Koronabirusa. Pandemiaren tolesturetan (III). Iñigo de Miguel Beriain.

«Arrazoizkoa da ziurtagirien bidez zenbait tokitarako sarbidea ematea»

Bioetikan trebatutako begirada lagun, doi erreparatu die izurriak ekarri dituen auzi etikoei. Haren hitzak adituta, irudika daiteke geroa ere, pandemia osteko mundua. Zuhurtziaz beti: «Aski zaila da etorkizuneko mundua nolakoa izan daitekeen irudikatzea».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
arantxa iraola
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Iñigo De Miguel Beriain (Iruñea, 1972) bioetika gaietan aditua da,eta Ikerbasqueko ikertzailea. «Guztiz jokoz kanpo harrapatu gintuen izurriak», onartu du. Bioetikaren arloan ere ustez guztiz iraganean geratutako galderak berpiztu ditu COVID-19ak eragindako osasun krisiak: aski minberak. «Horixe gertatu zen, esaterako, krisiaren hasieran, ikusi zenean agian ezingo zirela paziente guztiak tratatu: aukeratu egin beharko zirela», gogora ekarri du. «Arta intentsiboetako sendagileak-eta, adibidez, lehendik ere aski ohituta daude tankera horretako erabaki zailak hartzen, baina ez baliabideen eskasia dela eta». Irudikatu ere ez zuten egingo, seguruenera, tankerako egoera gaitzik. Orain, txertaketa kanpainak abian diren aro berri honetan, argi du itaun etiko zail gehiago datozela: «Izan ere, biztanlerian, egoera immunologikoari dagokionez, egoera ezberdinetan dauden taldeak ikusiko ditugu aurki». Erantzunen bila, garbi du hainbat jakintza diziplinak elkar hartuta aritu behar dutela.

Izurria ikuspegi zabal batetik aztertu behar dela diozu. Zer zentzutan? Zeren falta ikusi duzu?

Krisi honetan erabili den estrategia izan da osasun publikoak pandemia batean klasikoki darabilena: jo da birusa kutsa dezaketen pertsonak identifikatzera, haien jarraipena egitera, eta bakartzera. Horrek, teorian, ongi funtzionatzen du. Baina lortu behar duzu kutsatuak identifikatzea, eta ez da hain erraza; gero haien jarraipen on bat egin behar da, eta, azkenik, pertsona horiek bakartu egin behar dira; azken pauso hori, bereziki, ez da erraza. Eta kutsatu askok ez bakartzea erabakitzen badute, paradigma hori jausi egiten zaizu. Eta hori ez da osasun publikoko arazo bat bakarrik. Bakartu behar duten pertsona guztiak bakartzea lortzeko, jo behar duzu, baita ere, ekonomian, psikologia sozialean, etikan, zuzenbidean eta soziologian adituak diren horiengana. Hor interbenitu behar zen.

Eta iruditzen zaizu ikuspegi zabal hori ez dela kontuan hartu?

Aintzat hartu dela pentsatzekomotiborik ez dago. Eta beste kontu bat ere badago, ni guztiz harrituta, eta areago, haserre ere banaukana: ez dakigu nola hartu diren erabakiak, nork aholkatu duen nor, zer eratan egin diren gauzak... Benetako arazoa da hori. Izan ere, halako egoeretan gardentasuna ezinbestekoa da. Gardentasunik ez baduzu, alor publikoaren sinesgarritasuna, agintariena, erori egiten da, etahalakoetan aldagai garrantzitsuena hori da: sinesgarritasuna.

Nondik nora uste duzu joango direla hemendik aurrera bioetikaren arloan osasun krisi honen harira sortuko diren itaunak?

