UDAKO SERIEA Elkargoko ordezkari berriak (eta V). Xole Aire.

«Herritarrak elkargora bideratu behar ditugu, eta alderantziz»

Biltzarreko kide izanen da ondoko sei urteetan. Beste 231 hautetsirekin batera, Euskal Hirigune Elkargoko bileretan parte hartuko du. Urepeleko ibarreko boza entzunarazi nahi du.

BOB EDME.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Xole Airek (Urepele, Nafarroa Beherea, 1973) lehen aldia izan zuen Euskal Hirigune Elkargoan, iragan uztailean. Sei urtez, biltzarreko kide izanen da. Urepeleko auzapeza da, eta ofizioz, laboraria.

Nola pasatu da Urepeleko Herriko Etxetik elkargorako jauzia?

Lehen bilkura egin dugu Baionako Lauga salan. Pandemiarekin, egoera berezia da: 158 herri ordezkatuak dira, alfabetikoki jarriak gara; biziki biltzar handia da, eta aski ikaragarria da. Baina laneko tresna handi-handi bat da. Sentitzen dut guk gure lana egin behar dugula, mendiko herri ttipietatik gure boza entzunarazteko elkargo handi horretan.

Laboraria zara, emaztea eta Urepeleko auzapeza. Zeintzuk izanen dira zure erronkak?

Emazteendako ez dut arrangura handirik, lehen biltzarrean berean eztabaida luze, aberats eta interesgarri bat piztu zen parekotasunaren itzulian. Jendea lotarazi zuen. Bai gizonek eta bai emazteek hartu zuten hitza, eta uste dut ontsa argumentatua izan zela. Bada bidea egiteko; ohartzen naiz ze emazte guti den, baina iruditzen zait bidea eginen dela. Gure herri ttipietan bada oraino bide luzea egiteko kontzientzietan. Ardura aipatu behar da jendeen buruetan sar dadin, eta gogoeta dezaten gai horretaz.

Laborantzaren arloan, irizpide azkarrak erakutsi dira lekuko ekoizpenei begira, energia berriztagarriei begira... Doi-doia abiatuak dira, eta bidea luzea da hor ere, baina norabidea behintzat badugu. Guri dagokigu aldarrikapenak aitzinerat eramatea, hiriko jendea ez baita beti ohartzen laborariaren bizia zer den. Gure ibarrean erraten dugu anitzetan hemen bizitzea eguneroko borroka dela. Laborantza ez da ofizio erraza: fisikoki zaila da, diru guti irabazten da, eta aitortza guti dugu oraino. Jendeak nahi badu bihar laborariak izan daitezen, gaurdanik lagundu behar dira.

Laborariak konkretuki laguntzeko, ahalak behar genituzke, besteak beste, langile batzuen pagatzeko. Urepelen badugu langile bat sei etxalderen artean, astean behin laguntzen gaituena; ez baitugu gehiago pagatzen ahal. Baliabideak ezarri behar dira oraindik goiti. Bestalde, badira gazte batzuk lurketa dabiltzanak, eta lagundu behar dira instalazio proiektuetan. Ez dakit dena elkargoaren esku den, baina irizpide azkarrak hartu behar ditu egoeraren hobetzeko.

Nola ikusten duzu elkargoa?

Biltzeko leku bat da, Ipar Euskal Herriko hautetsi guzien elkartzeko. Denetarik bada, hiriko jendea, mendikoa, barnealdekoa. Badira abokatuak, irakasleak, laborariak... Horrek ere badu erranahia. Tresna horretan sinesten dut, anitz gauza egiten ahal baitira horren bidez. Gure eginbidea da oreka zaintzea, denak ordezkatuak izan gaitezen: kostaldearen eta barnealdearen artean, baina baita lanbideen artean ere; oraindanik prestatzen baita biharkoa.

Biztanle anitzek urrun sentitzen duten egitura da.

Normala da. Hiru urte baizik ez ditu elkargoak, nini bat da. Urepelen, adibidez, makina handi bat balitz bezala ikusten dute, erabakiak hartuak diren leku bat bezala, boterea baduen leku bat bezala. Uste dute herriek ez dutela gehiago botererik. Baina ez da egia. Hautetsiok bitartekari izan behar dugu. Elkargoan bada sosa, herri ttipietan ez duguna, eta, beraz, proiektu batzuk aitzina eramaten ahal ditugu elkargoaren bidez. Herritarrak elkargora bideratu behar ditugu, eta alderantziz. Bien arteko harat-honatak ezinbestekoak dira, horrela baita biziko elkargoa. Konfiantza badut, baina landu beharko dugu hurbiltasun hori.

Indibidualismoak hartzen duen lekua ikusten dudalarik, motibatzen nau beti eta gehiago kolektiboki gogoetatzeko, lan egiteko eta obratzeko. Emekiago, baina urrunago. Elkargoa horretan kokatzen dut: kolektibotasunean.

Euskara guti entzuten da elkargoan.

Dudarik gabe Euskal Herriko hizkuntza euskara da. Badakigu frantsesak zer leku handia duen; kostaldean bereziki frantses anitz entzuten dut. Urepelen euskaraz bizi gara: herri kontseiluak denak euskaraz egiten ditugu, naturalki; ez bakarrik kontseilari batzuek kontzientzia badutelako, baizik eta denendako arrunt naturala delako. Elkargora joaten naizelarik, beste errealitate bat ikusten dut: anitz frantses entzuten dut. Baina galdea egina izan da itzulpen sistema plantan ezartzeko, eta gaskoiek ere galdegina dute. Ez da erraza izanen, baina borondatearekin lortzen ahal da.

Murgiltze sistemari buruzko mozioa ere izenpetu genuen. Gehiengo osoak alde bozkatu zuen, beraz, sentitzen da aitzinatze bat badela gai horri buruz. Euskararendako egin duguna gure historia da: ez dugu ahantzi behar. Ikastolen alde gose grebak izan ziren, lansaririk gabeko andereñoak... Orain euskararen gaia guretzen dugu; hautetsi guti ikusten dira euskararen kontra. Berri biziki ona da, erran nahi baitu herrikoitzen ari dela. Baina ez da aski ez kontra izatea, alde izan behar da. Euskarari zor zaion lekua eman behar diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.