Koronabirusa

Babesa nolakoa den argitzen

Etorkizunak zer taxu izango duen iragartzeko, aldagai aski funtsezkoa da birusaren aurkako erantzun immunitarioa; garrantzitsua da nolakoa den argitzea, eta horretan ari dira.

Ikertzaile bat antigorputzak atzemateko testekin lanean. PEP MORELL / EFE.
arantxa iraola
2021eko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Guztiz dena inguratu duenez, garrantzitsua da jakitea zer-nolakoa den COVID-19aren aurkako erantzun immunitarioa, zer ezaugarri dituen. Beste hainbat eritasunetan gertatzen den eran, gaitza bera babes sortzailea da: COVID-19a gainditzen dutenek birusaren kontrako erantzun immunitarioa garatzen dute, organismoak horretarako duen berezko ahalmenaren bidez. Txertoak dira babesa emateko beste bide bat. Izurriaren neurriaz jabetu orduko, beste hainbat gaitz infekziosorekin izandako esperientziak oinarri,ikusi zen txertoa tresna garrantzitsua izango zela tunelaren beltzetik ateratzeko, eta hainbat eratakoak garatu dira hilabeteotan; guztiek, bakoitzak bere modura, erantzun immunitario seguru eta eraginkorrak sorrarazten dituzte.

Francisco Borrego immunopatologoa eta Biocruces Bizkaiako ikertzailea da, eta esplikatu du badirela zioak esateko behin infektatuta egon eta geroko erantzun immunitarioa, oro har, luzarorako dela: «Era globalean, infekzioa izan eta sei hilabetera ikertutakoen %95ek badute nolabaiteko memoria immunologiko bat». Txertoarekin ere babesa lortzen da, baina ñabardura egin nahi izan du, ez baita iguala: «Txertoaren bidez garatzen den immunitatea birusaren S proteinaren aurkakoa da, propio; infekzioaren osteko erantzuna zabalagoa da». Hala ere, txertoek gaitzaren eragina apaltzen dute; EMA Sendagaien Europako Agentziaren orain arteko datuak ardatz eta txertoa hartzen ari den jende guztiaren eboluzioari buruzko datu gero eta osoagoen zain, ikusi da %95-%60 arteko efikazia dutela txerto markaren arabera, eta Borregok geroan oraindik ere hobeak izango diren esperantza du: «Txerto berriek oraindik ere babes handiagoa eragitea espero da».

Hala ere, uste du noizean behin COVID-19aren aurkako txertoak jartzen jarraitu beharko dela: «Litekeena da gehiagotan ere txertatu behar izatea birusaren aurka erantzun sendo eta egokia izateko». Zein maiztasunekin? «Hainbat aldagaiaren araberakoa izango da hori. Adibidez, birusaren aldaeraren bat agertzen bada txertoen eragina urritzen duena, horrek eragina izango du. Txerto motei ere erreparatu beharko zaie; ARN mezulariaren bidez garatutako txertoetan, litekeena da oroimenezko dosi gehiago behar izatea». Oraindik, ordea, zaila da geroa argi irudikatzea. «Hainbat adituk diote gripearekin gertatzen denaren antzeko zerbait gertatuko dela: urtero, zabaltzen diren aldaeren arabera, txertaketa egin beharko da. Hala ere, espekulazioa da oraindik».

Asis Palazon ikertzaileak, besteak beste, erantzun immunitarioa aztertzeko ikerketak egin ditu CIC Biogunen, COVID-19a ardatz. Hainbat kontzeptu argitzea ezinbestekoa dela uste du, nahasteak eragozteko. Gaitza igaro eta denbora tarte baten ostean urritutako «antigorputzei» buruzko goiburuak irakurtzean, adibidez, adierazi du ez dela sobera arduratu behar: «Bada jendea, adibidez, urtebetera antigorputzak galdu dituena, baina ez da kezkagarria; antigorputzak garatzeko gai diren zelulak hor daude: horiek sortzeko gaitasunak iraun egiten du», azaldu du; «eta birusa berriz sartzen bada, berriz sor ditzakezu». Horrela, uste du berrinfekzioak «arinagoak» izango direla. Txertoen eragina ere hor da: «Guk txertoen arteko hainbat alderaketa egin ditugu. Denak dira oso eraginkorrak». Are, ez du pentsatzen behin eta berriz jarri beharko direnik. «Baikorra» da orain arte ikusi dituzten ikerketen emaitzei dagokienez: «Denborarekin, antigorputzak galdu egingo dira odolean, baina gaitzaren larritasunari aurre egiteko aski babes izango da». Hori bai, birusaren «aldaerak» izan daitezke arazoa: baliteke erantzun immunitarioari «ihes egiten» dakiten aldaerak agertzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.