Nire ustez, arazorik handienak sortuko dira egoera immunologikoarekin lotuta. Izan ere, txertaketak aurrera egiten duen heinean, herritarren portzentaje gero eta handiago bat izango dugu, printzipioz, gaitzaren aurrean immunizatuta; bitartean, ordea, herritarren beste zati batek babesik gabe jarraituko du. Beraz, birusaren aurrean kalteberatasun ezberdina duten pertsonak elkarrekin nola biziko diren asmatu beharko dugu. Oker egon nahi nuke, baina nire susmoa da hor arazoak sor daitezkeela. Izan ere, egun birusari aurre egiteko ezarrita dauden hainbat neurri mantenduko diren erabaki beharko da orduan. Mantentzen baditugu, litekeena da immunizatuta dauden pertsona asko ez oso pozik egotea. Esan dut: oker egon nahi nuke, eta agian denok izango gara oso solidarioak, baina ez dut garbi. Baina neurriak mantentzen ez badira, birusaren aurrean oso kaltebera izaten jarraitzen duen jendea arriskuan jarriko dugu.

Zer egin daiteke hel daitezkeen arazo horiek saiheste aldera?

OME Osasunaren Mundu Erakundea behin eta berriz esaten ari da zer egin behar den: test asko egin behar dira, gaitza kutsa dezaketen pertsonak identifikatu behar dira, eta bakartu; beste inorekin harremanetan ez jartzea lortu behar da. Hori da gakoa. Eta, ikuspegi horretatik, pertsonei kutsakorrak ez direla esanez ziurtagiriak ematea arrazoizkoa da, eta ziurtagiri horien bidez hainbat tokitarako sarbidea ematea. Izan ere, kosta ahala kosta saihestu behar da kutsatuta dagoen pertsona bat, adibidez, toki itxi batean sartzea: jendea kutsatzea.

Test gehiago egiteko aski baliabide ba al da? Zenbait herrialdetan, adibidez, hasi dira taldekako PCR testak-eta egiten. Izan daitezke bide bat halakoak?

Nik uste dut badirela baliabideak, baina gutxiegi erabili direla, edo modu zentzugabean ere erabili direla. Eta, esaterako, bai, taldekako PCRak egin daitezke zenbait egoeratan, eta aurreztu egin daiteke era horretan. Horiez gain, antigeno testak ere badira eskura, eta beste proba berritzaileago batzuk ere aurki hemen izango ditugu. Kutsatuak atzemateko gaitasuna esponentzialki handituko da epe labur batean.

Ondo, testak egitea oso garrantzitsua da. Baina zeuk aipatu duzu: positiboak bakartzea lortzen ez bada, ez da deus lortzen. Nola bermatu pertsona horiek ez direla arrisku izango?

Oso zaila da. Geolokalizazio sistemen bidez-eta, adibidez, egin dira ahaleginak, baina, pragmatikoki, ez da erraza, eta datuen babesari dagokionez ere ez. Beste aukera bat da pertsona horien etxeen atarietan Polizia jartzea, baina hori ere ez da oso funtzionala. Oso zailak dira halakoak. Hortaz, zer egin? Niri arrazoizkoagoa iruditzen zait beste printzipio honetan oinarritzea: zuk ezin duzu kontrolatu pertsona bat bere etxetik ez dela irtengo, baina bai ez dela zurean sartuko. Askoz ere errazagoa da bakartzea betetzen dela ziurtatzeko kontrolak zenbait toki itxiren atarietan jartzea...

Immunitate pasaportea da hori?

Oinarrian, bai. Oso ideia sinple bat dago immunitate pasaporteen atzean: nik ezin dut bermatu zu ez zarela etxetik irtengo, baina bai nirean ez zarela sartuko, baldin eta kutsa bagaitzakezu.

Baina nola lortu populazio osoa, immunitate egoerari dagokionez, identifikatuta egotea?

