edadekoen irudiz bete dira egunotan albistegiak, eta lorpen goraipagarria da hori, baina COVID-19aren pandemiak, oro har, aparteko gogortasunez erasan ditu adinekoak, eta osasun krisiak biluzi egin ditu, gainera, haien iruditerian dauden hainbat orban, eta haiei arreta emateko zerbitzuetan dauden zenbait gabezia. Gaiaz aritzeko solaskide joria da Mayte Sancho (Leon, Espainia, 1952); Espainiako Gizarte Zerbitzuen eta Adinekoen Institutu Imserson urte asko egin zituen aurrena, eta, besteak beste, Adinekoen Behatokiaren antolaketan parte hartu zuen. Geriatriaren eta gerontologiaren arloan ikerlan asko egin ditu, eta 2008tik 2017ra Matia Fundazioan jardun zuen, haien institutuko zuzendari zientifiko; plangintzan aritu zen gero. Egun ere alorrarekin lotutako hainbat egitasmotan ari da. Adi dago, izurriaren eraginari so.

Hilabete gogorrak izan dira adinekoen egoitzetan. Zer ikasi behar da jazo den horretatik?

Esperientzia izugarria izan da, tragikoa. Ez zegoen horrelakorik gure gidoian; ez gure bizi proiektuetan, ez instituzioen ikuspegian, ez eta, oro har, gizartearenean ere. Pandemia bat izan zitekeenik ere ez genuen uste; oso urrun geunden horretatik. Gertatu denetik ikasbiderik atera dugun? Urte batzuen buruan ebaluatu beharko dugu hori. Berez, esperientzia negatiboak izan badituzu, eta horietatik ikasi baduzu, horiek aldatzera egin beharko duzu, baina ez dago argi oraindik hori gertatuko den; ikusteko dago. Intentzio bakan batzuk ikusi dira, baina ikusteko dago. Oraingoz, zera dugu aurrean: esperientzia tragiko bat, bereziki tragikoa izan dena adineko pertsona edadetuenekin, eta are tragikoagoa oraindik ere egoitzetan bizi diren pertsona oso mendekoekin. Mundu osoan gertatu da hori. Hortxe dugu, adibidez, Kanada: garapen maila altua du, eredu da gauza askotan, eta egoitzetan izandako heriotzen portzentaje handienetarikoa du.

Arazo orokorra izan da...

Bai, eta adineko pertsonei gizarte modernoetan ematen zaien balio urria dago horren muinean. Lehendik ere bizitzaren zailtasun oso malkartsuetatik igarotako belaunaldi bat oso gogor erasan du izurriak, eta errealitate bat desestali zaigu: hobe zitekeen egoera batean bizi zirela ikusi dugu. Hori nondik dator? Zahartzaroari ez zaio baliorik ematen, eta karga baten gisan ikusten da sarri askotan.

Nolabait ere, beste aldera begiratzea izaten da joera nagusia?

Hain zuzen ere. Ez baita atsegina. Beste aldera begiratu, eta arazoak nola edo hala konpontzera egiten da, eta orain guk ikusi dugu, adibidez, eredu instituzionalarekinlotutako egoitza eredu bat dugula, munduko beste zenbait tokitan jada desagertutakoa, eta eredu hori ez dela egokia bizitzaren azken urteetarako.

Eredu hori ez da egokia. Zein eredu sustatu behar da?

Eredu instituzionala da, oro har, Euskadira begira, eta Espainiara begira, ohikoena. Ehun egoiliar baino gehiago hartzeko egoitzak izaten dira askotan, gelak partekatzea ohikoa izaten da, eta partekatzeko dira beste espazio asko ere: jangelak, bisitak egiteko tokiak... Jakina, espazio horiek birusaren transmisio tokiak izan dira. Eta horrek hein handi batean egiaztatu du, gainera, lehendik ere bagenekien zerbait: instituzio bat ez da bizitzeko toki natural bat, inondik inora ere ez. Non dago konponbidea? Bada, beste bide bat urratu zuten hainbat herrialdek orain dela 50 urte inguru. Birformulatu egin zituzten gune instituzionalizatu horiek; horietan dena erabakita baitago, pertsona zenbaki bat besterik ez baita. Erabaki zen beste inguru batzuen aldeko hautua egitea, etxe giroko bizikidetza komunitateak lehenestea, zortzi-bederatzi pertsonako bizikidetza unitateak sortzea, hamalaukoak gehienez. Etxeko bizitza sustatzen da horietan; bada sukalde bat, eta etxean bezala egotea bilatzen da. Profesional talde bat dute ondoan; ia-ia haiekin bizi dira. Horrek esan nahi du ez dagoela profesionalen aldaketa handirik. Horrexek, pandemia egoera batean, nabarmen urritzen du kutsatzeko arriskua; izan ere, lantalde egonkorrak izatea bilatzen da, nolabaiteko burbuilak sortzea.

