Pirinioetan askatutako hartzek 20 ardi hil dituzte, gobernuaren esanetan

Nafarroako Gobernuak 132.000 euro erabili ditu «hartzaren presentzia abeltzaintzarekin uztartzeko». Zaintza lanak indartuko dituzte aurten

Sorita hartza. FIEP / PNP / RESEAU OURS BRUN.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Frantziako Gobernuak 2018ko azaroan bi hartz eme Pirinioetan askatu zituenetik, Nafarroako Gobernuak hamahiru erasoaldi erregistratu ditu herrialdean. Atzo, Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Itziar Gomezek parlamentuan adierazi zuen hartzek guztira 16 ardi eta lau arkume hil dituztela.

Nafarroako Gobernuak martxan jarritako hartzaren planak azken urtean eginiko ibilbidearen berri eman zuen Gomezek, talde parlamentarioen aurrean. Kontseilariaren esanetan, egitasmoaren xedea da «hartzaren presentzia eta abeltzaintza intentsiboa uztartzea». Besteak beste, kalte-ordainak pagatzen dizkiete hartzak kalte eginiko abeltzainei: 2018an, esaterako, 1.721 euro ordaindu zituzten bi hartzek hildako lau ardirengatik; 2019an, eraso gehiago erregistratu dira, eta kalte-ordaina ere handiagoa izan da: 4.493 euro, hartzek hildako hamabi ardi eta lau arkumerengatik.

Hartzaren planak 150.000 euroko aurrekontua du, baina horietatik 132.000 gastatu dituzte. Kalte-ordainez gain, geolokalizagailuak paratu dizkiete ardiei, «artaldeen ezohiko mugimenduak antzeman eta hartzen presentzia igartzeko». 42 gailu jarri dituzte guztira: artalde bakoitzeko bat edo bi.

Frantziako Gobernuak, berriz, hartzei paratu dizkie geolokalizagailuak. Animaliak zehazki non dauden adierazten du egunean behin aparatu horrek, eta, Nafarroako eremuan sartzen direnean, abisua ematen diete inguruko abeltzainei, SMS bidez. 120 abeltzain daude alerta zerbitzu horretan alta emanda. Kontseilariaren arabera, zaintza sistemak indartuko dituzte datozen hilabeteetan. Artzakurrak ere eman dizkiete abeltzainei, urtebeteko bazka ordainduta eta albaitaritza zerbitzua doan eskainita, eta, azkenik, bederatzi hesi elektrifikatu ezarri dituzte Zaraitzu eta Erronkari artean. Gomezen arabera, hartzek ez dituzte behin ere zeharkatu.

2020an ezarriko dituzten neurrien artean, bi neurri «esperimental» nabarmendu zituen Gomezek. Batetik, «harraparien aurkako lepokoak» jarriko dizkiete ardiei; bestetik, «hesi birtuala» ere jarri nahi dute: animalia batek hesia zeharkatzean, SMS bidezko abisua bidali eta foku bat piztuko da automatikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.