Logistika aldetik, izugarrizko erronka da. Kostuari dagokionez, berriz, nire ustez ez litzateke horrenbesterainokoa; ez gara ari estatu batek ordaindu ezin duen ezeri buruz. Atzean dagoena da: nola lortu jendeak maiztasun jakin batekin testak egitea? Maiztasun egokia litzateke, adibidez,hiru egunean behin proba bat egitea. Jakina, gero, birusaren intzidentzia metatuak behera egin ahala, urritzera ere egin ahalko litzateke. Toki batzuetan horrelakorik erakutsi gabe ibili ahal izango duen jendeak, baina bereziki arriskutsuak diren lekuetan, segurtasuna bermatzera egin beharko litzatekeela uste dut.

Baina horrelako erabakiak hartzen hasteko, bermatu behar litzateke mundu guztiak izateaeskatzen den maiztasunarekin testak egiteko era. Gainerakoan, ez al legoke gizarte ezberdintasunak handitzeko arriskua?

Hain zuzen ere, horren arazo handiena ekitatea da: bermatu behar duzu mundu guztiak egin ahal izango dituela testak, eta, gainera, eskuragarriak izango direla denentzat. Funtsezkoa da hori.

Osasun sistemak gai dira halako erronka bati aurre egiteko? Gainezka egon dira maiz, egoerari ezin erantzun...

Teknologia bat ez da garatzen beharrik ez dagoen bitartean; halako test kopuru handirik beharko zenik ez zen uste eta, hein batean, ulergarria da gaitasun hori garatu gabe izatea. Orain, ordea, testetan ikusten ari garen garapen teknologikoa izugarria da, eta hor geratuko da; ez da desagertuko eta, geroan pandemia bat bada, askoz hobeto egingo zaio aurre egoerari. Bestetik, esan dut lehen: gutxiegi erabili dira hainbat baliabide. Adibidez, PCRak egiteko gai ziren laborategi batzuk ez dira martxan jarri; krisiaren lehen aldian ez ziren erabili. Gainera, zera izan behar da kontuan: bakartzeek eta, zer esanik ez, konfinamendu kolektiboak dakarten kostua testenekin alderatu, eta proben aldeko hautua argia da.

Etengabeko lehia egon da ekonomiaren eta osasunaren artean. Nola argitu auzi hori?

Benetako auzia da, eta, bien arteko oreka topatzen ez bada, honek ez du funtzionatzen. Hortxe dugu, adibidez, sasoikako gripea: urtero jende asko hiltzen du, eta onartu egiten dira heriotza horiek; izan ere, ulertu da horri aurre egitea oso garestia litzatekeela. Orain, agian geure buruari galdetu beharko genioke zergatik onartu ditugun hainbeste heriotza. Orain usu esaten da: «Bizitza da aurrena, gero ekonomia doa». Ados, baina zergatik ez zen, bada, irizpide hori aintzat hartzen sasoikako gripearekin? Krisi honek gure kontraesan asko ageri-agerian utzi ditu.

Txertaketa planak martxan dira, eta, oraingoz txertaketa derrigorrean jartzeko erabakirik ez da ezarri. Auzia itxita dago?

Debate iruzurtia izan daiteke. Obligatzeko era asko daude, eta ez dute esanahi bera. Esaten duzunean ez dela derrigorrezkoa esan nahi baduzu ez zaiola inori indarrez txertoa jarriko, argi dago: hori ez da gertatuko. Uste baduzu ez obligatzeak esan nahi duela ez zaiela isunik jarriko txertoa ipini nahi ez dutenei, bada, iruditzen zait hori ere ez dela jazoko. Baina, aldiz, galdetzen badidazu, adibidez, utziko zaien hegazkinetan sartzen txertatu gabe dauden pertsonei, sinesgogorragoa naiz; areago, esaten badidazu prebentzio neurriei eutsiko zaien jada gizartearen parte handi bat txertoa jarrita dagoenean, hor guztiz sinesgogorra naiz; eta prebentzio neurri guztiak kentzen baditugu, sakonean, zera ari gara esaten: «Txerta zaitezte denak, bestela hemendik aurrera arrisku handi bat duzue».Txertatzera behartzeko era inplizitu bat da prebentzio neurriak kentzea.

Zer beste bide dago?