Horrelakorik ezin izan da egin egungo ereduarekin. Izurri honetan argi ikusi da: adinekoak bakartzera egin da kasu gehienetan, eta kanpoan zituzten harremanak etetera. Usu hilabeteak egin dituzte bakartuta...

Lehen olatuan guztiz eten ziren pertsona horiek zituzten afektuzko harremanak, eta horren ondorioak guztiz suntsigarriak izan ziren, oso kaltegarriak; dokumentatuta daude. Orain, beste olatu bat badator, eta sortu diren burbuiletan ezin al dira, adibidez, egoiliarren ahaideak ere sartu? Ikusi dut horrelako esperientziaren bat; aukera eman dute, langileei PCR eta antigeno testak maiztasun jakin batekin egiten zaizkien era berean, senideren bati ere antzeko probak egiteko; berebiziko funtzioa bete dezakete.

Krisi honetan esan da zahar etxeek ez dutela erietxe izan behar; hotel ere ez. Saihestu beharreko ereduak dira horiek, ezta?

Jakina ez dutela erietxe izan behar! Erietxeak beharrezko baliabidea dira herritar guztientzat: guztientzat. Lehen mailako osasun arretak beharrezkoak direla esaten denean erabiltzeko dira erietxeak. Eta, jakina, adineko pertsonen kasuan ere berdin.

Egoitzetan bizi badira ere...

Edo kobazulo batean, berdin da. Dagokigunean joan behar dugu ospitalera. Izan ere, egoitza batek eduki behar ez dituen baliabide batzuk ditu erietxe batek. Egoitza batek, adibidez, ez du arnasgailurik izan behar. Pertsona batek arnasgailu bat behar badu, erietxean jaso behar ditu horretarako artak. Egoitza, berriz, pertsona horren etxearen ordezkoa da. Beraz, ez, egoitzek ez dute hotel izan behar; horietara bolada baterako joan ohi gara. Eta ez dute erietxe ere izan behar: horietara joaten gara gaixo gaudenean, osatzera. Egoitzak izan behar du nire etxearen parekoa: bertan zaindu egingo naute, seguruenera etxean baino hobeto, baina bertan duten antolaketak horretarako modua eman behar du.

Horretarako asko aldatu behar du egungo ereduak?

Asko, bai. Adibidez, iragarkietan-eta, oraindik ere badira adinekoen egoitzak, ematen dituzten zerbitzuen artean zera eskaintzen dutenak: pertsona ardatz duen arreta. Eta ni zur eta lur geratzen naiz, guztiz harrituta. Pertsona ardatz duen arreta ikuspegi etiko bat da, zehazten da hainbat jarduteko eratan, baina ez da zerbitzu bat; egiteko modu bat da, harremanak izateko era bat, taxu jakin bateko antolaketa eskatzen duena. Nik ez dizut pertsonan ardaztutako artarik ematen goizeko 11:00etatik 12:00etara ... Esparru kontzeptual bat da; jarduteko era bat. Esaterako, beti hitz egin behar dugu talde txikiez; ezin dugu hitz egin 21 pertsonako bizikidetza unitateez. Zu, normalki, ez zara beste 21 pertsonarekin bizi! Eta, esaterako, dementziak-eta dituzten pertsonentzat talde txiki horiek oso-oso mesedegarriak izaten dira. Aldiz, pertsona independenteei buruz ari bagara, haiek erabaki dezatela non egon nahi duten. Giroari ere erreparatu behar zaio: etxe giroa bilatu behar da. Egoiliarren logelek etxebizitza taxua izan behar dute, etxebizitza txikiena. Eta beraienak izan behar dute: beraien altzariak eduki behar dituzte, eta beraiek edota beren familiartekoek apainduta egon behar dute. Halakoek eramaten zaituzte toki hori zeurea dela sentitzera. Horrelakorik ez dugu gaur egun; ehun gela ditugu, adibidez, egoitza batean, eta denak igual-igualak.

Edota, esate baterako, egun ohikoa da ordura arte ezagutu ez duzun pertsona batekin bizi beharra gela batean...

Bai, orain arte esan ditudanak lotuta daude lortu behar den giroarekin; horiek dira akaso lortzen errazenak. Baina gero daude, baita ere, eguneroko bizitzaren antolaketarekin lotutako kontuak, eta horietan, noski, ezin da balekotzat jo zuk zure bizitzako azken bi urteak egitea ordura arte ezagutu ez duzun pertsona batekin, eta, gainera, zer, eta akaso oso gaixo dagoena, zu bezala. Eta, azkenik, zera bilatu behar da: pertsona horrek sentitu behar du egiten dituen jarduerek zentzuren bat dutela beretzat. Nola antolatuko dugu dena? Bada, pertsona horientzat egiten denak zentzu bat izateko moduan. Eta horretarako ezinbestekoa da pertsona horiek ezagutzea; jakin behar dugu bakoitzarentzat zer den garrantzitsua, eta, esaterako, zer bizi ohitura izan dituen. Hartara, bere ohitura horietara egokitzeko era izango dugu. Gainerakoan, egoiliarrak dira beti eskaintzen zaizkien baliabideetara egokitzeko ahaleginetan ari direnak. Eta hori ez da bidea; baliabideek egokitu behar dute pertsona horietara, aintzakotzat hartuta beren bizitzako azken fasean daudela.