Hautu bat hori da; azken haututzat har daiteke denei esatea: «Txerta zaitezte». Baina bada beste era bat; adibidez, pertsona bati adieraztea, txertatu ez bada, eta hegazkin batean joan nahi badu, frogatu beharko duela ez dagoela kutsatuta. Kasu horretan jendeari esan diezaiokezu: «Egin testak, edo txertatu». Hori aukerak ematea da: ez da derrigorrean txertatzera behartzea.

Txertoaren babesetik kanpo geratuko diren horien arriskuen gainean kezka biziz ohartarazten ari zara. Aurrez ere egoera kalteberetan dauden pertsonak izango dira, gainera, ezta?

Nire ikuspegitik, argia da hori. Nik espero dut txertaketa eraginkorra izatea, eta herritarren parte handi bat konbentzitzea... Demagun herritar helduen %80 txertatzea lortzen dela. Oso ondo legoke, esan nahi luke populazioaren %65 inguru immunizatuta legokeela; izan ere, kontuan hartu beharko lirateke ez txertatzea erabaki duten pertsonak, txertoaren aurrean erantzunik izan ez dutenak, haurrak... Demagun, prozesuaren amaieran lau heldutik hiru immuneak direla. Uste duzu konbentzitu ahal izango litzatekeela jendea egoera horretan maskara erabiltzeko, tabernetan edukiera murrizteko, hegazkinean sartzean ez dakit nolako baldintzak betearazteko? Oso zaila izango da hori, oso zaila, eta gatazka sozial handi bat sortuko du horrek. Eta zein dira arrisku handiena izango dutenak? Bada, kalteberen diren horiek, noski.

Txertaketa kanpainek, beraz, arrakastatsuak izanda ere, ez dute birusa guztiz desagerraraziko. Baina hori ere azaldu egin behar da, ezta? Eta txertoari buruz berriak emateko orduan erabateko konponbidea dela adierazi da sarri askotan, ezta?

Jakina. Halako indarra du pentsamendu magikoak! Askotan mesianismoaren parekoa da! Ematen du salbazioa etorriko dela, txerto bihurtuta, txar guztiak kentzera. Ez da errealista. Asko lagunduko digu, baina arazoak egongo dira oraindik. Argi izan behar da populazioaren zati batengan txertoak ez duela eraginik izango, eta egongo dira pertsonak txertoa jartzeko erarik izango ez dutenak ere. Eta hori esan egin behar da. Gainerakoan, honako mezu hau gailen daiteke: «Ni txertatu nintzen, gainerakoak hor konpon! Jar dezatela txertoa eta kito». Egoera, ordea, hori baino konplexuagoa da...

Baina horrek dakar onartzea epe luzerako arazo bat dela izurriena. Ez da erraza hori barneratzea, eta instituzioek ere ez dute nahiago lorpenak erakustea?

Noski, errazagoa da aurki normaltasun batera itzuliko garen promesa egitea, baina ez da errealista. Ez da plazaratu behar egiazkoa ez den mezurik. Logikoagoa da serio hartzea, eta esatea: «Aizue, XXI. mendean bizi gara, teknologia oso aurreratua dugu gauza askotarako, has gaitezen plangintza serio bat egiten ikusteko nola lortzen dugun epidemien arazoari aurre egitea, eta areago, desagerraraztea, badugulako horretarako ahalmen teknologikoa». Baina serio hartu behar dugu; egokitu egin behar dugu.

Baina ez da erraza, ezta? Aldaketak egin beharko direla esan nahi du horrek, eta begira zer tema dagoen normaltasun hitzarekin. Itzulera da amets...

Bai, lehen esan dudan pentsamendu magikoarekin lotuta dago hori; oso polita da maitagarrietan sinestea. Baina errealitatea zera da: gure ingurua aldatu egiten da, beti aldatzen da, eta gizakiak iraungo du, egokitzen baldin badaki.

Etzi: Ugo Mayor
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.