Zuztarreko aldaketa bat da proposatzen duzuna. Arloko profesionaletara begira ere eragina izan beharko luke, ezta?

Planteamendu horizontalago batera egin behar da, eta lehen lerroan egon behar dute zaintzaileek. Zaintzaile emakumezkoek esan beharko nuke, andrazkoak direlako gehienak, baina gizonak ere gero eta gehiago izango diren esperantza dut, eta, gainera, horretara animatu nahi ditut; zaintza lanetan hasten direnean, bikainak dira horietako asko. Horretarako, jakina, duindu egin behar da zaintzaileen lana.

Krisi honek agerian utzi duen beste ikasbideetako bat ez da, hain justu ere, horixe?

Egiazki. Eta, hain zuzen ere, kontraesan ageriko bat dago hor. Zer, eta ondoegi tratatzen ez ditugun pertsonen esku uzten ditugu gure etxeko pertsona maiteen eta kalteberenak. Bitxia da. Geure adinekoak, esaten dugu, eta gero haiek zaintzen ari diren pertsonak usu prekarizatuta daude; etxeetan-eta dauden zaintzaileen artean, adibidez, ohikoak dira migrazio prozesuetatik datozen pertsonak, ordutegi oso traketsetan lanean ari direnak usu, eta zaintzarako baliabide egokirik gabe. Horrez gain, ez dute sentitzen egiten duten lanak inolako aitortzarik duenik. Proposatzen dugun ereduan, ordea, zaintzaileen lanaren aitortza ardatza da. Horregatik, pertsonak ardatz dituzten ereduez hitz egin behar da: ez da pentsatu behar zainduak diren pertsonetan bakarrik, zaintzen dutenei ere erreparatu behar zaie.

Zer trebakuntza klase izan behar dute zaintzaile horiek?

Egun, trebakuntza oso eskasa da; trebakuntza horretan erreparatu behar zaio arreta handiz adinekoei eman behar zaien tratuari. Zer-nolako harremana izango dut pertsona horrekin? Nola ezagutuko dut? Nola tratatuko dut? Nola ezagutuko ditut bere desioak eta gogoak? Horri garrantzia eman behar zaio. Hori dena ez da eskola batean ikasten; horregatik trebakuntza duala ezinbestekoa da bide horretan aurrera egiteko, eta, nolabait ere, abian da hori. Prozesu horretan, zaintzen dutenen ondoan egon behar dute trebatzen ari diren pertsonek: zer egiten den ikusten. Jakina, ikusten duten horrek ona izan behar du; bestela, alferrik. Behin bide hori urratuta, aitortu egin behar da profesional horien garrantzia, eta duin pagatu behar dira: soldatak duina izan behar du. Soldata garrantzitsua da, ez da ba izango!

Eta lan zama eramangarriak ere bai, ezta? Egun kexu dira langileak, iritsi ezinik dabiltzalako usu. Izurriak, gainera, egoera larriagotu duela esaten dute...

Hain justu, hori berrikusi egin behar da: egitura profesional guztia.Etxearen antzekoagoa den eredu batean, ardatza zaintzaileak dira, eta gero talde tekniko batzuk egongo dira laguntzeko, aholku emateko. Adibidez, bide horretan oso ondo laguntzen dute erizainek, egoiliarrek askotan arta konplexuagoak behar baitituzte. Erizaina eta zaintzaileak; horiek dira oinarria. Guztiek ondo trebatuta egon behar dute pertsona ardatz duen ereduan, eta ondo ulertu behar dute pertsona batek ahotsa duela, adierazten ez badu ere. Jakina, horrek egungo eredua berrantolatzea eskatzen du. Gai zaila da, baina dudarik ez da: era horretako bizikidetza unitateetan ardatza zaintzaileak eta erizainak dira, eta gainerakook lagundu egiten dugu.

Lantaldeen berrantolaketa gai zaila diozu. Publiko-pribatu dikotomiara begira ere, auziak erantzun bat baino gehiago izan ditzakeela argudiatu izan duzu...

Esperientziak, mundu osora begira, zera dio: finantzaketa publikoa bermatu behar da alorrean, eta ematen diren zerbitzuen ikuskaritzak ere publikoa izan behar du. Ez da ikuskaritza bakarrik, gainera, haragokoa da ardura: jarraipena ere egin behar da, eta baliabideen ondoan egon behar du alor publikoak. Ehuneko ehun bermatu behar da hori. Gero kudeatu daiteke, ordea, nire esperientziaren arabera, irabazi asmorik gabeko erakundeen bidez, eta, zenbaitetan, baita ekimen pribatuaren bidez ere. Administrazio publikoak egon behar du beti ondo-ondoan, baina auzia ez da soilik publikoa edo pribatua.

Bihar: Iñigo De Miguel Beriain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.